Arrazoi politiko edo ekonomikoengatik migratzera derrigortutako dozenaka milaka lagun dabiltza europar edo amerikar “paradisura” iritsi nahirik, bidean bizitza uzteraino. Horrek gure jendartearen eta bere sistemaren egiazko aurpegia erakusten du.
Lotsagarria da ikusten ari garena: Aquarius ontziaren odisea; Lifeline-rena; Italiako eta Maltako portuak itxita; paperik gabeko migratzaileen seme-alabak gurasoengandik bananduta eta kaiolatan giltzapetuta AEBetan; Gibraltarreko itsasartetik paterak etengabe iristen… Eta honen guztiaren erdian politikariak eta gobernuak: batzuek setati uko egiten diote migratzaileak hartzeari, bestetzuek ez dakite zer egin, eta batez ere, Europar Batasunean bezala, ez dira ados jartzen migratzaileek eskubideak errespetatuko dituen migrazio politika ezartzeko. Joan den astean gailur murritza egin zuten, aste honetan orokorragoa iragarri dute. Baina ez da akordio bateraturik antzematen. EBn, defentsa politikarako eta inbertsio militarrerako –armagintzako lobbyekin eskuz esku– beti daude ahobateko akordio azkarrak. Migrazio politikarako, ordea, irtenbiderik ez dago. Mediterraneoa hobi komun bilakatzeak ez ditu hunkitzen, antza.
Jarrera hori logikoa eta koherentea da EBko herrialdeen globalizazio filosofiarekin: merkantziak eta kapitala mugi daitezke eta mugak gainditu inongo arazorik gabe; migratzaileek, aldiz, pertsonak izanik ere, ezin dute halakorik egin eta ez diegu uzten. Hori da hartzen gaituen sistema kapitalistaren bisaia! Desberdintasunetik eta injustiziatik elikatzen den sistema, migratzaileen jatorriko herrialdeen natur baliabideak arpilatzen dituena, eta sorrarazten dituen gatazketarako armen trafikoarekin etekinak ateratzen dituena.