Frantziako agintariak ere kriminalizatzen ari dira borroka sozialak

  • Atxiloketak, poliziek eragindako zauriak eta espetxe zigorrak ugaritu zaizkie Frantziako Estatuan pil pilean dauden mugimendu sozialetako partaideei, izan Notre-Dame-Des-Landeseko zadista ala unibertsitate okupatuetako ikasle, zabortegi nuklear erraldoi berri bati aurre egiten dioten militante edo arriskuan zeuden etorkin ilegalak aterpetu dituen herritar. Parisko agintariek, gainera, ohartarazi diete gero eta estuago hartuko dituztela, gaizkile elkarteentzako legea aplikatuz.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2018ko uztailaren 08a
Jean-Christophe Verhaegenen argazkian, Bure inguruan –Frantziako ipar-ekialdean– Mandres en Barroiseko oihana okupatzen zuten boluntarioetako batzuk. Agintariekin elkarlanean desjabetutako 15 kilometro koadroko gunean industria nuklearrak eraiki nahi du h
Jean-Christophe Verhaegenen argazkian, Bure inguruan –Frantziako ipar-ekialdean– Mandres en Barroiseko oihana okupatzen zuten boluntarioetako batzuk. Agintariekin elkarlanean desjabetutako 15 kilometro koadroko gunean industria nuklearrak eraiki nahi du hondakin erradioaktiboentzako lurpeko zabortegia, datozen 130 urteetan betez joango direna. Bureko ZADeko ekintzaileei poliziak eta epaileek ‘gaizkileen elkarteak’ zigortzeko legea aplikatu diete.

Hego Euskal Herrian bezala Espainian Mozal Legea aplikatu dizutelako Frantziako Estatura ihes egin eta aterpe eskatzea pentsatzen ari baldin bazara, aurretik atera kontuak. Disidentziaren kontrako jazarpenari dagokionez inoiz baino egiagoa da “hemen ere zakurrak hanka-hutsik” esaera zaharra.

Maiatzaren 26an Frantziako Estatuan ezkerreko jendeak Emmanuel Macronen politiken kontrako “marée populaire” [herri uholdea] burutzean zenbait hiritan liskarrak gertatu zirenean, Gerard Collomb Barne ministroak erantzukizuna manifestatzaile baketsuak ere egotzi zien: “Manifestatzeko eskubidea, oinarrizko libertate bat dena, bizirik atxiki nahi badugu, derrigorrezkoa da beren iritzia adierazi nahi duten jendeek era berean aurre egitea liskar sortzaileei eta ez, beren pasibitatearekin, gertatzen denaren konplize izatea”. Argi esanda: edo manifestatzaileak bihurtzen dira poliziaren laguntzaile, edo bestela konplize izanen dira eta zigorrak jaso ahal izango dituzte.

Edozein manifestatzaile atxilotuko ote dute konplize izateagatik? Azken hilabeteotan, ugaritzen ari dira manifestatzaile, aktibista eta ikasleen atxiloketa, galdaketa eta auziperatzeak. Azkena, eta sonatua, Bure inguruetan –Hexagonoko ipar-ekialdean– hondakin nuklearrentzako biltegi erraldoi bat eraikitzearen kontra ari diren militanteena.

Jendarmeen kontrola Bure inguruan. (Argazkia: La Croix)

Ekainaren 16an 3.000 lagun inguru bilduak ziren Buren protestan. 19 pertsona atxilotu zituzten poliziek eta horietatik bi epaileak espetxera bidali agenteen kontra bortizkeria erabiltzeagatik. Lau egun geroago, 20an, goizeko zazpietan hasita jendarmeek hamar etxe miatu zituzten Verdun, Bure, Commercy eta baita Parisen ere. Zortzi pertsona atxilotu zituzten, tartean militanteen abokatua bera, Frantzian batere ohikoa ez dena.

Étienne Ambroselli abokatuari, atxilotzeaz gain, ordenadorea bahitu zioten poliziek, esan nahi baita, daramatzan kasu eta bezeroen artxibo osoa. Bost egunez saiatu behar izan zuten abokatuen elkarteek epaileak materialok itzul ziezazkion. Vincent Niorék, abokatuen Parisko dekanoak –batonnier, frantsesez– kasuotarako izendatua daukan ordezkariak esan du: “Urteak daramatzat lan honetan (...) eta sekula ez nuen pentsatuko noizbait iritsiko nintzenik defenditu dudana bezalako kausa bat defenditu behar izatera”. Izan ere, ezer ez da berdin agintariak hasi direnetik gatazka sozialetan inplikatutako militanteei gaizkile elkarteen kontrako legedia aplikatzen.

Etienne Ambroselli Bureko ekintzaile antinuklearren abokatua epaitegitik irteten, aldarrikapenezko afixa eskuan. (Argazkia: Le Figaro)

Termometro adierazgarria da Bureko gatazka, Frantziako zabortegi nuklear handiena eraikitzen hasiak dira bertan, baimen guztiak lortu aurretik. Lurpean, 500 metroko sakoneran biltegi erraldoia antolatzeko desjabetu duten baso bat okupatu zuten duela bi urte ekintzaileek, Bureko ZADa sortuz. Joan den otsailaren 22an 500 jendarme bidali zituzten jendeak oihanetik ateratzera. Hiru asteko protestetan 25 pertsona atxilotu zituzten: haietatik bi oraindik espetxean daude baina gainerakoek ere presondegian bukatzeko arriskua dute, eta askoz gehiago daude edo eskualdera edo departamendura itzultzeko eskubidea kenduta.

Bureko basoaren hustea, orain ikusten da, entsegua izan zen hilabete batzuk geroago Bretainian Notre-Dame-Des-Landesen egingo zutenerako. 70 atxilotu zituzten hemen apirilean eta geroztik epaileek espetxe zigorrak banatzeari ekin diote, azkena bi urteko kondena ekaineko epaiketa batean.

Interes orokorra versus etxeko etsaiak

Uhin errepresiboa ez da ingurumenaren bueltako gatazken esklusiba. Maiatzaren 1eko manifestazioetan Parisen 200 lagun arrestatu zituen poliziak, horietatik 100 galdekatu eta 30 auziperatzeko. McDonald bat erasotu zutela eta, “txikizioak egiteko elkartea antolatzea” egotzi diete, Nicolas Sarkozyren garaian 2010ean onartutako lege aldaketan oinarrituta.

Maiatzaren 22an ikasleek Frantziako Estatu osoan antolatu zituzten protesta eta itxialdietako batean, Parisko Arago lizeoan, poliziek 100 ikasle atxilotu zituzten, horietatik 40 adin txikikoak, hauei ere Sarkozyren legea aplikatuz. Baina ez dago zertan ezer txikitu edo okupatu beharrik Estatuaren hatzaparra zaman sentitzeko, paperik gabe muga inguruetan ezin bizirik dabiltzan etorkinei laguntzen dieten jendeek beren larruan frogatu dutenez.

Maiatzean bertan Martine Landry Amnesty Internationaleko kidea epaitu dute, adin txikiko bi gaztetxori muga zeharkatzen laguntzeagatik. Maiatzean epaitu dituzte “les trois de Briançon” ere, hiru boluntario suitzar eta italiar Alpe mendietako mugan etorkinen alde mobilizatzeagatik. Association en bande organisée delitua egotzita, hamar urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiekete. Bitartean, hiru auziperatuen aurka eskuin muturreko jende xenofoboek lasai ederrean egin zuten manifestazioa...

Gizarte mugimenduen eta disidentziaren aurkako jazarpenen zerrenda osoa askoz luzeagoa da. Jean-Jacques Gandini Frantziako abokatuen lehendakari ohiak honela ikusi du uholdea: “Azken hamar urteotan mugimendu sozialen gaineko errepresioa gero eta gogorragoa da. Lege gero eta errepresiboagoak liskarrak baretzeko aitzakiarekin erabiltzen dira mugimendu sozialaren kontra. Hala gertatu da lege antiterroristekin ere, azkenean hori aplikatu zaie 2015ean Klimaren Gailurrean manifestatu zirenei bezala Lanaren lege berriaren kontrarioei”.

Kode penal frantsesaren 450-1 artikulua kokatzen da Parisek Napoleonen garaietatik matxinadak pertsegitzeko antolatutako legeetan. 1983an Robert Badinter Justizia ministro zela, Mitterrandekin, ezabatu zuen association de malfaiteurs delitua, baina hiru urte geroago Chiracek ezarri berriro, atentatu terrorista batzuen estakuruz.

Sarkozy presidenteak gogortu zuen legea 2010ean, aprobetxatuz Tarnac afera, estatua hankaz gora jartzeko atentatu hilgarriak ere egiteko prestatzen ari omen ziren militante anarkista batzuen atxiloketa. Omen azpimarratu dugu, zeren eta hilabeteak aurrera ahala ustezko konspirazio anarkista hura deusetan geratu baitzen; funtsean izan zen Michele Alliot-Marie ministro lapurtarrak antolatutako operazio politiko-mediatikoa. Baina kaltea egina zegoen: edozein motatako disidentzia zigortzeko bidea zabaltzea.

Komunikazioen kontrolak, komisaldegira behin eta berriro deitzeak, miaketak... gero eta estuago bizi dira disidenteak Frantzian ere, etsaiaren zuzenbide penalaren mende, zaku berean sartuta terroristak, laguntzaileak, protestalariak, legez kontra iritsitako etorkinak... Kanpoko edo etxeko, etsaiak denak, legearen bermerik merezi ez dutenak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herri mugimenduak  |  Frantzia  |  Kontrol soziala

Herri mugimenduak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-17 | Euskal Irratiak
Larrun 2020 proiektuaz informazio gutti eta komunikazio eskasa salatu dute

Trenbideetako langileak eta Larrun ez hunki kolektiboko kideak Saran mobilizatu dira ostiral huntan elkarrekin salatzeko Diruaren erabilpen txarra, zerbitzu publikoaren galtzeak eta Larrun 2020 proiektuaren kontra.


2018-07-16 | Topatu.eus
Errekaleor margotzeko auzolanera deitu dute uztailaren 23tik abuztuaren 3ra

Auzolanean parte hartzen dutenek Errekaleorren gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko aukera edukiko dute, baita auzoan lo egitekoa ere, espazio komun zein kanpin dendetan. Izena emateko auzolanaerrekaleor@riseup.net helbidera idazteko eskatu dute.


2018-07-16 | ARGIA
Caceres garaile hil ondoren
Agua Zarca urtegi proiektua bertan behera utzi dute

Hondurasen, sikarioek tiroka hil eta bi urte beranduago irabazi du borroka Berta Caceres ekintzailek: FMO Holandako Garapenerako Bankuak eta FINNFUND Filandiako Industria Elkarlanerako Funtsak jakinarazi dute bertan behera utzi dutela Gualcarque ibaian eraikitzekoak ziren urtegia eta zentral elektrikoa. Horien kontrako borrokan aritzeagatik errepresaliaz hil zuten Caceres. 


2018-07-16 | Hiruka .eus
Ventimigliako manifestazio jendetsuan parte hartu du Mugak Zabalduz Karabanak

Italiako, Frantziako eta Mugak Zabalduz Karabanako 4.000 pertsonatik gorak parte hartu zuen atzo Ventimiglian (Italia) egindako nazioarteko manifestazioan. Horretan, migranteek europar bizileku-baimena eskuratu ahal izateko eskubidea aldarrikatu zuten, besteak beste.


'Magdalenak', neska bekatariak zigortzeko makinaren biktimak

1996an itxi zuten Irlandako azken Magdalenen garbitegia, ustez bide okerretik abiatutako emakumeak moja katolikoen agindupean zerratuta  lan derrigortuan edukitzen zituen komentu-lantegia. Ingelesekiko gatazka armatuaz bezala apaiz katolikoek haurren kontra erabilitako bortxaz, oroimen historikoan bide luzea egina du Irlandak azken urteotan, baina justizia egin ezinik dabil mende luze batez elizak estatu independentearen laguntzaz emakumeei eginiko zanpaketaz.


2018-07-15 | Amaia Lekunberri
Iruńeko mugimendu feminista
Jaiak plazeretik borrokatuz

2016ko Sanferminetan bost gizonezkok emakume bat taldean bortxatu zutenetik, hedabideek tarte zabala eskaini diete ‘La Manada’ izenez bataiatu duten kasuaren nondik norakoei. Beste behin, informazio kantitatea eta kalitatea ez dira eskutik joan ordea, eta kasuari egindako jarraipena desegokitzat jo dute askok, Iruñeko mugimendu feministak eta herri mugimenduak adibidez.


2018-07-15 | Xabier Letona
Laura Berro. Iruńean, berdintasunaren talaiatik
"Iruńeko Udal Gobernu Taldea nahiko feminista da"

Uztailaren 4ko goizean zazpi graduko lurrikara izaten ari zen Iruñeko Udaletxean elkarrizketa egiten ari ginen bitartean. Bere bulegoa, ordea, bare-bare zen artean. Eguerdian jakin zen albistea: Aranzadi eta Ezkerra Udal Gobernutik kanpo ziren. Aranzadiko zinegotzia da Berro eta Berdintasuna eta LGTBI saileko arduraduna zen elkarrizketa egiten ari ginen bitartean. Dagoeneko oposizioan da.


Kiropraktika
Garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea

Bizkarrezurra da nerbio sistema babesten duena, garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea. Jakitun ez garen arren, edozein osasun arazoren iturburua izan daiteke. Hala kontatu digu Xabier Mendiaraz kiropraktikoak.


FIFAk telebista kateei eskatu die "emakume ederrak" apropos ez enfokatzeko

Federico Addiechi-k, diskriminazioaren aurkako eta aniztasunaren FIFAko arduradunak, 45 eraso sexista egon direla jakinarazi du, horietatik hamabost emakumezko kazetarien aurkakoak izan dira.


Manifestazioak Bruselan NATOren goi-bilkuraren kontra

Goi-bilera ostegunean bukatuko da eta 3.500 polizia eta 900 militarrek babestuko dute. Hiriaren erdialdea saihesteko esan dute goi funtzionarioen joan-etorriak errazteko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude