"Talde bat izatea musika egitea baino askoz gehiago da"

  • Han eta hemen jarri ditu dantzan Koban taldeak elektroswing doinuetara ohitu gabeko gerriak. Udako agenda ere kontzertuz josia dute dagoeneko. Bien bitartean, mimoz landu duten izen bereko diskoa kaleratzeko tartea ere izan dute. Bertan jaso dute hiru urteko ibilbidean sortu, moldatu eta birmoldatu duten abesti sorta. Horren aitzakian izan gara haiekin, ostegunero egiten duten entseguetako bat baliatuta.

Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernan lehen kontzertua eman zutenetik, Rekalde auzoko entsegu lokalean batuko garen gaurko egunera bitartean, asko aldatu da Koban. Taldekideak, abestiak, baita elkartzeko duten txokoa ere. Nekropolia abestiari omen eginez-edo, tanatorioaren atzealdean dute beste bi talderekin elkarbanatzen duten entsegu-lokala: Kobanen koba. Entsegutik bezainbeste asanbladatik duen zitan voyeur eta entzule izatera gonbidatu gaituzte, baina aurrez, taldeko hiru kiderekin jarri dugu hitzordua, elkarrizketa giro lasaiagoan egiteko: 18:00tan Añorgako Jolas Etxean.

Garagardo, kafe eta infusioz inguratu ostean, grabagailua piztu eta Elixabete Berazak hartu du lehen hitza. Bera da batu garenon artean taldearen hastapenak bizi izan zituen bakarra. Lehenengo hiruzpalau abestiak prestatzen ari zirenean batu zen taldera, orain hiru urte. 2016aren ataritan, Kortxoenea eraitsi eta Tabakalera ireki zuteneko garaiak ziren. Giro aldrebestua taldekide askoren habitat naturala diren Gros eta Egia auzoetan. Koban osatzen zutenak Lide Hernando, Onintza Rojas, Jon Horna, Esti Beraza eta Asier Beramendi ziren orduan. Bigarren korista gisa sartu zen Elixabete Beraza, gerora pianora igaro bazen ere. Garai haietan “oso berde” zeudela gogoratzen du, baina ilusiorik ez zitzaiela falta. “Garaje batean entseatzen genuen, hotzez, oso baldintza txarretan, baina ikusten genuen kantek indarra zutela, eta gogoa pizten zigun horrek. Musika taldea baino gehiago, lagun taldea ginen”.

Aldaketa asko etorri ziren gero. Lehena Joseba Salbide taldera batzea izan zen. Bere eskutik oinarri elektronikoa gehitu zioten aurrez landutako kantei, elektroswing etiketa zabalera definitiboki hurbilduz. Baina gehiago ere bai: Maddi Gerriko hasi zen koroetan, Jon Hornak eta Asier Beramendik taldea utzi zuten, eta Lide Hernandok erabaki zuen bere indarrak Liher taldean jartzea. Ordurako nolabaiteko sona hartua zuen Kobanek –tartean, Gazte Akelarreko kanta egina zuten– baita han eta hemen jotzeko eskaintzak jaso ere. Taldekideak falta ordea. Koban osatu eta haize freskoa emango zioten kide berri bila hasi ziren orduan. Hala batu ziren Rakel Arenaza eta Jone Laspiur ahotsetan, baita gitarra-jotzaile lanetan Xalba Ramirez ere.

Ikasketa etengabea

Taldera momentu kaotiko xamarrean sartu zirela gogoratu du Jone Laspiurrek: “Nik jaso nuen mezuak zioen behar zutela abeslari nagusi bat, tarteka korista lana ere egingo zuena, baina ez zuena beti abestuko”. Modu bertsuan hasi zen Rakel Arenaza ere: aurrez lotuta zeuden lehenengo kontzertuak ahal bezala salbatu zituzten, eta pixkanaka aurkitu dute euren tokia taldean. Hala ere, taldekideen arteko konexioa oso erraza eta azkarra izan dela dio: “Gure harremana oso modu naturalean garatu da, hasierako taldekideen eta berriagoen artean bereizketarik egin gabe”.

Kobanera batzea erraza izan bada, talde osoa ikasketa etengabean murgilduta dagoelako dela uste du Arenazak. “Asko lehen aldiz ari gara antzerako talde batean, edo lehen aldiz orain dagokigun instrumentua erabiltzen. Denok batera ari gara ikasten eta gaitasunak garatzen”. Laspiurrek eta berak ahotsari neurria hartzeko lan handia egin behar izan dute esaterako, koroak egiten ikastea “dirudiena baino zailagoa” baita. Arenaza sintetizadorea erabiltzen ere ari da ikasten. Taldea “hasiberria” etiketaren pean babesteko tentaziorik ez dute izan ordea. Exigenteak dira euren buruarekin, eta dozenaka entsegu ordurekin zein banakako lanarekin ordezkatzen dute urteen esperientzia. Ikusi dituenak badaki, hobekuntza kontzertuz kontzertu antzematen zaie.

Mimoz landutako diskoa

Kobanen elektroswingaren ezaugarrietako bat dantzagarritasuna da, oso da musika aproposa jai-giro eta antzekoetarako. Zuzeneko indartsua dute, eta hor sentitzen dira erosoen, hori da haien espazio naturala. Diskoa osatzeko erronkari heldu diotenean ordea, ez dira udan festaz festa aritzea baimenduko dien grabaketa azkar batekin konformatu. Mimoz, arduraz eta hiru urtean egindako lana erakusteko gogoz osatu dute taldearen izen bera daraman lana. Hainbeste non, lehenengo saiakera bertan behera utzi eta lanketa sakonago bat egitea erabaki zuten: abesti guztiak birpentsatu, instrumentuen parte-hartzea orekatu… Gainontzeko abestien kontrapuntua izan daitekeen kanta motelagoa (Klimax gaiztoa) ere diskoan gehitu dute. Hala azaldu du Berazak: “Sentsazioa genuen jendeak bazuela interesa, baina guk bagenekien oraindik lan asko egin behar genuela maila emateko. Azkenean, esfortzu askorekin, hartu diogu neurria, eta oso pozik gaude”. Diskoa sortzea bera ere ikasketa prozesu etengabea izan da eta bolada batez, taldekide batzuen bigarren etxea izan da Arrasateko Shot! estudioa. Ander Barriuso izan dute ezinbesteko aliatu. Arenazak azpimarratu duenez, berari esker abestiak borobildu egin dira estudioan. “Koroekin lagundu digu batez ere, eta kororik gabe, disko hau ez litzateke ezer”. Pena bakarra dute: haiek grabaketa amaitu eta gutxira estudioaren zati batek sua hartu zuen, kalte handiak eraginez. Zuloari buelta emateko ekimenen bat antolatuko dela espero dute, eta izango dutela beren alea jartzeko aukera.

Lehen lerroa gurea da

Diskoa osatzen duten kanten hitzek arreta merezi dute. Badira ipuin formakoak, badira metaforikoagoak, baita aldarrikapenez kargatutakoak ere. Taldeko kideen eguneroko arazoak abestietara eramaten ahalegintzen direla dio Rakel Arenazak. E.E.I.E kantaren hitzez ari ginela atera da bestela ere jorratu beharrekoen artean apuntatua zegoen gaia: feminismoarena. “Ez gatoz apur eske, lehen lerroa gurea da”, dio kantaren aldarriak. “Abesti feminista bat egin nahi genuen, baina ez genuen osatu nahi esaldi prefabrikatuekin edo diskurtso hutsal batekin. Gu, emakume bezala eta talde bezala, identifikatuta sentitzeko moduko kanta zen nahi genuena”. Asmo horrekin bildu ziren taldeko emakume guztiak, ideia zaparrada bat egiteko. Hori oinarri hartuta Rakel Arenaza eta Onintza Rojasek osatu dute letra, Izar Mendiguren bertsolari eta kazetariak lagunduta.

Taldeko zazpi kideen artean, bost dira emakumeak, eta eszenaratzean protagonismo nabarmena izateaz gain, jarrera sendo eta indartsua erakusten dute. Horren atzean hausnarketarik badagoen galdetuta, ez daude erabat ados: bai eta ez. Jone Laspiurrek dioenez ez da oso kontuan duen zerbait: “Emakumeak gara eta halakoak gara. Ezinezkoa litzateke gauzak ez horrela egitea, oso modu naturalean egiten dugu”. Elixabete Beraza aldiz, Kobanen egindako ibilbideari esker ohartu da emakume asko dituzten edo ez dituzten taldeen artean dagoen aldeaz. Neurri batean, erreferente bat edo adibide bat bihur daitezkeela uste du, eta oso serio hartzen du ardura hori. “Eszenatokian indarra erakutsi behar dugula uste dugu, baina aldi berean, halakoak gara, berezkoa dugu indar hori”. Emakumeei bizitzako alor askotan gertatzen zaizkien antzeko egoerak oholtzan ere gertatzen zaizkiela uste du Laspiurrek, eta indarra erakustea badela egoera deserosoei aurre egiteko modu bat: “Indar hori erakutsi behar izan dut zenbait egoerari aurre egiteko, bizitzako beste alor askotan egin behar izan dudan modu berean”.

Asanblada musikatua

Hizketagaiak agortu zaizkigunerako 19:30ak pasa dira jada. Rekalde rock-eko lokalean zain ditugu beste taldekideak. Kotxean egin dugu bertarako bidea. Pianoa dela, sintetizadorea dela… Apenas kabitzen gara denak entsegu-gelan, baina moldatu gara azkenerako. Hogei bat minutu behar izan dituzte elkarri huntaz eta hartaz galdezka aritu ondoren, nork bere instrumentua edo txokoa atontzeko. Iragarria ziguten lehenago ere: “Gure entseguak asanblada ere izaten dira”. Baina jakinaren gainean egon arren, deigarria da abestiak zein bizirik dauden ikustea. Bigarren kanta jo orduko gutxienez hiruzpalau kontu eztabaidatu dituzte: klaketa dela, bigarren ahotsa dela…

Bistan da egia dela Jolas-Etxean kontatutakoa: erabaki garrantzitsuenak denen artean hartzen dituzte, nahiz eta, tartean behin, lan batzuk delegatu ere egiten dituzten. Elixabete Berazak aitortu du denbora asko pasatzen dutela erabakiei forma ematen, baina gustatzen zaio formula. “Proiektuaren jabe sentitzen zarenean, erantzukizunak eta eginbeharrak arinago egiten zaizkizu. Lider oso argi bat egongo balitz eta gainontzekoak bere laguntzaileak bagina, gogo gutxiagorekin egingo genuke egiten duguna”. Bat dator Rakel Arenaza ere: “Ordu asko ematen ditugu batera, eta gure artean ondo moldatzeko modu onena hori da, denoi eragiten diguten erabaki potoloak denon artean hartzea”. Kobanen egiten dutena militantziarekin konparatzeko modukoa iruditzen zaio Jone Laspiurri, edo hala bizi du behintzat. Berazak borobildu du hausnarketa: “Talde bat izatea musika egitea baino askoz gehiago da”.

Jarraitu dute kantaz kantako errepasoarekin, nola ez, eztabaidarako tartea irekita utzita. Arreta deitzeko modukoa da: kide guztiek hartu dute hitza, lehenago ez bada, geroago. Hori baino deigarriagoa da beste hau ordea: entseguetan ere, (ia) inor begira ez dagoenean, dantzan egiten dute. Ba ote da talde baten osasun onaren sintoma nabarmenagorik? Gu ere dantzan hasteko arriskua sumatuta, taldekideak (behingoz) lasai utzita, joatea erabaki dugu. “Kanta onenak datoz orain” ohartarazi gaituzte, baina eutsi diogu tentazioari. Hastear da uda: nahi duenak plazatan aurkituko ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koban
Eguneraketa berriak daude