Katekistak eskolatik at

“Nolanahi ere, ikastetxe publikoetan emango den hezkuntzak etika kristauaren balioak errespetatuko ditu”. Astakeria hori esanez hasten da Espainiako Erresumak eta Vatikano Hiriak 1979aren urtarrilaren 3an sinatu zuten konkordatua.

Astakeria hori jasotze hutsa nahikoa arrazoi da konkordatu hori bertan behera uzteko. Baina beste zenbait harribitxi ekar genitzake hona: “Hierarkia eklesiastikoari dagokio erlijio katolikoko irakaskuntzaren edukiak zehaztea, baita irakaskuntza nahiz trebakuntza horiei dagozkien testuliburuak eta material didaktikoak proposatzea ere”. Beste bat: “(…) erlijioa irakatsiko dute eskola-urte bakoitzerako agintari akademikoek izendatzen dituzten pertsonek, zeinak elizbarrutiko ordinarioak irakaskuntza hori emateko proposatzen dituenen artean aukeratuko diren”. Alegia: gotzainek aukeratu, eta gobernuak kontratatu (eta diru publikoarekin ordaindu, noski). Horrela, “bekatuan bizi” direla iritzita gotzainak hurrengo ikasturterako proposatzen ez baditu, gobernuak ezingo ditu kontratatu. Bidegabeko kaleratzea izango denez (hainbatetan gertatu da horrela), langileari kalte-ordaina eman beharko dio… gobernuak, ez gotzainak.

Gehiago: “Estatuak bermatu egingo du eliza katolikoak irakaskuntza-ikastaro eta beste erlijio-ekintza batzuk antolatu ahal izango dituela unibertsitate publikoetan, horretarako azken hauen gelak eta baliabideak erabiliz”.

Eta azkena, konkordatu berekoa baina hedabide publikoei buruzkoa: “Erlijio- eta adierazpen-askatasunen printzipioak babestuta, Estatua arduratuko da bere hedabide sozialetan katolikoen sentimenduak errespeta daitezen eta, horretarako, Espainiako apezpiku-batzarrarekin gai horiei buruzko beharrezko hitzarmenak sinatuko ditu”.

Premiazkoa da gobernu sozialista berriak Espainiako Erresumaren eta Vatikano Hiriaren arteko konkordatua berehala salatzea. Hori egindakoan, beste zenbait erlijiorekin sinatutako akordioak ere bertan behera utzi ahalko dira, arazo barik, erlijioak eskolatik kanpora gera daitezen

Konkordatua legea da Espainian, estatu subirano biren arteko ituna delako, eta hainbat pribilegio ematen dizkio “Erlijio katolikoa” ikasgaiari. Esterako, praktikan bera izatea gutxieneko ikasle-kopururik behar ez duena. Nahikoa izan ohi da ikasle bakarra, irakasgaia emango dion irakaslea kontrata dadin.

Oker ez banago, Gobernuaren ekimenez sala daiteke nazioarteko akordio bat, gero Kongresuak berretsi beharko badu ere. Hori gertatu eta urtebetera baliogabetzen ei da nazioarteko akordio hori, orduan uzten dio lege izateari.

Beraz, premiazkoa da gobernu sozialista berriak Espainiako Erresumaren eta Vatikano Hiriaren arteko konkordatua berehala salatzea. Hori egindakoan, beste zenbait erlijiorekin sinatutako akordioak ere bertan behera utzi ahalko dira, arazo barik, erlijioak eskolatik kanpora gera daitezen.

Eta erlijio irakasle hiru aldiz pribilegiatuak langabeziara bidali gura ez badira, eman dezatela “Erlijioen historia” hautazko ikasgaia, zeina gainerako ikasgaien baldintza akademiko eta laboral berberetan antolatu beharko den.

Irakasle hiru aldiz pribilegiatuak esan dut. Lehenengo pribilegioa, gainerakook itxita daukagun ate txikitik sartzea funtzio publikora: gotzainak ematen duen baimena lortzea ez dago guztion eskura, erabaki arbitrarioa da. Bigarren pribilegioa, ikasle bakarrari ere eskolak ematea, gainerako hautazkoetan 15 behar direnean. Hirugarren pribilegioa, horrela lorturiko puntuak hezkuntzako edozein zerrendatan erabili ahal izatea, zerrenda horietako irakasle arruntoi aurrea harturik. Ez dut sinesten ELAk, CCOOk, UGTek eta LSBek hori ez dakitenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Juan Maria Uriarte hil da, Donostiako gotzain emeritua

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan parte hartu izan zuen hainbat urtez Donostiako gotzain izandako Juan Maria Uriartek. Larunbatean zendu zen Basaurin.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


Elizak matrikulatu gabeko 3.000 ondasunen jatorria ikertu nahi du Nafarroako Gobernuak

Ondasunak identifikatu ostean, erreklamazio eta berreskuratze prozesua hasiko du aurten, eta udalerriei laguntza eta babesa eskaintzeko bulegoa sortuko dute.


Eguneraketa berriak daude