Hiru kexa denbora gutxian

Antton Olariaga

Hiru kexa bidali nituen oso denbora gutxian. Zehatza izateko lauzpabost hilabete barne gertatu zen dena, agian lasterrago.

Hiru kexa igorri nituen, ttanttaka, haserretzen ninduten dokumentuak jasotzen nituen arau: euskal hitzik batere ez, edo sinbolismoaren mailakoak zituzten komunikazio euskarriak jasotzen nituen ber, zehatza izateko gomita bat, berripaper elektroniko bat eta luxuzko magazin koloretsu bat, preseski masiboki herritar orori helarazten zaizkien horietatik batzuk, milaka aletan inprimatzen diren horiek berak.

Herriko Etxera bidali nituen. Ene herrikora, baina beste edozein herrikoa eta beste edozein egitura publiko izan zitekeen, dudarik gabe, ez baititu gureak erru guziak. Gerta zitekeen ere lehenago egin izana, ez dakit zergatik orain, segur aski ase naizelako, hitzemandako eta beti noizbait agertu beharreko aldaketaren zain egoteaz aspertu naizelako.

Herri honetan bizi naiz, hemen dut bozkatzen, hemen ordaintzen zergak, hemen lan egiten, hemengo ikastolan dira haurrak, hemengo aisialdi eskaintzaren erabiltzaileak gara, hemengoengana noa zerbait behar dudanean. Eta zerbitzu elebakar kronikoarengandik espero dudan gauza bakarra da euskal hiztun honengatik, noizbait, zerbait egin dezan, gutxienez komunikazio euskarrietan eta noizean behin egiten diren asmo adierazpenetan, ofizialki deliberatzen diren neurri eta norabideak errespeta daitezen. Ez da hainbestekoa: elebitasuna eskatzera ez gara ausartzen aspaldian, gutxiagorekin ere konforma gaitezkeenak gara.

Omen, pazientzia eskasekoak gara batzuk; sistema luzea da aldatzeko, ez dira hainbeste urte pasa eta jadanik aitzinamenduak badira. Bai, egia da, badira, baina begi-bistakoak ez dira eta gehienak ez adierazgarriak. Sistema administratiboa oztopoz, borondate txarrez eta inertziaz betea da. Maketazioa konplikatua litzatekeela ere entzunen genuke, berdin. Kritikatzea bera ere ez omen da gustu onekoa, urrats ñimiñoak lirateke azpimarratu behar.

Gogorra da kritikatua izatea, gogorragoa da bizitzea frustrazio isilean. Ez da zenbatuta datorrena baina errealitate haztagarria da, ez da inpresio bat: euskaldunok ez dugu gure hizkuntzan gauzak jasotzeko aukera anitzez gehiago duela bost edo hamar urte baino! Zirkuitu informatibo eta kulturaletik kanpo gara oraindik. Hemen hizkuntzek borroka egiten dute eta euskaldunok trintxeran dugu ohiko lekua.

Diskurtso moñoñoek ez didate gehiago zirrararik pizten. Erraiten ahalko dugu neurriak, baliabideak, politikak badirela, sinesten saiatzen ahalko gara hiztunen galera gelditu dela –bistan dena, sangratzea nahikoa izan delarik hamarkadetan zehar, gaur galtzeko deus gutxi dugula–, euskara hil zorian da. Zer geratuko zaie gure haurren belaunaldikoei, ez bada hizkuntza partzial, pobre, arraro bat? Zenbat Euskaraldi, Deiadar, hitzarmen beharko dira konkretuki aldaketa nabarmen bat gerta dadin? Zenbat egitura eta aurrekontu, urgentziari erantzun bat emateko?

Badakigu kexa soilek ez dutela deusetarako balio, oldarkor izateak kontrako temak indartzen besterik ez dituela. Hots, ez dugula lagunik egiten bide honetan. Berdin zait, besterik zer egin dagoeneko? Jokamolde batzuek salaketa publikoa dute merezi, besterik gabe, nahi eta ahal den lekuan: hemen, zutabeetan, sare sozialetan, foroetan.

Xinaurri lan desatsegin horretan segituko dut, ez baitut beste erremediorik. Hiru kexa igorri nituen eta ez da deus gertatu. Pentsa: ez dut erantzun mikorik jaso.

 

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude