argia.eus
INPRIMATU
Norberaren kirol lorpenetan familia agertzea
Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2018ko ekainaren 20a

Orain bizpahiru urte Kilian Jorneten biografia irakurtzen ari nintzela, memento batean bere gorputza muga eta muturreraino eraman zuen proba batean, amore ematear zegoela, bere barne-pentsamenduak azaltzen zituen: “Amaitu behar dut, nire familiagatik” –helmugan zain zeuden–. Nire lehen hausnarketa: “Baina familiak zer eskatu dizu ba? Norena da behar hori? Zer da zehazki demostratu behar dena?”. Zer pentsarazi eman zidaten hitz haiek. Norbere kirol lorpenetan familia nahasteko beharrarekin zer ikusia duena. Meloia irekitzera noa.         

Lehenik eta behin, ez dut ukatuko gure bizitzan erdiesten ditugun arrakastetan gure inguruko senideek eragina izaten dutela, nola edo hala, haien laguntza eta babesa adieraziz. Alabaina, zein neurritan egotzi behar dira aipatu lorpenak familiari? Are gehiago, zergatik sentitzen dugu bizipen hori publikoki adierazteko beharra? Eta zergatik dago azaleratze hori kirol arloan beste edozein arlotan baino normalizatuago eta onartuago?

Azkenaldian hainbat kirolariri egindako harrera, omenaldi edo aitortza ekitaldietan, asko familiaz inguraturik ikusi ditugu. Kirolari profesionalen kasua beste edozein lanposturekin alderatzen badugu, ez litzaiguke oso normala irudituko erretiro mementoan familia osoa ospakizunera joatea. Ala bai? Eta gure familiaren harrotasuna berbera izango al litzateke? Edo ez? Agian soilik kirolarien kasuan egiten du familiak benetako esfortzua, esker on publikoa merezi duena?

Eta familia azaltzeko modua kirolariak aukeratzen duenean? Esaterako, txapelketa bat irabazi, haurrak besoetan hartu eta milaka pertsonaren begirada eta oihuen artean jartzea. Honegatik isuna jaso dute hainbat kirolarik. Edo lasterketa bateko azken metroak seme edo alaba besoetan hartuta egiteko behar edo usadioa? Zein da irudi horren esanahia? Haurra garaikurra da? Haurrengan norbere harrotasuna proiektatzen ari da? Familiarekin poztasun mementoa elkarbanatu nahia? Aita edo ama konprometitua dela publikoki adieraztea? Kirolari eta aita edo ama izateak dakartzan zailtasunak esfortzuz uztartuta lorpenak ospatzeko modua da? Horiek guztiak batera? Bat bera ere ez?

Egungo gizartean haurren irudia, norbere intimitatea eta pribatutasuna gorde nahiak, sare sozialetan norbere bizitzaren etengabeko erakusketa publikoarekin egiten du topo aurrez aurre. Beraz, zerk eramaten gaitu kirolean beste arloetan azaltzen ez ditugun jokabideak azaltzera? Zergatik irizpide ezberdina aplikatu? Eredu eta heroi kontzeptuak nahasten ari gara? Zein da norbere kirol lorpenetan familia agertzeko edo erakusteko arrazoia?