argia.eus
INPRIMATU
Milazuloaren hiztegia
Jakoba Errekondo 2018ko ekainaren 21
Landare honek (Hypericum perforatum) izen asko du gurean, eta denek dute bere arrazoia: Milazuloa, San Joan belarra, ausiki-belarra, hosto argala, epai-belarra, erle-belarra, likurusa, bihoztxo, Santio-belarra... Argazkia: st_johns_wort

Milazuloa (Hypericum perforatum) deitzen dugu guk; ia mundu osoak San Joan belarra; izan ere, apiriletik irail arte loretan topa badezakegu ere, batez ere urteko egun luzeenen inguruan loratzen da. Izen asko du gurean, eta denek dute bere arrazoia, nola ez ba! Milazulo deitura hostoetatik datorkio; izan ere, ugari-ugari zulatuta bezala, argiak zeharkatzen dituen puntuz josia dago. Milazulo bezala milazilo, milasilo eta milaxilo ere deitzen zaio. Portugesez milafurada eta frantsesez millepertuis deitzen dute. Horixe bera adierazi nahi du izen zientifikoan daraman perforatum horrek.

Ausiki-belarra ere bada milazuloa. Zulo itxurako zeharrargi une horiek koska edo hozka eginda sortuak izateko itxuragatik ote?

Hostoetatik ere badatorkio beste izen bat: hosto argal. Hosto luzexkak ditu txortenik gabeak, kamutsak eta binaka enborrean aurrez aurre kokatuak.

Epai-belarra ere deitzen dugu. Izan ere, sendabelar ezaguna da, eta epaiak, hau da ebakiak eta zauriak sendatzeko erabiltzen da.

Erle-belarra ere esaten zaio. Kontuz, ordea; izan ere, izen hau ezkaia (Thymus vulgaris) deitzeko ere erabiltzen da. Erleak (Apis mellifera) gustukoa du, baina baita baratzeko erlastarrak (Bombus hortorum), lurreko erlastarrak (Bombus terrestris), Eristalis tenax euliak eta Calliphora erythrocephala haragi-euliak ere. Itxuraz, nektarra baina batez ere polena bilatzen dute bertan.

Likurusa eta likurusna ere deitzen zaio. Lakoizketak bere 1888ko hiztegian dioenez, likur (likido likatsu) eta usna (usnatu-ikertu-arakatu-erauzi) hitzetatik letorke, landare honekin egiten den olio edo aterakin sendagaia dela eta.

Bihoztxo ere deitzen dugu, gaztelerazko corazoncillo izenaren itzulpena?

Santio-belarra ere deitzen da. Itxuraz, Santio –batuera euskaltzaindikoan Santiago– egunez etxeko atarietan jartzen zen. Sendabelar sonatua da, eta belar majikotzat ere jotzen da; deabrua uxatzen duela esan ohi da. Gazteleraz, espantadiablos eta gaskoieraz caça diable esaten diote.

Sustraitza handia duen belarra da, baita gurean ere.