Heteroklitoaren separata


2018ko ekainaren 24an
Cathay. Ezra Pound. Susa, 2018

Orrialdeotan esan genuen azken iruzkinean ere: Susakoen Munduko Poesia Kaieren bildumara iritsi behar zuen halako batean Ezra Poundek (Hailey, Idaho, 1885–Venezia, 1972). Luigi Anselmik prestatu digun bigarren ustekabekoa bakan horietakoa da ordea: Cathay, 1915an Poundek argitaratutako itzulpen lana, Txinako poemen antologia japoniarrarena. Ernest Fenollosa orientalistaren ohar batzuetatik abiatu zen. Fenollosak sakon batu, aztertu eta itzuli zituen ideograma eta poema txinatarrak, eta bere koaderno osagabeak emazteak eroan zizkion Poundi, lana buka zezan. Txinerarik jakin barik, erdi asmatuz erdi itzuliz itzuli ezin dena, Poundek irauli egin zuen itzulpengintza, eta are poetika bera. Lakonismo narratiboarekin hunkitzen gaitu ordutik, gu, erretorikan jaioagoak garenok: “Alor, alor deboilatuak/ Eta haien gainean gerlako umerik ez/ Ez gizonik erasoka edo defentsan./ Ai, jakiterik bazenu Iparraldeko Ateko atsekabearen berri!/ Ribokuren izena jadanik ahantzirik,/ Eta gu, zaindariok, tigreen bazka”.

Cathay Ezra Pounden gainontzeko poema guztien oinarrian dago. Gauzak esateko modu zuzen, ederra aurkitu zuen; konturatu barik lirismoa egitea: “Fenix hegaztiak jolasean dabiltza beren terrazan./ Fenixek alde egin dute, ibaia bere bideari lotzen da bakarrik./ Liliek eta belarrak/ bide iluna estaltzen dute;/ bertan dago Go-tarren etxe dinastikoa”.

Errimarekin eta kiribilarekin barik, zuzenago doa poeta metaforarik gabe inkontzientearen forma klasikoetara. Kontzepzio bat sortu zuen askotan sentimendu arraro bihurtzen dena, irudi bailuke maiz zerbait esateko modu bakarra kausitu duela, ez dagoela modu hoberik zer edo zer hori esateko, Rihakuk mila urteko poesia txinatarraren dekantaziotik sortua ekartzen duenean legez: “Eta larrazken gardenean zehar so egiten diot ilargiari”. Negargura ematen du, eta ez dakizu zehatz zergatik. Xamurtasunagatik. Perfekzioagatik. Usainagatik. Poema sinplearen zailtasunaz gozatzeko liburu fin-fin bat da finean Cathay. Metafora poema bilduma osoa da, liburua bera. Ekialdea nola loratu zen, eta betiko finkatu, mendebaldeko victoriar gustuaren erdian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


Pagoa, zuhaitza

Altxa, hildakoak!
Fred Vargas
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Egun batetik bestera, ordu batzuen buruan gertatu da gertatu dena: zuhaitz bat agertu da Sophiaren lorategian. Pago bat.
Hasiera horrek hartzen ditu liburuko lehen orriak... [+]


Emariari idatzitakoak

JAUSIZ
Alain Mendizabal Diaz
1545 argitaletxea, 2023

---------------------------------------------------

Itxuraz tente eusteari utzi eta behea jotzea zail egiten zaigu, grabitate indarrak zein soinean daramagunaren zamak lurrera erakarri arren. Hondoarekin topatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude