argia.eus
INPRIMATU
Errepresioaren dimentsio neurtezinak
Itziar Bardaji Goikoetxea 2018ko ekainaren 20a

Notre-Dame-des-Landesko ZADen, jendarmeen eta ekintzaileen arteko istiluetan, gazte batek eskua galdu zuen. Anputatua, guztiz, poliziak legalki erabiltzen duen granada batek lehertua. Burura etorri zitzaidan zeinen zaila izan daiteken erantzukizuna bere tokian kokatu eta mantentzea: zer egiten nuen nik istilu haietan, jakin behar nuen non sartzen nintzen, ez nuen arriskua ondo neurtu.

Iruñeko istiluetan iaz atxilotutako Oreretako gazteek gauza bera pentsa dezakete. Are zamatsuagoa izango zaie, agian, maite dituztenengan eragindako sufrimendua. Bisitan zetorkiona kotxe istripu batean galdu duen presoak nola berreraiki dezake bere bizitza? Zeinen zaila errua nork duen ez ahaztea.

Azkenaldian beste errepresio forma psikologiko latz bat areagotu da: ausazkotasuna, justizia erruleta errusiarra bihurtu baita. Altsasu da kasurik larriena, baina inondik ere ez bakarra. Hor ditugu lege antiterrorista, mozal legea eta bestelako batzuk, antolakuntza politikoa desaktibatzeko espresuki diseinatuak. Eta lege horiekin nahi dutena egiten dute. Absoluziotik 65 urteko kartzela zigorrera edozein gauza. Eta bi urte jakin barik. Zentzugabeko prozesuak eta zigorrak batzuentzat eta bala bat pistolan guztientzat.