"Ez dut esanahi itxietan sinesten, ez tarotean ez bizitzan"

  • Kontrakotzat jo ohi diren gauza asko uztartzen ditu Txus García rapsoda eta poeta queer-ak: patxadaz mintzo da, eta pasioz. Umorez erantzuten die galderei, eta sakontasunez. Umiltasunez dihardu, eta lotsarik gabe. Eta badu halako eragin bat entzuten ari zaionarengan: kazetari perfekzionistak, behinik behin, harekin hizketan hasi orduko ahaztu du urduri zegoela.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku
Txus García Tarragona (Katalunia), 1974

Ogibidez, hezitzaile sozio-kulturala; pasioz, komunikatzailea eta rapsoda. Hogei urtetik gora egin du jendaurrean testuak irakurtzen eta performanceak egiten, eta bi poema liburu argitaratu ditu: Poesía para niñas bien (Cangrejo Pistolero Ediciones, 2011) eta Este torcido amor (Edicions Bellaterra, 2018). Denbora librean, gainera, tarot-saioak egiten ditu.Bere webgunea: txusgarcia.com.

Rapsoda zarela diozu. Zer dela-eta?

Rapsodatzat dut nire burua, poetatzat edo beste edozein gauzatzat baino lehen, zeren urte asko daramatzat testuak ozen irakurtzen, eta niretzat hori da rapsodia, testuak irakurtzea halako moduan non zuzenean iritsiko baitzaizkio jendeari. Trobadoreen iturritik edaten dut: trobadoreak plazara ateratzen ziren eta askotariko jendea topatzen zuten hantxe –ez zen publiko literarioa–, eta mezu bat helarazten zuten modu atseginean, umorea erabiliz.

Idaztearen eta jendaurrean irakurtzearen artean bada alde bat: gorputza. Zuk hortxe ipintzen duzu, agerian.

Gorputzaren iragazkia oso garrantzitsua da niretzat, asko baliatzen ditut aurpegiko keinuak eta asko mugitzen naiz. Iruditzen zait, hala askoz modu potenteagoan iristen dela mezua. Saiatzen naiz hitza gorpuzten, oihartzun bihurtzen eta bibrazio hori jendeari iritsarazten. Apur bat mistikoa dirudi baina errezitatzen ari naizenean arreta asko ematen diot jendearen energiari, gertatzen diren gauzei: landu egiten ditut, eta txertatu. Errezitatzean ez naiz hutsean irakurtzen ari, aktiboki aditzen baizik.

Eta ahotsa?

Diotenez, onarpen-ariketa handia da norbere ahotsa kanpotik entzun eta gustuko izatea. Norbere burua zenbat eta landuago, orduan eta hobeto onartzen omen dugu gure ahotsa. Nik neuk bide bat egin dut ahotsarekin. Ahots berezi samarra daukat. Gorputz handi hau daukadanez, jendeak pentsatzen du halako ahots izugarri bat izango dudala, sakona, baina ez da hala. Bitasunarekin jolasten dut hor ere. Ondo gogoan daukat, 12 urte nituela, amak ogia erostera bidali ninduela. Oso lotsatia naiz, eta garai hartan ahots are finagoa neukan. Erreparo handiz eskatu nuen ogia eta han zeuden tipo batzuek ederki egin zuten barre nire lepotik. Irrigarri sentitu nintzen, umiliaturik, eta oso-oso gaizki. Erabaki nuen ez nuela sekula gehiago jendaurrean hitz egingo. Harik eta egun batean pentsatu nuen arte baietz, hasiko nintzela jendaurrean hitz egiten, etxean ozen irakurtzen nuen moduan, eta ordutik ibili naiz nire ahotsa lantzen, maitatzen, mimoak egiten… Uste dut gauza asko egin dezakedala ahotsarekin. Lanabes bat da, balio dit jendea hunkitzeko, jendeari barre edo negar eginarazteko, eta gaur egun nire auto-estimuaren parte handi bat da.

Zure bigarren poema liburua aurkezten zabiltza, eta hala deitu diozu aurkezpen birari: “Ama, begira zelako andre arraroa!”. Kanpotik esandakoa zeureganatu duzu?

Bide bat izan da. Hasieran, herriko bollera nintzen, edo, hobeto esanda, herriko tortillera. Joan naiz termino horiek neure egiten, zeren dibertigarria da eta babes eta mezu gisa balio dizute. Ondoren, hazi nintzen eta queer-aren zera hori iritsi zen, eta orduan queer nintzen, zeren guaiagoa zen eta ni neu nahiko ondo moldatzen bainaiz queertasunarekin, esentzia edo ideia gisa. Baina orain zahartu egin naiz, 44 urte ditut, eta hara, queer izatea ez datorkit hain ondo, jadanik ezin dut ilea edozein gisatan moztu [barreak].

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Eta zuretzat zer da queer esentzia hori?

Niretzat queer da bizitzan nahi duzun hori egin eta horretaz gozatzeko erabaki pertsonala. Erabateko zoriontasuna bilatzea hala forman nola edukian, eta guztiz eta funtsean zu zeu izatea denbora guztian, zure bitxikeria guztiekin. Horregatik, eta aurreko galderari tiraka, orain, zahartu naizen honetan, andre arraro bat naiz: ez haragi, ez arrain, ez guztiz kontrakoa; maskulinoa, femeninoa, edo biak batera. Gaur, andre arraroaren etiketa hori sentitzen dut gertuen. Bihar, auskalo.

Aurrekoa baino intimoagoa omen da bigarren poema sorta.

Orain dela zazpi urte idatzi nuen lehen liburua, eta beti esaten dudan moduan, bizitza zazpi urteko zikloz osaturik dago. Zazpi urteotan gauza potente asko gertatu zaizkit: bi aldiz ezkondu naiz, eta birritan banatu, krisiak zuzenean eragin dit, bankuak etxea kendu zidan, lanik gabe geratu nintzen, kalean, jendeak hartu nau… Horrek guztiak eragin dio bigarren liburu honi. Baina liburuak ez zaitu lur jota uzten, nik beti sartzen dut umore-izpi bat, kontrapuntu bat. Bizitzak ere halako printzak ematen baititu, emozio ilunagoetan nabigatzeko.

Arbasoak ekarri dituzu gogora hainbat poematan.

Jaso dudana omentzeko ariketa egin dut. Bat-batean uzten diozu izan zaren eta eman dizuten horrekin guztiarekin borrokatzeari, konturatzen zara ari zarela amaren edo aitaren jarrerak hartzen. Eta orduan erabakitzen duzu horri ukorik ez egitea, hori txertatzea zugan eta eskerrak ematea, zeren badaude gauza batzuk oinordean hartu ditugunak, erabilgarriak eta onak eta praktikoak, nahiz eta muzin egiten diegun, batez ere gazteagoak garenean. Beraz hori egin dut, halako zuhaitz genealogiko bat, baina poemen bitartez, eta azkenean gurasoak askatu ditut erantzukizun guztiaz. Zama bat daukat, ez dudana nirekin eraman nahi, eta hor utzi dut, dagoen tokian; baina nire bizitza nigandik hasten da. Eta balio izan dit gauza positiboak berreskuratzeko.

Zer berreskuratu duzu?

Bada, batez ere, bizitzeko eta miseriatik ihes egiteko borondatea eta gogoa. Nire familian ez da izan bankaririk edo bulegaririk: lurreko eta itsasoko jendea izan dira denak, langileak. Are, neu izan naiz unibertsitatera joan den lehena. Badakit zer den lan egitea eta sufritzea, ezagutzen dut bizitzako miseria, eta horregatik nago eskertuta, arbasoek tresnak eman dizkidatelako lurrari eta gizatasunari loturik jarraitzeko.

Idatzi eta performatzeaz gainera, tarotologoa zara. Betiko aurreiritzietatik aparte tarota apenas ezagutzen duen batekin ari zara hizketan. Zer da tarota?

Tarota dira paper txiki batzuk, marrazki txiki batzuekin. Eta kito. Kasu honetan, karta-sorta bat da. Nik Marseillako tarota erabiltzen dut, jatorrizkoa, sinpleena. Erdi Arotik dator eta garai horretako iruditegia baliatzen du. 22 karta ditu, eta karta bakoitzak badu bere esanahia, hala ere, nik ez dut esanahi itxietan sinesten, ez tarotean ez bizitzan, beraz aurrean daukadan pertsonaren araberakoa izaten da. Labur esanda, tarota tresna bat da.

Zertarako balio du?

Tarot-saioetan kafe bat hartzen dut nigana jo duen horrekin. Beraz, elkarrizketa bat da, eta nik tarota erabiltzen dut pertsona hori bizitzen ari dena argitzeko. Ez naiz igarlea, ez mediuma ez halako ezer. Nik lagun egiten diot pertsona horri bere prozesuan. Batzuetan badira korapiloak gure bizitzan, eta nik laguntzen diot pertsona horri hariari tira egin diezaion, batzuetan zaila baita gauzak ikustea norbera barruan dagoenean. Ni kanpoan kokatzen naiz, tresna batekin, eta tresna horri esker, ez dakit zehazki nola, eta ez zait axola, baina tresna horri esker pertsonak bat-batean argi asko ikusten ditu gauzak. Nik ez dut ezer epaitzen eta ez dut inongo aholkurik ematen.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Demagun banoala zuregana tarota egitera. Zer egin behar dut, nire egoera azaldu?

Ez, ez zait interesatzen zuk zure ikuspuntua kontatzea, ez datu asko ematea ere. Galdera zehatz bat egin behar didazu. Oso garrantzitsua da hori: galdera pentsatu behar duzunez, arazoa zertan datzan zehaztuko duzu, eta hori oso lagungarria da. Galdera egin ostean, hiru karta botako dizkizut. Begiratuko ditut kartak, begiratuko dizut zuri, eta hizketan hasiko naiz, baina aktiboki entzunez. Hiru karta horiek halako historia bat osatuko dute, eta ni kontalaria naizenez, bada hiru marrazki horiekin harilkatuko dut kontakizun bat, eta ez dakit nola, baina kontu interesgarriak aterako dira eta zuk argi ikusiko dituzu zenbait gauza. Nirekin tarota egiten dutenak zoriontsu ateratzen dira beti saiotik, eta etxeko lanekin.

Salatu duzu patriarkatuaren eragina sumatzen dela tarotean ere.

Gizarteak, oro har, badu halako premia bat jendea sailkatzeko eta etiketak ipintzeko, eta horrek denak ez dio inolako mesederik egiten igartzeko arteei. Igartzeko arteak oso zaharrak dira, gizakiok bezainbeste. Izan ere gizakiok ezin izan dugu sekula bizi soilik genekiena jakinda, beti nahi izan dugu ikertu eta gehiago jakin, aurrea hartu gertatuko zitzaizkigun gauzei, beldurragatik. Biblian bertan etengabe agertzen da hori. Kontua zer da, bada pertsona askok etekina atera diotela gizakion premia eta beldur horri, eta guztiz hutsaldu dutela igartzeko arteek izan behar luketena. Nire ikuspegitik tarota beste hori da, pertsona bati lagun egiten diozun une intimo hori: pertsona horrekin kafea hartu eta pertsona horri lagundu bere kabuz –bere kabuz!– argitu eta erabaki dezan ea zer egin nahi duen.

    Orduan, heteropatriarkatuaren eraginari helduta, bi kontu daude: batetik, erabiltzaile moduan, tarota egiten dizutenean, emakumea bazara eta harreman bat agertzen bazaizu, beti ondorioztatzen dute gizonekin dituzula harremanak, aurrez ezer galdetu gabe. Hasieratik bertatik ondorioztatzen badute ez zaren zerbait zarela, nola demontre komunikatuko zarete? Bestetik, badirudi tarotologoak bi eratakoak bakarrik izan daitezkeela, bestela ez omen dira sinesgarriak: ilea harro-harro egindako emakume guztiz normatiboak edo sekulako luma daukaten maritxuak.

Tarot erabiltzaileen inguruan ere bada aurreiritzirik.

Tarot erabiltzaileak emakumeak dira batez ere, zeren emakumeek beti bilatu behar izan dituzte beren espazio propioak aditzeko eta adituak izateko. Eta, horretarako, tarotak espazio ederra eskaintzen du, bere garaian Elizak eskaintzen zuen moduan. Gainera, tarotean, azaldu eta aditzeaz gainera, jakin dezakezu zer gertatuko den, eta apaizak ez dizu halakorik emango. Eta tarotean inork ez dizu aginduko ez dakit zenbat aitagure erreza ditzazun zure bekatuak garbitzeko. Oso toki egokia da barrenak husteko, batez ere isolaturik dauden emakumeentzat. Beraz, iruditzen zait tarota mespretxatzen duen jendeak ikuspegi klasista duela, eta ez batere errealista. Halako espazioak mantendu behar dira, premiazkoak dira.

Lanbidez, hezitzailea zara.

Bai. Lau urte egin ditut Generalitat-aren proiektu batean lanean. Xarxa Omnia du izena: herritarrak interneten sartzeko doako guneak dira. Jendea joan daiteke bertara eta IKTei buruzko oinarrizko gauzak ikasi. Ni Bartzelonako Gracia auzoan nabil: horixe da Bartzelonako bertako ijitoen komunitatea biltzen duen gune nagusietako bat, eta beraz, Kataluniako Ijitoen Elkarteen Federazioak kudeatzen du nire lantokia. Haiek dira nire bigarren nagusia, nolabait esatearren, baina niretzat, haiek dira lehenak eta garrantzitsuenak, haiekin egiten baitut lan.

Zer ikasi duzu lau urteotan?

Ni hara iritsi nintzen salbatzaile banintz moduan, nire pribilegio guztiekin, eta Generalitatak aurkeztu zidan hura guztia, antolatzeko asmoz: tailerrak egin, jarduerak prestatu… Dena oso polita. Baina hara iritsi eta errealitatearekin egin nuen topo. Sekulako kolpea izan zen. Hasteko, han ez ninduen inork behar, jakina, eta ez ninduen inork nahi. Zaila izan zen. Lurrera jaitsi behar izan nuen, berriro, eta begiratu, eta aditu, eta isildu. Hori guztia oso garrantzitsua da, eta horixe egin nuen. Nire pribilegioak albo batera utzi eta hutsetik abiatu. Eta egon. Horixe da gakoa. Asko ikasi dut: nire buruaz ikasi dut, eta ari naiz ikasten erne egoten, aditzen, tokatzen ez zaidan tokietan muturrik ez sartzen, nirea ez den hizkuntzan ez hitz egiten, haien ohiturak ez hartzen –ni ez bainaiz ijitoa–, eta beste hainbat gauza. Orain ondo nago, pozik, inguruarekin harmonian nago. Nire espazioa daukat, jendea nahieran sar eta irten daiteke, eta uste dut garaipen bat dela hori.

Alegia, norbera bezalakoa den jendearekin elkar bizitzea ez dela jende horren izaeraz jabetu nahia.

Ez horixe. Niretzat hauxe da inportanteena: orain badudala zeregin bat komunitatean, erabilgarria naizela. Nire lana da atea zabalik edukitzea eta iristen zaizkidan eskaerak jaso eta erantzutea, edozein izanik ere: eskabideak bete, familia baten arazo jakin bat entzun, medikutan hitzordua eskatu… Behar adina gauza. Horixe da nire betekizuna, eta ase egiten nau, gainera.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

 

Azken hitza: Sare afektiboa

Askotariko tokitan aritu da Txus García errezitatzen: autobusetan, metro-geltokietan, tabernetan… Baina zelakoa behar du toki batek, han gustura errezita dezan? “Sare afektibo bat. Zahartu ahala gero eta garrantzi handiagoa ematen diot horri. Behar dut euskarri bat eta maitasun polita emango didaten pertsonak. Haiek nahi izatea ni han egon nadin. Garrantzitsua da hori, oholtza ederrak edo argi txundigarriak baino askoz garrantzitsuagoa. Filtro hori erabiltzen dut aurrena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude