argia.eus
INPRIMATU
Politikaren amildegiak
Fermin Erbiti 2018ko ekainaren 13a

Politika ez da ordoki goxoa, bide malkartsua baizik. Politikariek, eta bereziki agintariek, ongi dakite ofizioak ez duela zer ikusirik zientzia zehatzekin. Politikakoak kontu korapilatsuak izateaz gain, jende askori eragiten diote, bakoitzari modu diferentean. Erabakiak hartzerakoan, beraz, ez da erraza etekin eta kalte politikoen inguruko hausnarketan asmatzea. Kalkulu, arau edo iraganeko lezioek ere gutxi balio dute, ziurgabetasunaren eremuan mugitzen baikara. Politikaria amildegiaren aitzinean ausardiaz ibiltzen dakien apustuzalea da. Hori horrela izanik, jakina, kontu bat gogoratzea komeni zaio: zeruetarainoko zein zulo beltzerainoko bidaia di-da batean egin daiteke.

Horren jakitun dira Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy. Inork espero ez zuenean, Sanchez kementsuak, porrotetik behin baino gehiagotan berpiztuak, presidentzia lortu zuen. Egun berean, EAJri esker aurrekontua onartzearekin egonkortasuna ustez eskuratua zuen Mariano, zapla!, zulora erori zen.

Sanchez ez da ordoki zabalean ibiliko, harriz beteriko bidexkan baizik. Oinen azpian amildegia izanen du. Bi alderdi nagusiren garaia desagertu zenetik Madrilen ez dago mapa politiko anitzagoa kudeatzeko modurik

Argi dago Sanchezena ez dela ordoki zabalean ibiliko, harriz beteriko bidexkan baizik. Eta oinen azpian, noski, amildegia izanen du. Espainiatik egonkortasuna aldarrikatu bai, aise egiten dute. Bi alderdi nagusiren garaia desagertu zenetik, ordea, Madrilen ez dago mapa politiko anitzagoa kudeatzeko modurik. Iruñean eta Gasteizen ezberdina da egoera, eta handiagoa diferenteen artean hitzartzeko ahalmena. Errealitateak beharturik, seguru asko. Nafarroara aldaketa ekarri zuen hitzarmena da horren eredu argiena: lau koalizio, nor bere aita eta amarengandik sortua. Eta hiru urteko ibilbide nahiko baketsua egin eta gero, eraikina sostengatzen duen zutabeetako baten haustura da arazo nagusia: Podemos-Ahal Dugurena.

Hauteskundeetarako urtebete eskas falta delarik, hari begira ari dira denak: aldaketaren aldekoak zein aurkakoak. Izan ere, Podemos-Ahal Dugu funtsezkoa izan zen PSNren erabakigarritasun maila huts bihurtu eta, horri esker, aldaketa lortzeko. Politika berria egitera zetozenek, ordea, azkarregi ikasi dute leziorik zaharrena: politikan etsaia, benetako etsaia, ez da beste alderdikoa, etxekoa baizik. Eta, gainera, Ahal Dugukoak gardentasunaren apostoluak izanik, trapu zikinak herriko plazan haizatzea erabaki dute, guztion aitzinean, elkarrenganako gorrotoa zenbaterainokoa den ikas dezagun.

Ikuskizunak, jakina, arriskuan jar dezake berez zaila zen erronka: heldu den urtean 2015eko gehiengoari eustea. Dena den, ez ahantzi: urtebete oso epe luzea da politikan, ziurgabetasunaren zelaian jokatzen ari baikara. Rajoyk eta Sanchezek frogatu duten bezala, hiru egunetan dena hankaz gora jar daiteke. Onerako zein txarrerako.