"Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da"

  • Genevan (Suitzan) erbesteratuta dagoen CUP-Crida Constituenteko diputatu ohi Anna Gabriel Sabatéren abokatua da Olivier Peter (Zurich, 1986). Giza eskubideetan, nazioarteko zuzenbide penalean eta estradizioetan aditua da. Legelari suitzar gazteari eskatu dio aholkua militante antikapitalistak. Peterri ez zaizkio elkarrizketak gustatzen, baina La Directarekin hitz egiteko prest agertu da. Bi hedabideon arteko harremana medio, ARGIAn elkarrizketa euskaraz eskaini nahi diegu irakurle euskaldunei.

Olivier Peter legelari suitzarra Anna Gabrielen aholkularia da. (Victor Serri / La Directa)
Olivier Peter legelari suitzarra Anna Gabrielen aholkularia da. (Victor Serri / La Directa)

Anna Gabrielek Auzitegi Gorenean ez aurkeztea eta Genevara joatea erabaki duenean hasi da zure papera Katalunian. Zein egoeratan dago bere aurkako prozedura?

Desobedientzia delitua egotzi dion auzipetze-autoa ezagutzen dugu, eta larritasun txikiko delitu politikoa denez, ez dago estradizio eskakizunik. Momentu honetan Suitzan bere aurkako prozedurarik ez dagoenez, nire eginkizuna Anna aholkatu eta bere eskubideak errespetatzen direla bermatzea da.

Zer baldintza bete behar dira estradizio eskakizuna egin ahal izateko?

Gutxienez urte beteko kartzela zigorra. Annaren kasuan, desobedientziagatik, hiru eta hamabi hilabete bitarteko inhabilitazio zigorra legokio. Matxinada delitua leporatzen zioten hasieran, baina Suitzako barne zuzenbidearen eta herrialde horrek Europar Kontseiluko estatuekin duen hitzarmenaren arabera, ezin da delitu politikoengatik inor estraditatu. Eta delitu hau, argi eta garbi, erabat politikoa da.

Zer jarrera azaldu du Suitzak Anna Gabrielen egoera prozesalaren, egozten zaizkion delituen eta estradizio eskakizuna onartzeko hipotesiaren aurrean?

Suitzak nahiko adierazpen harrigarria egin zuen militante antikapitalista bertan zegoela jakin ostean, Espainiako justizia ministro Rafael Catalák estradizio batek “ez lukeela arazo berezirik eragingo“ esan zuenean. Cataláren homologoaren bozeramaileak esan zuen delitu politikoak zirela eta Suitzak ez duela delitu polikoengatik inor estraditatzen. “Eskakizunik jasoz gero, aztertuko dugu, baina delitu politikoak dirudite eta, hala badira, ez dugu estraditatuko“.

Argazkia: Victor Serri / La Directa

Suitza Europar Batasunean ez egoteak estradizioen funtzionamenduarekiko desberdintasunik ba al dakar estatu kideen artean?

Bada Europako Batzordearen hitzarmen bat, 1957ko Estradizioaren Europako Hitzarmena izenekoa, Europako estatuen artean erabiltzen zena Europar Batasunak pertsonak entregatzeko bere lege propioa edukitzea erabaki zuen arte, egun euroagindu gisa ezagutzen dena arautzen du. EBko mekanismo berri honek aurrekoa ordezkatzen du estatu kideentzat, baina Suitza kanpoan da eta hitzarmen zaharrari atxikia jarraitzen du. Honen hirugarren artikuluak esplizituki zehazten du ez dela delitu politikoengatik inor estraditatuko. 

Asilo politikoa eskatzea aztertu duzue ala azken hilabeteetan bezala jarrai dezake Gabrielek Suitzan bizitzen?

Suitzak EBrekin duen hitzarmen batek aukera ematen die EBko herritarrei hara joan eta hiru hilabete egon ondoren bizileku baimena eskatzeko. Egoeraren inguruko xehetasunik azalduko ez dudan arren, baiezta dezaket momentu honetan bizileku baimenarekin Suitzan legalki bizi dela eta ez dagoela beharrik asilo politikoa eskatzeko.

"Anna Gabriel Suintzan legalki bizi da eta ez dago asilo politikoa eskatzeko beharrik"

Diozu delitua politikoa dela eta Gabrielek alde egin zuela Espainiako Estatuan epaiketa justu baten bermerik ez zuelako. Zein dira gakoak?

Auzi hau ikertzen ari diren epaileen partzialtasuna agerikoa da. Auzitegi inpartzial eta independiente bat exijitzea zuzenbide estatuaren ezinbesteko oinarria da eta, kasu honetan halakorik ez dagoenez, ez dago epaiketa justuen aukerarik. Seguraski, kasu honetan egon zitekeen epaiketa justu bakarra auzia bertan behera utzi eta jendeari bozkatzen uztea litzateke.

Zergatik kontsideratu zen Suitza dela aukerarik onena?

Anna Suitzarekin saiatu bada, batetik, arrazoi sinboliko eta politikoengatik da. NBEaren egoitza bertan da, baita Giza Eskubideen Kontseiluaren eta beste nazioarteko erakunde askorenak ere, diplomazia gune bat da eta beste herrialde batzuek baino garatuago du demokrazia herrikoiagoa eta erreferendumak egitea. Bestetik, kontu juridiko batengatik: lehenago aipatu dugun hitzarmenaren prozesua ezberdina da, delituen izaera politikoa den ala ez aintzat hartzen du, beraz, luzeagoa eta konplexuagoa da. Hala ere, harritzekoa da euroagindua bezalako prozesu azkar eta errazak denboran hainbeste luzatzea. Pablo Llarenaren argudioen ahulezia agerian uzten du.

Argazkia: Victor Serri / La Directa

Katalunian eta Espainiako Estatuan gertatzen ari dena nola jasotzen dute Suitzako gizarteak eta insitituzioek?

Urriaren lehena arte, independentziaren aldeko mugimendu indartsu bat eta gatazka bazirela bagenekien. Aldarri horri Espainiako Estatuak eman dion erantzunak, poliziaren biolentziak, zigorgabetasunak eta, batez ere, Espainiako Gobernuak gertatutakoa nazioartean egin duen kontakizunak ikusgarritasun gehien zuen Carles Puigdemonten tesia zuzena dela frogatu dute: salbuespeneko demokrazia eta eskubide zibil eta politikoen urraketa gertatzen ari dela.

"Puigdemonten tesia zuzena dela frogatu dute: eskubide zibil eta politikoen urraketa gertatzen ari dela"

Epaileen esparruan ikusten al da Espainiako Estatuak ez dituela babesten bere herritarren eskubideak, Europako beste estatu batzuek bezala?

Anna Gabriel Suitzan zegoela iragarri zenean, espektro ideologikoaren segmentu guztietako profesionalek onartu zuten prentsan Espainiako epailetzaren partetik jazarpen politikoa existitzen dela.

Zer babes sozial du Anna Gabrielek Suitzan?

Badira CUPen eta ezker independentistaren kausaren aldeko sektore militante minoritarioak, beren ikuspegia defendatzen dutenak. Ondoren, askoz ere zabalagoa den sektore batek, Annaren eta jazarritako edozein pertsonak politikoki adierazteko askatasuna aitortzen du. Ez daude independentziaren aldeko ikuspegiarekin ados baina, bozkatzeko aukera balute ezezko bozka emango luketen arren, aldarrikatzen dute pertsona horien bozkatzeko eta adierazteko eskubidea. Asko dira eta ez dira soilik ahoz adierazten, Annak jasotzen duen sostengu konkretu eta materiala izugarria da.

Argazkia: Victor Serri / La Directa

Kataluniatik egiten diren mugimenduen aurrean, Espainiako Estatuak diplomatikoki erantzuten al dio Suitzari? Zer gertatu zen Hervé Falcianirekin orain hilabete batzuk? Kromoak aldatzeko saiakera izan zen?

Falcianiren atxiloketaren timingak, Suitzak pertsona hau entregatzeko eskariak Auzitegi Nazionalaren mahai gainean urtebete zeramanean atxilotzeak, botere judizialaren independentzia falta eta hau gobernuaren interesen menpe dagoela adierazten du berriz ere. Marta Rovira Suitzan zegoela iragarri eta hamar egunetara atxilotzea erabaki zuten. Bestela azal ezin daitekeen kasualitatea da.

"Annak jasotzen duen sostengu konkretu eta materiala izugarria da"

Mugimendu diplomatikoen inguruan ez daukagu informazio askorik. Alfonso Dastis, Espainiako Atzerri ministroa bere homologo suitzarrarekin elkartu zela badakigu. Horixe da ekintza konkretu bakarra. Eskakizun askorekin etorri eta esku hutsik itzuli zen. Suitzako gobernuak esan baitzion bi pertsona estraditatu nahi bazituen eskariak modu egokian aurkeztu beharko zituela, hau ez dela bahituen trukea, indarrean diren legeen erabilera baizik.

Suitzako gizartearentzat nahiko sinestezina izan zen telebista publikoan egindako elkarrizketa batean, komunikatiboki zeinen gaizki argudiatu zuen Dastis ministroak bere posizioa. Puigdemont entregatu beharreko gaizkile arrunta zela eta erreferendumik ez zela egingo Konstituzioak debekatzen duelako, eta kitto. Gatazka politikoaren ukazioak Espainiako Gobernuaren sinesgarritasuna kaltetzen du argi eta garbi.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian aditua zara, zein erabilera izan lezake helegite bat aurkeztuz justizia europarrera jotzeak, halako prozesu batek dakarren denbora luzatzea kontuan hartuta?

Heriotza zigor edo tortura arrisku handiko kasuetan izan ezik, Europako justiziak ez du behin-behineko neurririk agintzen. Beraz, behin-behineko neurririk ez, baizik eta hiru eta zortzi urte bitartean luza daitezkeen prozedurak hasiko dira.

Ez dut uste Europako justiziak epe motz edo ertainean arazoak konponduko dituela espero behar denik. Hala ere, egun ematen diren oinarrizko eskubideen urraketek nolabaiteko aitortza behar dute. Iraupen lasterketa da eta epe luzean egin beharreko borroka dugu hau. Hamar urte barru iritsi arren, erabilgarri izan daitezke aitortzeko egun Katalunian gertatzen ari dena ezin dela onartu eta oinarrizko eskubide politikoen urraketa dela.

Argazkia: Victor Serri / La Directa

Momentu honetan Anna Gabrielek Espainiako lurraldean atxiloketa agindua du, baina egozten zaizkion delituek ez dute kartzela zigorrik. Bera itzularazi eta hemen dagoenean delitu berriak egozteko amarrua izan liteke?

Ez dugu Espainiako justizian konfiantzarik, ez dakigu zer egin nahi duten. Hala ere, argi dago atxiloketa edota prozedura injustu baten arriskua dagoen bitartean ez dela itzuliko.

Noiz amaituko da arrisku hau?

Ez dakit, hemengo abokatuei galdetu beharko zenieke... edo Errepublikaren egunean edo haiek dioten egunean. Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da. Ez dut uste Anna edo gainontzeko erbesteratuek deliturik egin dutenik. Eta, egin badute, jende zintzoaren delitua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude