argia.eus
INPRIMATU
Enegarren kasualitatea
  • Gorputzak erakusketaren kronika. Artista: Iosune de Goñi. Uztailaren 1 arte ikusgai, Iruñeko Cafe Cream-en.

Irati Majuelo Itoiz 2018ko ekainaren 14a

Argazkigintza analogikoa, lomografia, film soup. Nork esanen zidan horrelako gaiei buruz ikasiko nukeenik kafetegi txiki batean. Zer hobe, gainera, mundu hori zure lagun batek erakustea baino. Gorputzak erakusketa Iruñera ekarriko zuela esan zidanean, ez nuen aukera galdu nahi izan Iosune de Goñirekin elkartzeko. Normalean ez da oso urrutira joan beharrik lagun artista bat topatzeko, bere obra publiko egiten duen lagun bat, ordea, ez da hain erraz aurkitzen. Harekin elkartzeko denbora falta eta aitzakia txar gehiegi izaten ditugu, gainera, gehienetan. Baina oraingo honetan 10 minutu baino ez nituen behar izan Iruñeko Donibane auzoko Cafe Creamera iristeko. Kafea goxo atera zigun kafetegiko langileak, igandea goxatu nahian. Zer gehiago eska daiteke?

Gorputzak aurkitu nituen paretetatik zintzilik. Ez ziren, ordea, gizakion gorputzen erretratu hutsak, ezta paisaia estatikoei egindako argazkiak ere. Izan ere, Iosunek gorputzak gizakietatik harago ulertzen ditu: zuhaitzak, iratzeak, marmokak, natura osatzen duen oro da gorputz. Ez gara, baina, unitate bakar eta indibidualak, elkarri eragiten diogun bizidunak baizik. Bestea gabe, ez gara. Gure begiekin ikusten ditugun bukaeretatik harago, muga fisiko eta psikologikoak hautsi eta elkarren artean nahasten diren gorputzak gara, errepikatu, bateratu eta gainjartzen diren gorputzak. Horrela, eskuek eta iratzeek, besoek eta adarrek, begiek eta loreek, azalak eta urak bat egiten dute Iosuneren argazkietan.

Bertiz, Urbasa, Orgi. Nafarroako basoetan galtzen da Iosune, eta bertan aurkitzen du bere burua eta emakumeen gorputzen islada. Lurrarekiko eta gorputzarekiko dituen harremanak oso presente daude bere sorkuntzan, eta horiek bateratzen saiatzen da teknika berezi baten bidez. Film souparen ideia pelikulak likidoren batekin interakzio kimiko bat izatean datza, lomografian ustekabeko efektua izan eta espero gabeko emaitzak lortzeko. Brigitte Bloom argazkilaria deskurbitzearekin batera ezagutu omen zuen teknika hau. Izan ere, Float On izeneko seriean Nevadan (AEB) ateratako zenbait argazki txizarekin nahastu zituen errebelatzerakoan, eta ametsen mundukoak diruditen irudi harrigarriak lortu zituen. Sorkuntza prozesu honek esperimentazioa eta sorpresa ditu oinarri, ezin baituzu inoiz jakin zer aterako den egindako nahasketatik. Gorputzak serieak kolore more, berde, urdin eta larrosazko unibertsoa biltzen du bere baitan, eta hori lortzeko de Goñik te beltza, fruitu gorrien infusioa, gerezi zukua eta hilerokoa erabili izan ditu. Berak dioen bezala, behin eta berriz eta saiakera askoren ostean lortutako irudiak dira. Enegarrenez saiatutako kasualitateak, baina ez dutenak kasualitateen magia galdu.

Gernikako Astran eta Gasteizko Artgian aurkeztu ondoren, kosta egin zaio Iruñean erakusketa jartzeko espazio bat topatzea. Cafe Cream ez da areto handi eta famatua izanen, baina sortzaile handi bat gordetzen du bere pareta zurietan. Aukera baduzue hurbildu zaitezte, uztailaren 1era arte geratuko da zuen zai. Ondoren, batek daki zer kasualitatek elkartu zaitzaketen berriro.