"Geroz eta gauza larriagoak gertatu behar dira jendea kalera ateratzeko"

  • Pasa den azaroaren 2an Estremerako espetxean giltzapetu zuten Joaquim Forn Kataluniako diputatuaren alabarik gazteena da Beta Forn (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1998). Erizaindegi ikasketen bigarren ikasturtea amaitu berri duenean, Kataluniako ordezkari independentistek bizi duten errepresioaren kontrako borrokan murgilduta dago.

"Dagoeneko nabaritzen dugu lehen egunetako euforia desagertu dela". (Arg.: Jordi Borrás)"Dagoeneko nabaritzen dugu lehen egunetako euforia desagertu dela". (Arg.: Jordi Borrás)

Zazpi hilabete pasa dira zure aita giltzapetu zutenetik. Zer moduz zaude?
Gora-behera handiak izan ditut, desoreka emozionalak ez du etenik izan. Hilabete gogorra pasa dut, baina, borrokatzen jarraitzeko prest nago. Indartsu egotera behartuta gaude…

Zer izan da zailena hilabete hauetan?
Ziurgabetasunak akitu nau. Baina, aitortu behar dut, lagundu didala ulertzeak irtenbidea ez dagoela gure esku. Helburua orain nire familiak ere ulertzea da, ez baitu argi. Mugimenduren bat zegoen bakoitzean itxaropena izaten nuen hasieran baina, nire osasunaren mesedetan, jadanik galdu dut. Giltzapetu zituzten bezala utziko dituzte aske, hau ez baita prozedura judizial arrunta. Nahiago dut luzerako joango dela pentsatzea. Modu bakarra da guk geure burua babesteko.

Beste preso politikoen seme-alabak gakoak izan omen dira bide honetan…
Hasieran obligazioz gelditzen ginen [dio irriz]. Ez genuen uste gerora josi genuen harremana sortuko zenik. Betiko lagunei kosta egiten zaie ulertzea, baina, niretzat erabakigarriak izan dira zazpi hilabete hauetan. Funtsean, bizi dugun injustizia konpartitzen dugu, eta konplizitatea erabatekoa da.

Babesa bakarrik ez, erakusleiho izan nahi duzue. Proiekturen bat baduzue eskuartean, ezta?
Testuingurua aldatzeko egitasmoak sustatzeko beharra izan dugu hastapenetik eta bota genituen ideien artean bati heldu genion. Independentistak izan gabe, giza eskubideen urraketaren kontra egon zitezkeen espainiar ospetsuen zerrenda  osatu genuen, bideo bat osatu asmoz.  

Zertan da orain?
Ez dugu gauzatuko. Deitu genituen ehun pertsonetatik hiruk esan zuten baietz. Eskaintza ukatu zutenen artean, gehiengoaren arrazoia zen beldurra: testuingurua salatzen zutela, asko sentitzen zutela, baina euren lanpostuak galtzeko arriskuan zirela.

Argazki oina

Espero zenuten erantzun hori?
Ez, oso etsigarria izan da. Bestelako  aldarrikapenetan parte hartzen duten pertsonaia ezkertiarrak bildu genituen  zerrendan, baina Kataluniak bizi duen injustiziarekin ez dira fitxarik mugitzeko gai izan. Nola da posible? Seguruenik eurek bustiko balira Espainiak ez luke orain bezala jokatuko…

Erizaindegi ikasketak Estremerako espetxerako bisitekin uztartzen ari zara.
Egokitzapen prozesu bat egin dut honetan ere. Hasieran aita ikusteko beharra neurrigabea zen. Orain oreka lortzen saiatzen naiz: hileroko familia bisean biseko bisitetara joaten naiz bakarrik, kristalaren bestaldeko bisitak saihestuz. Gogorregiak ziren. Hotzak. Hein batean, oraindik ere, ezin dut nire aita pareta horien artean giltzapetuta dagoela sinetsi. Hain gertu zaude eta hain urruti aldi berean…

Zer-nolakoa izan da funtzionarioen aldetik jaso duzun erantzuna?
Giltzapetzea zigorra bada bere horretan, familiok zigor bikoitza sofritzen dugu bisiten izaeragatik. Hasieran zera zen gogorrena: kristalaren bitarteko solasaldietan bat-batean mozten dutela mikroa, aldez aurretik abisatu gabe. Hain krudela eta gogorra zen hala agurtu behar izatea!

Espainiako justiziak dispertsioa erabili izan du betidanik. Zure aita atxiloaldi prebentiboan egonik, zer deritzozu Madrilen egoteaz?
Dispertsioa zigor gisa uler daiteke bakarrik, are gehiago atxiloaldi prebentiboan. Eskubideek berdinak behar lukete izan denontzat, ulertezina da Madrileraino joan behar izatea.

Espainian Mariano Rajoy erori eta Pedro Sanchez da orain presidente. Nola eragingo dio aldaketak Kataluniari?
Oraingoz ez dut aldaketarik antzeman, espetxeratuez hitz egin duenean, behintzat, eta argi dago Sanchez errepresioaren erantzule izan dela. Hala ere, zentsura mozio bitartez iritsi da presidentetzara, hainbat alderdiren babesari esker. Beraz, behartuta dago keinuren bat egitera eta, ondorioz, ilusio gehiegirik egin gabe baina esperantza hor dago. Edonola ere, Kataluniako espetxeetara ekartzea legeak biltzen duen eskubidea izan arren, nire borroka eta erronka aske uztea da.

Bitartean, Kataluniak mobilizatuta darrai. Beldurrik duzu gizarteak salbuespen testuingurua normalizatzeko?
Bai, noski. Dagoeneko nabaritzen dugu lehen egunetako euforia desagertu dela. Badirudi geroz eta gauza larriagoak gertatu behar direla jendea kalera ateratzeko. Batez ere, geure adinekoen artean. Hori oso gogorra da. Ezin dugu ahaztu jendea atxilotzen ari direla abestiak idazteagatik! Pentsatu nahi dut normala dela, eta mobilizazioaren beherakadak balio duela borrokari eusteko indarrak hartzeko...”.

Kataluniako preso politikoak larrutik ari dira ordaintzen idealen defentsa.  Merezi izan du?
Noski. Bestela ez genuke dugun indarra izango. Eurak preso daude, baina badakite egindako bideak helmuga bat izango duela. Nik Espainian ez dut itxaropenik, baina, nazioarteko bilakatuz, geure erronka lortuko dugu!

Familiaren sostengu


“Haserre nago, indartsu, baina oso haserre. Injustiziek min egiten didate. Betidanik izan naiz borrokalaria, baina, azaroaren 2az geroztik, Espainiako justiziak nire aita giltzapetuz gainjarri zidan testuinguruaren aurrean, borrokarako indarra atera dut lur azpitik. Nire buruari aitortu diot familia babesteko ardura eta, hogei urte bete berri, egun batetik bestera ikasi dut arazoei garrantzia kentzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude