argia.eus
INPRIMATU
"Babestu landare bat" ekimena
Ikasleak landareen zaintzaile
Garazi Zabaleta 2018ko ekainaren 14a
Ramon Rubial Lorategi Botanikoan dago Barakaldoko Natur Gela. Argazkia: Barakaldoko Natur Gela.
Ramon Rubial Lorategi Botanikoan dago Barakaldoko Natur Gela. Argazkia: Barakaldoko Natur Gela.Argazkia: Barakaldoko Natur Gela.

Barakaldon bada hiriari arnas ematen dion gune berde bat: Ramon Rubial Lorategi Botanikoa. Lorategiaren eta Barakaldoko Natur Gelaren arteko elkarlanetik sortu da “Babestu landare bat” ekimena. Hiriko eskoletako ikasleekin landareen eta horien hazkuntza prozesuaren gaineko jakintzak lantzea da ekimenaren asmoa, eta ikasketa hori modurik praktikoenean emanen dute: ikasleak beraiek izanen dira landareak landatu eta zainduko dituztenak.

Jakin-mina pizteko hezkuntza proiektua

Urtean zehar Lorategi Botanikora bisitak egiten dituzte lehenagotik ere Barakaldoko eskoletako ikasleek, baina aurtengo nobedadea izanen da parkean zehar landatzea eta landatutako horiek zaintzea. Lorategiko lorezaintza taldearen laguntzarekin eginen dute. Ekimen berriak ikasleei landareak identifikatzen ikasteko aukera emanen diela uste dute antolatzaileek, eta eurek jarritako landare eta zuhaitzak hazten eta loratzen ikusteak jakin-mina piztu diezaiekeela.

23 ikasle talde izango dira hilabetean zehar landaketak egiten arituko direnak. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak izanen dira. Natur Gunetik azpimarratu dute eskolarekin ez ezik, lorategia espazio irekia izanik, ikasleak eurek landatutakoa ikustera joan daitezkeela gerora euren kabuz, lagunekin edo familiarekin.

Natur Gela eta Lorategi Botanikoa

2014az geroztik martxan, ikasleentzat nahiz herritar ororentzat ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ekimenak eta proiektuak antolatzen dihardu Barakaldoko Natur Gelak. Eraikina bera ere material jasangarriz dago eraikia –egurrez eta kristalez–, eta bioklimatikoa eta ekoefizientea da.

Natur Gelaren beste aberastasun nagusia bere kokapena da: Ramon Rubial Lorategi Botanikoaren barruan dago. 2002an zabaldu zituen lorategiak ateak, eta bere 60.000 metro koadroko lursailean mundu osotik ekarritako 300 espezie baino gehiago dituzte landatuta. Ikasgela polita eskoletako ikasleekin antolatu duten ekimena aurrera eramateko.