Asmo onak

Gluck-en Orphée et Eurydice opera. Opus Lirica Orkestra. Zuzendaria: Lara Diloy. DOZE Abesbatza. Zuzendaria: Jagoba Fadrique. Eszena zuzendaritza: Marta Eguilior. Bakarlariak: Matteo Mezzaro, Ainhoa Garmendia eta Alicia Amo. Donostiako Victoria Eugenia Antzokia. Ekainaren 3a.

Urte batzuk dira Opus Lirica elkartea Donostian opera-denboraldi egonkor bat ezarri nahian ari dela. Pausoz pauso, espektakulu desberdinak antolatzen ari da elkartea, ea benetan operaren beharra sortzen den hirian. Joan den martxoan Pucciniren La Bohème interesagarri bat eskaini zuten, eta oraingo honetan, hain ederra den Christoph Willibald Glucken Orphée et Eurydice-ren txanda izan da.

Benetan txalogarria da talde honen ahalegina, kontuan harturik honetarako diru-laguntza eskasa dutela. Baina, tamalez, diru-eskasia hori nahiko nabarmena izan da aldi honetan. Opera, berez, ikuskizun garestia da, oso garestia. Hain ikusgarria den espektakulu honek baliabide izugarriak behar ditu: orkestra, korua, bakarlariak, attrezzo-a, argiztapena, eszenografia… Eta, sukaldaritzan gertatzen den bezala, osagaiak primerakoak izan behar dira. Bestalde, ikuskizun hain konplexua denez, edo miresgarria da edo penagarria. Horrelako saiakerentzat ez dago tarte handirik.

Ez dut esan nahi Orphée et Eurydice hau erabateko porrota izan zenik, baina igandekoa ikusita, ez doazela bide onetik esango nuke. Eszenaratze diseinuarekin hasiko naiz. Marta Eguiliorrek zerbait ausarta baina dotorea egin nahi izan du, eta, zoritxarrez, ez bata ez bestea. Berak esaten duen bezala, leku ilunak hartzea erabaki zuen, japoniar Butoh estetikatik eta espresionismo alemaniarretik hurbil. Ideia ona da, eta ziur nago Eguilior andreak, baliabide gehiagorekin buruan duen irudia lortuko zuela. Baina sado-maso ukitu sinple batean geratu zen. Eta ez bereziki elegantea.

Musikarekin jarraitzen badugu, Opus Lirica Orkestra, Lara Diloyren batutapean, zatarki aritu zen. Kostata lortu zuten koruarekin behar den koordinazioa. DOZE abesbatzak, bestalde, lan gehiago egin behar du fintasuna lortzeko.

Agian okerrena Matteo Mezzaro tenorea izan zen. Orphée-ren rola handia geratu zen berarentzat. Ahots boteretsua du, hori egia da. Baina Ferrari kotxeekin bezala, horrelako makina ondo erabili behar da. Ahots kontrola falta zitzaion. Benetan larri ibili zen, bai agudoetan, bai koloratuetan.

Hori bai, Ainhoa Garmendiak Eurydice zoragarria egin zuen, ondo-ondo abestuta eta interpretatuta. Eta Alicia Amo-k Amour-en rolean ahots garbi eta distiratsua erakutsi zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude