Parkeko biztanle ezkutuak

  • Ilunargitan sartu gara Donostiako Aieteko parkean. Gure bizkarrean itxi dute sarrerako ate nagusia. Hamar bat pertsonak osaturiko taldetxoa, barruan gaude, bakarrik. Ba al du zentzurik hemen egoteak? Parkeak gizakiarentzako aisialdi eremu soila direla pentsatzen duen horietakoa bazara, ez diozu zentzu askorik aurkituko. Hiriko animalien eta landareen kontserbaziorako eremu garrantzitsuak izan daitezkeela sinesten baduzu, ordea, bai. Gautu du eta parkera etorri gara bertako anfibioak ikustera.


2018ko ekainaren 17an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco.

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolaturiko ikastaro baten aitzakian gerturatu gara Aieteko parkera. Ion Garin-Barrio dugu gidari. Inguruan ditugun anfibio espezieak ezagutzeko mendira joatea izango litzateke arruntena, edo, zergatik ez, inguruko parke naturalen bateko hezegune zoragarri batera gerturatzea. Hemen gaude, alabaina, hiriko eremu berde baten erdian, gauez eta anfibioak ikusteko asmoz. Izan ere, herri eta hiriko parkeetan bizitza dago. Egunez eta gauez. Uste duguna baino askoz gehiago, gainera.

Errege-erreginak, Bake Konferentziak eta... apoak

Aieteko parkeak XIX. mendeko Donostiara garamatza: itxura neoklasikoko jauregi handia du, zelai berdeak eta lorategiak, urmaelak, haitzuloak, ur-jauziak… eta inguruan dozenaka arbola ezberdinez osaturiko eremua. Ez da zaila bisitariarentzat bertatik pasa diren Isabel II.a, Alfonso XII.a, María Cristina eta Alfonso XIII.a Espainiako errege-erreginak inguruko bidetxoetatik paseatzen irudikatzea; edo Ingalaterrako Victoria erregina urmaelaren aldamenean eserita imajinatzea.

Franco diktadoreak ere bertan igaro zituen hainbat uda, eta ibiliko zen, ziur aski, udako egun sargorietan babes bila arbolen gerizpean, ur-jauzitik erortzen den urak sortzen duen haize freskoa sentitu nahian. Ez zuen esperoko, noski, hantxe, urte batzuk beranduago elkartuko zirela nazioarteko hainbat aditu Aieteko Bake Konferentzian; baina hala izan da. Aietetik itxura, jatorri eta pentsaera askotako pertsonak pasa dira. Bitartean, ordea, urmael horretan ezkutaturik, edota basope horretako sustraien artean gorderik, oharkabean igaro dira Aieteko parkeko biztanle txiki batzuk: anfibioak.

Aieteko parkean aurkitu dugun uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), emea. Argazkia: Dani Blanco.
Uhandreak, igelak eta apoak

Udaberrian egin dute ikastaroa Aranzadikoek; ez da kasualitatea. Oraintxe da sasoi onena anfibioak ikusteko. Ugal garaian daude bete-betean eta parkeko urmaelek eta putzuek igelen, apoen eta uhandreen bisita jasotzen dute urtaro honetan. Historian zehar Aieteko jauregitik pasa diren pertsona handi-mandi horiek zapabururik igerian edo igelik saltoan ikusi zuten ez dakigu, baina nahiko ziur esan dezakegu kantuan, behintzat, entzungo zituztela.

Izan ere, ur-igel arruntaren (Pelophylax perezi) kantua entzuteko modukoa da. Udaberri eta udako egun beroetan, egunean zehar zein iluntzean entzuten dira, marrakaz, kantu ozen eta zalapartatsuan. Entzun ez ezik, ikusi ere ikusi dugu ur-igela. Urmaelaren ertzean, burua uretatik kanpo duela, gorputza barruan, zelatan ibili zaigu. Onar dezagun: hor, ordu horretan, soberan ginenak gu ginen.

Aieteko parkean topatu dugun txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), gaztea. Argazkia: Dani Blanco.

Ur-igelarena, baina, ez da entzun dugun kantu bakarra. Txantxiku arruntak (Alytes obstetricans) ere bere gaueko koroa martxan jarri du. Baso azpian ibili da, txistu hots eta kantuaren arteko bere ohiko soinu nahasketa horrekin gu zirikatzen: “Kun-kun”. Europako apo espezie zaharrena da. Erraza da bere kantuarekin dagoen tokira hurreratzea. Aurkitzea, ordea, beste kontu bat da. Metro erdira eduki arren, ez uste ikusteko erraza denik. Zaharraren esperientzia izango da, agian. Ur-jauziaren soinu jarraia eta txantxikuaren kantu fina dira gaueko isiltasuna hausten dutenak. Soinu lasaigarria da, ordea. Bake konferentziak hemen behar zuen izan, nahitaez…

Esku-argiak piztuak ditugu. Arratsaldez ikastaroaren atal teorikoa izan duten herritarrak gustura dabiltza ikasitakoa praktikan jartzen. Onena, ordea, iristear dago: uhandreak falta dira!

Aieteko parkean aurkitu dugun uhandre marmolairea (Triturus marmoratus), arra. Argazkia: Dani Blanco.

Uhandreak anfibio isatsdunak dira. Urodeloen taldekoak. Urmaelaren hondoan behatu dugu, eta hor daude. Bi uhandre mota ezberdindu dituzte ikastaroko ikasleek Aieteko parkean: uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus). Ur azpian daude. Geldi. Arrak eta emeak harrapatu ditu Ion Garin-Barriok. Bera da animaliak manipulatzeko baimena duena. Azalpenak argigarriak izan dira, eta uhandre marmolairea ikusi izana, denbora askoan ez ahazteko modukoa.

Parkeen garrantzia anfibioen eta bioaniztasunaren kontserbazioan

Aieteko parkean lau anfibio espezie ikusteko aukera izan dugu. Baina egon, badaude gehiago. Apo arrunta (Bufo spinosus) eta arrabio arrunta (Salamandra salamandra) ere bizi dira bertan, nahiz eta gaurkoan ez ditugun ikusi. Donostiako anfibio espezieen ehuneko handia dago bertan. Anfibioak munduko ornodun talde mehatxatuena dira eta zaila dirudi parkeek horien kontserbazioan zeresanik eduki dezaketela pentsatzeak. Eremu berdeek, ordea, hirietako anfibioen bizileku moduan, eta orokorrean, bioaniztasunaren arnasgune gisa joka dezakete, eta beraz, garrantzitsua da horien kudeaketan ere bertako eta inguruko fauna eta flora espezieak kontuan izatea.

Hirietako parkeek gizakiaren aisialdirako duten erabileraz gain, hezkuntzarako zein hiriko bioaniztasunerako funtzio garrantzitsuak bete ditzakete –honetaz gehiago irakur dezakezu ARGIAren 2559 zenbakiko Natura nola bizi eremu urbanoko ikastetxeetan artikuluan–. Ekintza sinpleekin, eta parkearen paisai orokorraren eta barneko eremu txikien (mikrohabitaten) antolaketa eta kudeaketa egokiarekin, funtzio horiek guztiak uztartu daitezke. Eta espezie mehatxatuen populazioak kontserbatzeko erabili daitezke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anfibioak
2023-09-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Zaintza erdigunean

Tamaina txikikoa, gris-marroi kolorekoa eta gau zalea. Halakoa da txantxiku arrunta. Ezaugarri horiekin ez du ematen atentzioa deitzeko moduko animalia denik, baina… ondo erreparatuta, txantxikuak baditu hainbat sekretu gizakiaren begietara ezkutatzen direnak. Izan ere,... [+]


2020-03-30 | Iñaki Sanz-Azkue
Ugal garaia apo arrunt iberiarrarentzat III
Ba al zenekien apoak eskalatzaileak direla?

Apoek zuhaitzetara igotzeko gaitasun aparta dute, baita bi metrotarainoko altueratara ere. Alberto Gosá herpetologoaren arabera, enborretan igotzea estrategia kontua da, lehorte garaietan, enborretako goroldio eta likenen hezetasuna hartu, bertako intsektuak jan eta... [+]


2020-03-28 | Iñaki Sanz-Azkue
Ugal garaia apo arrunt iberiarrarentzat II
Ernaltzeko borrokan heriotzeraino iritsi daitezke apoak

Apor iberiar arrunten ugal garaian gaude. Artikulu honetan Iñaki Sanz-Azkue biologoak azaldu du zein modutan ugaltzen diren neurriz txikiagoak diren arrak emeekin: anplexua eginez. Ernaldu bitartean eme handien inguruan sortzen diren arren borrokak hildakoak ere utzi... [+]


2020-03-27 | Iñaki Sanz-Azkue
Ugal garaia apo arrunt iberiarrarentzat I
Nola lagundu anfibioei errepidea gurutzatzen?

Iritsi da apo arrunt iberiarren garaia. Datozen asteetan, basoak utzi eta ur eremuetarako bidea hartuko dute ugaltzeko. Taldean joango dira. Bidean, ordea, oztopo handi batekin egingo dute topo sarri: errepideak dira apo askoren hilobia. Artikulu honetan Iñaki Sanz-Azkue... [+]


2019-06-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Anfibio eta narrastiak
Ingurumen aldaketa handien adierazle txikiak

Inguruan ditugu, ezkutuan begira, nahiz eta guk ikusi ez. Ez gara ohartzen, baina anfibio eta narrastiek gauza asko dute kontatzeko ingurumenari buruz, eta eurei esker eragin dezakegu kontzientziazioa eta ezagutza. Helburu horrekin izan gara Leurtzako urtegi inguruan, ARGIA... [+]


Eguneraketa berriak daude