Kubaren etsai berri eta inoizko gaiztoena: klimaren aldaketa

  • Beraiek erantzukizun txikia eduki arren Lurrak jasaten duen klimaren erotzearen sorreran, Kubako jendeak izango dira beroketa globalak ekarriko dituen hondamendiek gehien kaltetuetakoak. Urakanak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igotzea, uharteak bere azaleraren parte bat galtzea... Agintariek Tarea Vida izeneko plan estrategikoa abiarazi dute, Sobiet Batasuna hondoratu osteko Periodo Especial-eko larrialdia baino kudeatzen zailagoa izan litekeenari aurre egiteko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2018ko ekainaren 10a
Jorge Luis Bañosen argazkian, baserriko produktuen sal-erosketa Habanako Amistad azokan. Kubatarrek beren elikadura burujabetza jokoan daukate klima aldaketaren eraginekin: gero eta maizago gertatzen diren ekaitz eta uholdeak, lehorteak, lurpeko uren gazi
Jorge Luis Bañosen argazkian, baserriko produktuen sal-erosketa Habanako Amistad azokan. Kubatarrek beren elikadura burujabetza jokoan daukate klima aldaketaren eraginekin: gero eta maizago gertatzen diren ekaitz eta uholdeak, lehorteak, lurpeko uren gazitzea, lurzoruaren higadura... ‘Tarea Vida’ estrategiaren ardatzetako bat da ingurumen aldatu batean herritarren elikadura segurtasuna bermatzea.

Itsasoa zakarra den egunetan Habanako espektalukuetako bat izan ohi da ikustea uhinak nola lehertzen diren malekoian. Baina edozein habanerok kontatuko dizu itsasoak olatuek gero eta usuago gainditzen dituztela El Malecón dikeko harkaitzak.

Joan den irailean Irma hurakanaren eraginez ozeanoa sartu zen El Vedado auzoan barrena bertako biztanle zaharrenek ere sekulako ikusi gabeko abiadan. “Kuban ez daukagu jendea konbentzitu beharrik klimaren aldaketaz”, esan die kazetariei natura eta komunitate programak koordinatzen dituen Roberto Perez Riverok: “Jendeak dagoenekoz larruazalean bizi du, bere eraginak sufrituz”.

'Irma' gertatu eta zortzi  hilabetera, maiatzaren 28an 'Alberto' ekaitz tropikalak txikizio handiak eragin ditu Kuban.

3.000 kilometro baino luzeagoko kostalde baten jabe izaki, Kubari bereziki erasango dio planetaren berotzeak itsas mailaren igotzearekin eta ekaitzen gaiztotzearekin. Bere biztanleen laurdena itsas hegian bizi ditu eta alferrik argudiatuko dute ez dagoela eskubiderik karbono isurketa apalena daukaten herrialdeetako jendeak izateko haren kalteak gogorren nozituko dituztenak.

2013an Kubako biztanle bakoitzak batez beste 2,5 metro kubo karbono dioxido isuri zuen, oso gutxi AEBetako bakoitzak aireratutako 16,4 tonen aldean. Munduko karbono dioxido isurketa guztien %0,08 baizik ez dagokie kubatarrei. Eta hala ere, uharte honetan itsasoaren maila gehiago igo da planetako batez bestekoa baino.

Aspalditik zeuden arazoaz ohartuak uharteko agintari eta zientzialari asko. Hedabideek sarritan aipatu diete herritarrei urteroko batez besteko tenperatura 0,9 ºC igo dela Kuban azken mende erdian, itsas maila 1966tik 6,77 zentimetrotan goratu dela, fenomenoa bizkortzen ari dela azken urteotan eta lehen ikerketa batean aztertutako 499 hondartzetatik dagoenekoz %82k higadura nozitzen dutela.

“Aurreikuspenen arabera –zioen Cubadebaten Ingurumen Agentziako Arrisku arduradunak– itsasoa 2050. urterako 27 zentimetro gorago edukiko dugula eta 2100erako 86 zentimetro gorago. (...) Gaur gure klima beroagoa eta muturragokoa da, hala erakusten digute datuek. Klimaren aldaketa ultimatuma ari zaigu ematen: edo aurrea hartzen diogu gaur edo bihar beranduegi izanen da”.

Oharrei entzungor inor lotan baldin bazegoen, Irma hurakanak kendu zizkion begietako makarrak joan den irailean batik bat Kubako ipar kostan etxe eta azpiegiturak suntsitu eta laboreak bezala zuhaitzak errotik erauzi zituenean. Habanan 10 metroko baga ikaragarriek El Malecón famatua gaindituta txikizioak eragin zituzten lehendik zaharkitutako eraikin historikoetan,  alde zahar osoa urperatuz.

Irmak eragindako hondamendiak behartu ditu agintariak presa sartzera azken hamar urteotan landu eta 2017ko udaberrian ministroen kontseiluak lege bihurtu zuen Tarea Vida plan estrategikoari. Epe labur, ertain, luze eta oso luzeak ere kontutan hartzen dituen planak klimaren krisiari aurrea hartu eta Kubako ekonomia bezala gizartea egokitu nahi ditu larrialdi egoera berrirako: urak harrapatzeko arriskuan diren eremuetan etxe berrien eraikuntza debekatu, itsasoak mehatxatutako herrietako jendeak lekuz aldatu, nekazaritza prestatu lehorte eta uren gazitze gero eta handiagoetarako, kostaldea babestu harresiz bezala ur bazterreko basoak ugarituz, uharteko oihanak berritu...

Kuba klima zoratuaren laborategi

Itsasoaren igoerak uhartearen 24.000 kilometro koadrori eragingo die, horietatik %20 urpean geratuz, hau da, gaur egun Kubak dituen soro onenetatik asko. Uhartea bera txikiagotu egingo da: adituek kalkulatu dute 2050erako Isla de la Juventud adinako azalera galduko duela Kubak eta 2100erako Santiago probintzia osoa adinakoa... lurralde osoaren %6 inguru.

Itsas hegiari tinko eusteko, Tarea Vidak markatu bezala, hasita daude ur bazterreko mangladiak biziberritzeko lanetan. Mundu osoan bezala Kuban ere oso hondatuta baitaude orain artean ezertarako balio ez zutelakoan zaintzen ez ziren mangle basoak.

Koralezko arrezifeek ere garrantzia berezia dute lehorra itsasoaren eraso bortitzenetik babesteko. Kuba inguratzen duten gehienak sasoi onean daudela dirudi eta orain hasi dira arreta berezia eskaintzen kutsadurak hondatu dituenei.

Kubak ingeniaritza ere beharko du babestu nahi baditu kostako etxe eta azpiegiturak, turistak erakartzen dituzten cayoak, hondartzak, hiri osoak ere bai. Habanako agintariak Holandako espezialistei deitu diete, itsasoarekiko borrokan munduko onenak direlakoan.

Itsasoa, ordea, errio eta ibaietan gora eta lurpeko akuiferoetan barrena ere barneratuko da, gaur gezak diren asko gazituz. Dagoenekoz salinizazioa fenomeno oso zabaldua da. Ur gezari bidea errazteko kanalak hobetu eta berritzeaz gain, Tarea Vidaren barruan hasiak dira gatz artean biziraungo duten laboreetan ikertzen, esaterako salinitateari egokitutako arroz barietateetan.

Ur falta izango da Kubak aurrerantzean gero eta larriago sentituko duen gabezia. 2100erako %37 gutxiago edukiko omen dute eskuragai, tenperaturen igoeraz gain euriak ere gutxituko zaizkielakoan. Lehorteak, suteak, haize ekaitzak... klimaren zoratzearen agertoki guztiak aztertu dituzte orain lege bihurtu duten planean.

Uhartea izanagatik, Kubaren arazoetako bat ur falta da: T3 hedabidearen argazkian, herritarrak kamioitik hornitzen 2017ko idortean.Argazki oina

Tarea Vidaren osagai delikatuenetako bat da lekuz aldatu beharko diren familia, auzo eta herriena. Itsasoak aurrera egin ahala, behartuta aurkituko baitira. Gobernuak dagoenekoz 40 familia atera ditu luzaz arrantzatik bizi izan diren Palmarito herritik eta lehorrean barrurago kokatu. Gatazka gutxi ez dute ekarriko neurriok.

Nondik aterako du Kubak dirua AEBen mehatxua baino errukigabeagoa izango den eraso berriari aurre egiteko? Habanako agintariek aipatzen dute aurten 40 milioi dolar gastatzea Tarea Vidan. Italiak 3,4 milioi aurreratu dizkie. Klimarentzako Munduko Funtsari 100 milioi gehiago eskatu dizkiote. Broma bat dirudi, Europan edo AEBetan edozein tunel alferrikakotan xahutzen direnak ikusita. Beste askotan bezala, kubatarrek beren kasa konpondu beharko dute: “Hay que resolver, compañero”.

Sobietar Batasuna uzkaldu osteko Periodo Especialeko estutasunak gogoan dauzkate oraindik kubatar askok, munduan bakarrik geratzearen itolarria. Hura ahaztu eta kontsumitzeari justu usaina hartzen hasiak direnean, Habanako lider politikoei ez zaie erraza gertatuko herritarrei berriro larrialdiak iragarri eta sakrifizioak aipatzea. Baina Pérez Riverok dioenez, “Irmak zerbaitetan lagundu digu: jendeak ulertu du klima aldaketa jada gertatzen ari dela”.

Kanal hauetan artxibatua: Klima aldaketa  |  Kuba  |  Hondamendiak

Klima aldaketa kanaletik interesatuko zaizu...
Vandana Shiva asteazkenean klima aldaketaren erronkez mintzatuko da Donostian

Fisikan Doktore eta gizarte eta ingurumen gaietan ekintzaile, gizateriak aurre egin behar dion egoeraren aurrean bere ikuspegia emango du, batik bat krisi klimatikoaren ondorio ekologiko, politiko eta sozioekonomikoen esparruetatik. Klima-aldaketa "planetaren gaixotasun metaboliko" gisa definitzen du klima-aldaketa , eta ekofeminismoa berriz, "biozibilizazio planetarioaren bidea" bezala.


Ozono geruza kaltetzen duen substantzia kimikoaren isuria %25 hazi da

Zientzialariek ohartarazi dutenez, ozono geruzaren berreskurapena hamar urtez atzeratu dezake kontrolpetik kanpo dagoen CFC-11 kimikoaren isuriak.


2018-04-05 | ARGIA
Saharako basamortua %10 handitu da aldaketa klimatikoaren ondorioz

Amerikako Estatu Batuetako Maryland Unibertsitateak egindako eskala handiko ikerketa baten arabera, munduko basamortu handiena iparralderantz eta hegoalderantz hazten ari da euri falta dela-eta.


2018-03-09 | Mikel Asurmendi
Klimaren borroka galtzen ari ote gara?

Bizi! mugimenduaren iritziz, 2015eko COP21aren karietara hartu ziren engaiamenduek ez dute inolaz ere klimaren egonkortasuna segurtatzen. Galdera da: klimaren borroka galtzen ari ote gara?


2018-02-25 | Reyes Ilintxeta
Uxua Lopez, telekomunikaziotako ingeniaria
"Emakumeen talentu guztia baliatu behar dugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan"

80 emakume zientzialari espedizio batean ari dira egunotan Antartikan, tartean da Uxua Lopez. Duela bi urte ehuntzen hasi zen 1.000 emakume adituren sareko kide dira. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Hurrengoa, klima aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea, berandu baino lehen.


2018-02-08 | Jon Torner Zabala
Neguko hiri olinpikoetako asko, aurki beroegiak izan litezke Jokoak antolatzeko

Gaur hasi eta hilaren 25era bitartean egingo dira Neguko Joko Olinpikoak, Hego Koreako Pyeongchang hirian. Kontuan hartzen badugu 2022ko egoitza (Beijing, Txina) ere bai, 21 izango dira 1924az geroztik Jokoak jaso dituzten hiriak.  Klima aldaketa dela-eta, kokagune horietako asko beroegiak izan litezke epe laburrean (2050ean), izotz eta elur gaineko kirolak praktikatzeko.


2018-02-01 | Miren Osa Galdona
Europarren %86k pairatuko ditu uholdeen kalteak klima aldaketaren ondorioz, kasurik arinenean

Ikerketa berri batek ondorioztatu duenez, lurraren tenperaturak igotzen jarraitzen badu, uholdeen arriskua areagotu egingo da. Hala izanez gero, kalteak nabarmenak izango lirateke herritarrentzat.


Klimaren erotzeak kanporatutako etorkinei, guk hesi militarizatuak

Lehorte, uholde eta ekaitz erraldoietatik ihesi klimaren aldaketak kaltetutako gero eta jende gehiago datorrelarik mundu aberatserantz,  urte ederrak bizi ditu mugak gotortzearen industriak. Todd Miller kazetari eta migrazioetan adituak Hesiarekin borrokan liburuan azaltzen du frontearen gaurko argazki orokorra: zer galdurik gabe datozen etorkinen epopeia, multinazionalek mugen militarizazioarekin egiten duten urrea, justiziaren aldeko talde militanteen borrokak.


2017-12-11 | Miren Osa Galdona
Klima aldaketan duten eragina dela eta, giza eskubideak urratu dituzten enpresen inguruko lehen ikerketa egingo da

Erregai fosilen ekoizten dituzten enpresak eta klima aldaketa uste baino lotuagoak egon daitezke. Enpreson erantzukizuna aztertzeko abenduaren 11n abiaraziko dute ikerketa. Filipinetako Giza Eskubideen Batzordeak gidatuko du eta, besteak beste, Repsol, Shell eta Chevron enpresak daude jomugan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude