argia.eus
INPRIMATU
Elikadura burujabetza Nafarroako Parlamentura
Garazi Zabaleta 2018ko ekainaren 08a
Argazkia: Mundubat.
Argazkia: Mundubat.Argazkia: Mundubat.

Ezohiko itxura hartu zuen maiatzaren 15ean Nafarroako Parlamentuko hemizikloak: Mundubatek, Mugarik Gabe Nafarroak eta IPESek antolatuta, II. Elikadura Burujabetzaren Parlamentua egin zuten bertan. Nekazari eta ekoizle txikiek, Udaletako zinegotziek, INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko ordezkariek nahiz kontsumo talde eta hainbat kolektibotako kideek bete zituzten parlamentuko eserlekuak egun horretan, parlamentariekin batera.

Bi urteko prozesuaren emaitza

Iaz hasi ziren elkarteak Nafarroan zehar, merindadez merindade, elikadura burujabetzaren gaineko saioak egiten. Gobernantza lokal eta eraldatzailea elikadura burujabetza eta genero berdintasun gakoekin izenburupean, zonalde bakoitzeko ekoizle, udaletxe, elkarte, garapen agentzia eta bestelako eragileekin elkartu ziren bertako errealitateen gainean hausnartzeko.

Segituan ohartu ziren, merindade batetik bestera mugituta ere, antzeko arazoak zituztela. “Merindade guztietako egoerek partekatzen dituzte gauza asko, esaterako, nekazari txikia desagertzen ari dela bizirauteko geroz eta zailtasun gehiago dituelako”. Urteetan bultzatu diren nekazaritza politikek eta merkatuaren joerek zerikusi zuzena dute egoera horrekin, Gotzone Sestorain prozesuko eta parlamentuko partaide eta ekoizlearen ustez.

Elikadura osasuntsua, herrien biziraupena eta justizia soziala

Merindade guztietako diagnostikoen aurkezpena egin eta gero, Nafarroako Gobernuari zuzenean hainbat neurri har ditzala eskatzeko erabili zuten partaideek Elikadura Burujabetzaren II. Parlamentua. Zer neurri? Lurra azpiegitura erraldoietatik eta espekulaziotik babestea, elikadura burujabetzaren gaineko formazioa bultzatzea, tokiko elikadura publikoak lantzen jarraitzea, indartzea eta koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzantzako lege higieniko-sanitarioak ekoizle eta eraldatzaile txikien profilera egokitzea eta salmenta zuzenaren legea garatzea eta gazteak nekazaritzan sartu ahal izateko baldintzak malgutzea, besteren artean.

Azken batean, nekazaritza eta abeltzaintza politikak euren eredura egokitzea izan da parte-hartzaileen eskari nagusia. “Nafarroan badira tokiak husten ari direnak, eta belaunaldien arteko erreleboa emateko nahitaezkoak dira horrelako politikak lehenbailehen martxan jartzea”, dio Sestorainek. Behe Nafarroako merindadeko ordezkaria ere izan zuten bertan: Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kide batek azken urteetan Ipar Euskal Herrian martxan jarri dituzten proiektuak eta egin duten bidea azaldu zuen parlamentuan. Hegoaldeko lurraldean bide hori hasi besterik ez da egin…