Agur eta ohore Miren Osa eta Maddi Txintxurreta

argia
0
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Zer moduzko esperientzia izan da ARGIAn praktikak egitea?

Oso ona. Asko ikasi dugu kazetaritza munduaz, batez ere modu independente bateko eredutik. Nahiz eta goizean goiz Lasartera joan egunero, ez da inondik inora rutina bilakatu. Egunero-egunero hainbat gauza egin ditugulako, izan albisteak, elkarrizketak edo erreportajeak. Gaiak ere oso anitzak izan dira eta horrek gure zaletasunen berri izateko balio digu. Gainera, unibertsitateko lagunak izanda, esperientzia hobea izan da.

Zergatik aukeratu zenuten ARGIA?

Bioi idatzizko euskal prentsa gustatzen zaigu, eta gaur egun arlo horretako eskaintza oso mugatua da (Berria, ARGIA, eta tokikoak). Horrez gain, ARGIAren filosofiarekin bat egiten dugu txikitik eragiten duela dioenean. Horren parte izan nahi genuen, periferiako kazetaritzan arituz, eta bazterreko gaiak erdigunera ekarriz.

Zer jaso duzue praktikaldian?

Egunerokotasunari adi egoten ikasi dugu. Gainera, taldean lan egiteko beste modu ikasi dugu, gure aurreko praktikaldiekin zerikusirik ez duena. Izan ere, ARGIAn lankide bakoitzaren erritmoa errespetatu egiten da, eta lana ere horren arabera banatzen da. Lasai lan egiteko aukera dago, kazetaritzaz gozatuz. Kazetari moduan, gainera, albiste motzak eta erreportajeak lantzen ikasi dugu. Fakultatean maiz faltan botatzen dugun arloa, ikasketa prozesua oso teorikoa baita. Bestalde, ARGIAtik ekipo moduan jaso dugun onena bakoitzaren laguntasuna izan da. Oso gertuko pertsonek osatzen dute ARGIA, bai kazetariak baita administrazioko langileak ere, eta horrek giro paregabean lan egitea ahalbidetzen du. Oso eskertuta gaude.

Kaleko kazetaritza egitea ere tokatu zaizue. Martxoak 8, Bizitza Da Handiena… Zer moduzkoa izan da?

Kazetaritzaren alde emozionantea kalean egotea den arren, oso nekagarria ere bada. Hala ere, gustuko gaiak izan direnez, feminismoa eta borroka soziala kasu, buru belarri sartu gara. Bi esperientziotan asko ikasi dugu baita, zuzeneko jarraipenak egin behar zirelako sare sozialetarako, eta adrenalina puntu hori ere eskertzen da noizean behin.

Lortzen al dute ARGIAkoek praktikaldian daudenak taldeko kide sentiaraztea?

Bai, noski! Hilabete hasieran bodegara egin genuen txangoa adibide argia da. Lana ez baita soilik Lasarteko erredakzioan egiten dena, baizik hortik sortutako harremanek ere asteburuetarako balio dutela erakutsi digute. Oso jatorrak dira eta lehen unetik etxean bezala sentiarazten dizute. Zer esanik ez, norbaiten urteak direnean eta erredakzioa pastaz betetzen denean.

Kazetaritzarekin jarraitzeko eta kazetaritzan sinesteko gogorik geratzen al zaizue?

ARGIAk kontratatzen bagaitu, bai! kar-kar-kar. Bestela, beste eskaintza batzuk entzuteko prest gaude, praktikaldia amaitu ostean langabezian geratu baikara. Egoera ikusita, edozer lani heltzeko arazorik ez genuke izango, baina kazetari moduan aritzeko grina ere ez zaigu falta. ARGIAk berpiztu digu izaera hori, fakultateko lau urtetan ez baitugu halakorik sentitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA