argia.eus
INPRIMATU
Hiltzea zor
Jakoba Errekondo 2018ko ekainaren 04a
Lotura zuzena da, nekazaritza intentsiboagoa eta pestizida aztarna gehiago ibaietan. 
Ebro ibaia Espainiako Estatuko bigarren kutsatuena da, eta EAEkoak hirugarrenak. 
EAEko ibaietan topatutako 17 substantzietatik 15 legez kanpokoak dira.
Lotura zuzena da, nekazaritza intentsiboagoa eta pestizida aztarna gehiago ibaietan. Ebro ibaia Espainiako Estatuko bigarren kutsatuena da, eta EAEkoak hirugarrenak. EAEko ibaietan topatutako 17 substantzietatik 15 legez kanpokoak dira.

Aurtengo otsailean Ekologistak Martxan eta Pesticide Action Network Europe elkarteek elkarlanean egindako txosten argigarri bat kaleratu dute. Espainiako Estatuko ibaien egoeraren berri ematen du txostenak. Ibai bakoitzaren arroaren kudeaketa eta kontrola Konfederazio Hidrografikoa deitzen diren administrazioen esku daude. Konfederazio horiek 2012an eta 2016an ibaietan topa zitezkeen pestizidak ezagutzeko azterketak egin zituzten eta haien emaitzak eskuetan osatu dute txostena.

Emaitzak beldurgarriak dira. Pestizida ugari antzeman da, gehienak intsektizidak eta herbizidak. Horietako %70, Europar Batasuna osoan bezala Espainian ere erabili ezin direnak, galerazita daudenak. Eta lotura zuzena da, nekazaritza intentsiboagoa eta pestizida aztarna gehiago ibaietan.

2016ko azterketetan aurkitu diren pestiziden erdia baino gehiago (%55) disruptore endokrinoak dira edo izan daitezkeen susmo handiak daude; hau da, gure hormona sistemari eragiten dioten substantziak dira asko. Ondorioz, estatuko ibaiei ibai hormonatuak deitzen zaie.

Guri dagokigunez, alde batetik Ebro ibaiari buruzko datuak azaldu dira, eta bestetik Kantabriko ekialdea deitu duten multzo bakarrean EAEko ibaiei buruzkoak. Bi horien emaitzak ere etsigarriak dira: Ebroko azterketek diote estatuko bigarren ibai kutsatuena dela eta EAEko ibaietakoak, berriz, hirugarrenak. Kontuan hartzen badugu Espainia dela Europa osoan pestizida gehien erabiltzen duen estatua (78.818 tona 2014an), bada, geure ibaietan dugun arrasto hori arduratzeko modukoa da. Hortik geure ingurumen guztira eta geure elikagaietara ez dago koska handirik. Ebron topatu diren 21 substantzietatik 18 legez kanpokoak dira, aspaldi debekatutakoak gehienak. EAEko ibaietan topatutako 17etatik 15 dira debekatutakoak. Hori gutxi balitz bezala, EAEko ibaietan gehien antzeman den bigarren produktua glifosatoa da, gure osasunerako txarretan txarrenetakoa.

Panorama horrekin proposamenak ez dira beste mundukoak: legea betearaztea, disruptore endokrinoak galaraztea, pestiziden erabilera mugatzea (Danimarkan eta Frantzian %50 hamar urtean) eta abar. Hiltzea zor dugu, baina nola da gakoa.