Herri boteretik "Euskal Erregimena" borrokatuz

  • Maiatzaren 19tik 27ra Bizitza Da Handiena kanpaina gauzatu dute Donostian. 63 herri mugimenduk eta sindikatuk “borroka sozialen astearekin” bat egin dute, eta “herritarron kapitala” aldarrikatu dute. Lubaki desberdinek fronte bakarra osatu dute. Ozenen entzun den oihua turistifikazioaren aurkakoa izan da, izan ere, Turismoaren Mundu Erakundeak goi-bilera hirian egin behar zuen egunekin bat egin du mugimendu desobedienteak.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta
2018ko ekainaren 03a

Kalean gauzak aldatzeko grina apaldu dela, maiztu dela borrokarako adorea, lausotu begirada kritikoa. Ez omen da oraingo Donostia lehengoa bezalakoa, zapalduek ez dutela sumatzen zapaltzailearen bota garondoan iltzatuta. Azken aste honetan erakutsi dute existitzen dela herritar hezikaitz mordoa, borroka ugariren baturaren plaza. Postal turistikoetako Donostia idilikoaren atzean dagoena azaleratu da. Txikitik, baliabide gutxirekin, Bizitza Da Handiena kanpaina bestelako hiri bat proiektatzen saiatu da, pentsaera eta borroka desberdinen baturatik eta ahalduntzetik. Mezua sinplea baina garbia izan da: “Ez gaude ados”.

Bizitza Da Handiena dinamikari 63 eragilek adierazi diote atxikimendua, batzuk proiektua politikoki babestuz eta beste batzuk borroka sozialen gurdiari tiraka; antolatuz, eztabaidatuz eta ospatuz. 63 eragilek bat egitea ez zen erronka erraza. Azken asanbladan kide beterano batek adierazi zuenez, Gipuzkoako hiriburuan halako zerbait sortzeko saiakera ugari egin dira azken 30 urteetan, eta hau da gorpuztu den bakanetakoa. “Hau erreala da, behetik gora sortu da eta hemen gaude”, adierazi du. Orain arte bakoitzak bere lubakitik egin du erresistentzia, baina bazuten susmoa indarrak batu zitezkeela. Etsai komunari “euskal erregimena” deitu diote: Herritarren plazetatik urrunduta bulego hotzetatik aldebakartasunez erabakiak hartzen dituzten horiek; Donostian metro-pasantea eta Zubietan erraustegia eraiki nahi dituztenak, etxebizitzen alokairuak garestituz gazteen emantzipazioa ezinezko bihurtzen duena, hirian hotel gehiago ireki nahi dituztenak, Turismoaren Mundu Erakundeari alfonbra gorria jarri diotenak, pentsioak behar beste igotzen ez dituen gobernuarekin aurrekontuak onartu dituztenak, hedabideetatik protesta soziala zentsuratzen dutenak... Baina, etsai komuna bainoago, gizartearen eraldaketarako grina partekatu dute eragileek. Abiapuntua berbera: erresistentzian, desobedientzia zibilean eta kolaborazio ezan oinarritutako borroka ez-biolentoa, eta bizitza erdigunean jartzea.

Helburu horrekin sortu da “borroka sozialen astea”. Astebete ekitaldiz, hitzaldiz, musikaz eta ekimen desobedientez lepo. Aste parekide eta parte-hartzailea, herri boterearen ber-haste eta hazte bat. Ahalduntze kolektibo bat.

Eraikinaren lehen sorpresa

Kalejira batekin abiatu zen dena, Bulebarrean maiatzaren 19 goizean. 300 pertsona inguru abiatu ziren trikitilariei segika, mozorrotuta eta alai. Bizitza Da Handienak bizipoza ekartzeko eskatu zuen, eta etxeko lanak eginda agertu ziren Donostiako postalaren markotik kanpo bizi direnak. Gutxik espero zutena gertatu zen gero: Idiakez kaleko seigarrenera iritsi eta 2002tik lehenengoz ireki zituzten zortzi solairuko bloke baten ateak. Ertzainez beteriko Gipuzkoa Plazaren ondoan, herritarrek sorpresa eman zuten: Okupazio batekin hasi da borroka sozialen astea.

Hautseztatuta zegoen eraikina, utzita. Aulki zaharrak, zuzenbideko liburu mardulak eta epaiketa gela abandonatuak. Espainiako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena da eraikina, baina urte luzez amaraunak zintzilik izan ditu, hiriko erdigunean utzikeriak janda, 2002an hustu eta 2009ko irailaren 29an ia 10 milioi euroko prezioan enkantera atera zenetik. Harik eta Bizitza Da Handiena dinamikak biziberritu duen arte.

“Herritarron Etxea”: Zaintza eta borroka

Goitik behera garbitu dute eraikina, auzolanean dena. Argia jarri, garbiketarako ura solairuetan dauden mahuketatik baliatu eta edangarria Bretxako iturritik hartu, eragileen kartelekin paretak atondu, zortzigarren pisutik beheraino fatxadan pankarta erraldoi bat jarrita kalea aldarrikatu eta atarian bi joaldun astebetez herri boterearen zaindari gisara finkatu.

Eraikina okupatu berritan egindako prentsaurrekoan lau haizetara zabaldu zuten: Azken urte eta erdian Donostian legez kanpoko huste ugari egin dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Prentsaurrean argitu zutenez, legeak dioenez, eraikin publikoan sartuz gero, administrazioak hamar eguneko epea eman behar duela husteko. Bizitza Da Handiena astebeteko ekimena zen, zortzi gau eman ditu “Herritarron Etxean”. Ertzaintza eta udaltzaingoaren aldizkako bisitak izan dituzten arren, ez dituzte kaleratu. Agian izango zuen pisurik agintariei abisatu izana kaleratuz gero plazetara mugituko zutela kanpaldia. “Bazen garaia norbaitek zerbait egiteko eraikin honekin”, adierazi du okupazioa gertatu bitartean bertatik igaro den agure batek.

Bertan izan dira Ira, Haizea, Bittor, Lur eta Ilargi. Ez dira orriotara testigantzak ekarri dituztenen egiazko izenak, baina aste osoa ibili dira kanpaina antolatzen eta eraikinean bizitzen. Ekintzaz betetako astearen bukaeran tarte bat hartu dute ARGIArekin hitz egiteko.

Okupazioa baino, “garrantzitsuena kalean gertatu dena” dela iritzi du Lurrek. Alabaina, zaintza eta elkarbizitza “etxean” sortu direla nabarmendu dute guztiek. “Ideologia ugaritako pertsonak batu gara hemen eta aurrera eraman dugu guztia, inolako haserrerik gabe”, esan du Bittorrek. Ilargik hari berberari eutsi dio: “Elkartu gara pertsona batzuk agian espazio hau existitu ez balitz ez ginenak sekula ezagutuko”.

Pertsona ugarik egin dute bizitza bloke okupatuan. Bertan otordu herrikoiak prestatu dituzte borondatearen truke, garbiketa txandak egin; zaintzarik gabe gauza-ezina baita borroka. Haizeak horixe azpimarratu du: “Gustatu zait otordu guztiak beganoak izatea, eta hori zalantzan ez jartzea. Zalantzan ez jartzea espazio ez misto bat egon behar dela, baita sukalde eta garbiketarako txandak sortzea ere. Lorpen izugarria da aste bakarrean argindarra, ura, wifia eta lotarako leku bat martxan jartzea”.

Bizitza Da Handiena kanpainaren aurre-prestaketan okupazioa “ekintza bat gehiago” bezala aurreikusi zen, baina leloaren aldarriari jarraiki, bizitza erdigunean jarri duen espazioa izan da “Herritarron Etxea”, eta militantzia-eredu nekagarritik aldentzea erdietsi du, gozamenerako espazioa sortuz. Egitarautik kanpoko eztabaiden mahai-buelta eta kulturaren oholtza izan da aurretik hautsak hartuta zegoen eraikina. Gaubelen eta festaren alde ere borrokatu da: Gari donostiarraren emanaldia, bi emakume argentinarrek antzerki feminista egin dute, Hatxe eta Eraul musika taldeak eta Andoni gitarra-jolea ere bertan izan dira; eta eskuz esku pasatu dira, ia uneoro, gitarra eta ukelelea.

Pentsaera ugaritako pertsonak ez ezik, askotariko gorputzak partekatu dute espazioa, eta ahaleginak egin dituzte eraikina gune askatzaile bilakatzeko. Normatik kanpoko gorputzetik hitz egin du Irak, transexuala da bera: “Badago lanketa bat eginda, beste identitate batzuen aurkezpena barneratzeko nahia eta ahalegina. Aniztasuna ikusi da, egon da jende nagusia, gaztea, identitate desberdinak, gorputz desberdinak. Hori oso garrantzitsua da. Hala ere, ez da guztiz gune askatzailea izan”. Bizitza Da Handiena dinamikak saiakerak egin ditu ahalik eta espazio parekideenak sortzeko: eraikinean gela ez-mistoa sortu dute, hau da, ez-gizonentzako gela, bertan esperientziak, balizko erasoak eta erantzun bateratuak partekatzeko. Protokolo feminista ere idatzi dute eta asanbladetan “gorputz anitzen erosotasuna” bermatzeaz arduratu den lantaldea osatu dute.

Asanbladak: Anitz eta horizontal

Eguneroko zita garrantzitsuenetakoa asanblada izan da. Arratsaldero 19:30ean hiriko plazetan elkartu dira, egunak eman duena baloratu eta hartu beharreko erabakiak kolektiboki eztabaidatzeko. Gipuzkoa Plazan egin zen lehenengoa, larunbatean, orain bi urteko Gipuzkoa Zutik kanpaldiaren lekukoa hartuta, asanbladaren erdian koloretako paratxuta jarrita, aniztasunaren ikur. Orain bi urte kolektiboki adostutako irizpideetatik abiatu dira asanbladak.

Asanbladen dinamikaren kontsentsua idatzi zen, erabakigune ahalik eta horizontalena erdietsi asmotan. Lurrek aipatu bezala, “asanblada izan da aste guztiaren gidaria”.

Eguneroko lanen kudeaketa lantaldeen bidez egin da: Diru-zaintza, komunikazioa, gorputz anitzen erosotasuna, ekintzen antolaketa, sukaldea, asanbladaren dinamizazioa eta eraikinaren azpiegitura. Bittorrek dio berrikuntza izan dela gorputz anitzen erosotasunari begira sortu den lantaldea: “Saiatu gara ingurura begiratu eta ondokoen beharrak identifikatu eta asetzen”. Bizitza Da Handiena kanpainara mota guztietako gorputz eta identitateak erakartzen saiatzeaz gain, iritsi berriei informazioa eman zaie, kudeaketarekin zerikusia duen lantalde batera bortxaz sartzeak eragin zitzakeen deserosotasunak saihesteko.

Lantalde horrek berak astearen igaroa begirada feministarekin bideratzea zuen helburu, eta asanbladetan izan zuen isla, Haizeak dioenez: “Ez-gizon dezente ausartu dira hitz egitera. Asanbladetan ez da egon gizonaren protagonismorik”.

Kaleko ekintzak: Umil baina indartsu

Aste osoko egitaraua sortu dute, espazio publikoa hartuz eta “publiko” hitzaren benetako esanahia berreskuratuz: kalea hartuz.

Maiatzaren 19an, okupazioaren eguna auzolanean igaro zuten Bizitza Da Handiena lelopean. Borrokaren bilgarri eta elkargunea jada prest, astebetean kalean ekintza ugari egin dituzte. Kanpainara atxikitu diren eragileek prestatutako ekimenak izan dira:

Uliara martxa, igandetan irekitzen duten komertzioen aurkako Jaietan Jai, metroaren aurkako zulaketa Kontxan, fanzine tailerra, Kataluniako presoekin elkartasun ekimena, hirian dauden bideobijilantzia kameren identifikazioa, pentsionisten asanblada, Ernairen “alfonbra gorria” ekimena, hainbat langileri ez dietela ordaintzen salatzeko Gogoko Goxuak kafetegian croissant eta kafea doan hartzeko ehunka txartelen banaketa, “Urezko kaiolarik ez” kontzentrazioa Aquariumean, Asepeio mutuaren kanpoaldean kontzentrazioa, MTEri gaizki etorria, “Feministok gudari planto!” kontzentrazioa, “Donostian zer gutxi birziklatzen den erakusteko” errefusaren edukiontzien zigilatzea, Hotel + ez elkarretaratzea, Giri poteoa, Euskal Herriko jaietan animaliez egiten den erabilerari buruzko Gurean dokumentalaren proiekzioa, euskal preso politikoekin elkartasunez enkartelada, Mozal Legearen aurkako Libre lasterketa, Fan Hemendik festa, Aldundiaren fatxadan erraustegiaren kontratua erakusteko eskatuz eta ustelkeria salatuz pankartak jartzea, haurren txokolatada, pentsio duinen aldeko manifestazioa, “Zer metro?” Bideoaren emanaldia eta metroaren aurkako bizikleta martxa. Sarean zabaldutako egitarauan, “Zorionak hoteletako langileei” adierazi dute, egitarauan zegoen eta azken unean patronalak beren eskaerak onartu dituenez egin behar izan ez duten grebari erreferentzia eginez.

Hitzaldi eta formaziorako tartea ere izan da: besteren artean, Donostiako herri harresian atxilotu zituzten hainbat lagunen esperientzia, Lurralde Askearen 100 konpromisoen liburuaren aurkezpena, segurtasun digitalari buruzko hitzaldia, Iruñean egingo duten Alternatiben Herriaren aurkezpena, Iñaki Gil de San Vicente Donostia eta Europako kapitalari buruz mintzatu zen, Ainhoa Intxaurrandietak erraustegia eta ustelkeria lotu zituen Angula Ustelak hitzaldiarekin eraikineko epaigela batean...

Ekimen batzuetan milaka lagun bildu dira, beste batzuetan dozena bat, eta Bizitza Da Handiena kanpainan parte hartu duten kideek auto-kritika egiteko tartea ere hartu dute, izan ere, antolatutako ekintzetara “espero baino jende gutxiago” agertu dela esan dute. Horren arrazoietako bat hedabide batzuek kanpainari ezarri dioten zentsura izan daitekeela esan dute, “zenbaitzuen interesen ondorioz”. Hala ere, garrantzia eman nahi izan diote astebete ekintzaz betetzeari eta lortu diren helburuei. “Gure helburuetako bat zirikatzea zen, eta hori lortu dugu, haiek gure kontra errepresioa erabili badute ere”, dio Bittorrek.

Pozik agertu dira borroka sozialaren astea barrutik bizi dutenak. “Kuantitatiboki agian ez da izan espero genuena, baina mezua iritsi da. Garbi erakutsi da beste gizarte justuago bat nahi duen jende asko dagoela”, esan du Ilargik. Haizeak, berriz, etorkizunera begiratu du: “Astea oso indartsua izan da. Ikusi dut badagoela gogoa gauza gehiago antolatzeko elkarrekin, ikusi ditut eztabaida politak eta elkarlana. Saretze prozesu bat hasi da”.

Turismoa blindatu du Eusko Jaurlaritzak

Bizitza Da Handiena aste honetan egiteko arrazoia Turismoaren Mundu Erakundeko (TME) ordezkarien bisita izan zen, eta kanpainaren helburuetako bat izan da ordezkariok konturatu zitezen donostiar ugari ez daudela egungo turismo ereduarekin ados. Turistifikazioaren Aurkako Europa Hegoaldeko Hirien SET sareko kide da Donostia, eta gainontzeko hiriekin elkarlanean idatzitako manifestua kongresistei helarazteko ardura zuten. Kursaalean zeudela, ez zuten dokumentua hartu nahi izan.

Turistifikazioaren aurkako bi ekintzatan, Ertzaintzaren erantzuna bizkorra izan da. Astearte gauean Bizitza Da Handienak deituta Turismoaren Mundu Erakundeko ordezkariei “gaizki-etorria” egin zieten. Gauez atera ziren kalera, “WTO go home” pankartak eskegi zuten Maria Cristina eta Londres hotelen parean, eta suziri bat bota zuten airera, kongresistak esnatu asmoz. Lehen aldia da historian TMEri protesta egiten zaiola. Gau hartan bost lagun identifikatu zituen Poliziak, tartean ARGIAko kazetari bat.

Asteazkenean, Gladys Enean egin zuen asanblada Bizitza Da Handienak, Tabakalera ertzainez inguratua zegoen bitartean. Kalez jantzitako poliziekin parkea hartzea gutxi ez, eta drone bat ere izan zuten airetik zelatan. TMEaren ordezkariak Tabakaleran luntxa zuten bitartean egingo zen ekintza findu zuten asanbladan: txilibituekin zarata egitea erabaki zuten.

Baina ez zen hain erraza izan. Polizia oldartu egin zen eta porrak aterata kolpeka hasi ziren era baketsuan protestan ari ziren manifestarien aurka. Liskarrean, ertzainek bi lagun lurrera bota eta atxilo eraman zituzten. Autobusekin estali nahi izan zuten protesta soziala, baina erakineko leihoetatik begiratzen zuten kongresistei atxiloketen momentuaren bideoak helarazi zizkieten ekintzaileek sare sozialen bidez. Gau horretan aske utzi zituzten atxilotuak.

Poliziaren jokabideak ez zuen kikildu Bizitza Da Handiena kanpaina eta turistifikazioaren aurkako borroka. Ostiral arratsaldean BiziLagunEkin plataformak deitutako manifestazioan ehunka pertsona atera ziren kalera, eragile desberdinak “turismoak herria hiltzen du” oihuaren pean.

Eta orain zer?

Larunbat gauean “Garaipenaren Festa” egin zuten erakinean, pozak eta nekeak hustu asmoz. “Aste honen amaieran aste hasieran baino indartsuago gaude”, aipatu du Bizitza Da Handienako kide batek igandean, borroka sozialaren asteko azkenengo asanbladan. Eraikineko ateak itxiko dituzte, bukatu da borroka sozialen astea.

Eragile bakoitzaren hiru aldarrikapen jasotzeari ekin dio Bizitza Da Handienak, eta horietatik abiatuta, borrokak bateratzen jarraitzeko prozesu bat martxan jartzen saiatuko dira.

Baina, orain zer? Bizitza Da Handiena dinamikako hamasei lagun identifikatu ditu Poliziak, eta beste bi pertsona atxilotu dituzte. Identifikazioen atzetik epaiketak etorriko dira, eta horren ostean, isunak. Nola egingo diete aurre? Loratuko da berriro "Euskal Erregimenaren" lohian ereindako hazia?

"Herritarron Etxearen" sarraila itxi baino lehen, "Bizitza Da Handiena" idatzita eta ukabil adarduna marraztuta zeukan pankarta erretiratu dute fatxadatik. Baina, adi! Beste pankarta bat utzi dute zintzilik: "Jokoak jarraituko du. Laster arte!"

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bizitza Da Handiena  |  Donostia  |  Turismo masiboa

Bizitza Da Handiena kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-12 | Lander Arbelaitz
Ez deitu "borroka sektorialak", oinarriak dira

Nola borrokatu abiadura izugarrian eta inongo konplexurik gabe, Bruselatik hasi eta gure herrietaraino ezartzen ari diren politika neoliberalak? Nola geratu herritarren txirotzea, eskubideen etengabeko murrizketak, gure bizitzen espektakularizazioa?


Citizens of Donostia to the World Tourism Organization: "We don't agree"

The Bizitza da handiena ('Life is the Greatest Thing') campaign was held in Donostia from 19th to 27th May. 63 citizens' movements and trades unions joined in with the "social struggle week" and proclaimed the need for a "citizens' capital". Different trenches have made up a single front. The anti-tourism protest got its message across, the World Tourism Organization holding its highest level meeting in city during the same week as the protest movement.


2018-05-27 | Xalba Ramirez
Abaraska proiektua
Etxebizitza, auzoaren eragile sozial

Erosi, alokatu eta okupaturen artean, etxebizitzaren arazoari erantzun berri bat ari dira entseatzen Donostiako Abaraska proiektuko kideak. Teilatu batetik harago, ingurua eraldatu eta beste bizi eredu baten oinarria izan daitekeelako jarri dute martxan etxebizitza kooperatiboaren proiektua. Definizio fasea behin igarota, bizitoki izango duten espazioa lortu eta errealitatera salto egiteko aliantzak josten dabiltza.


Turismo-eredu blindatua herri boteretik ziztatzen

Donostiako Idiakez kaleko eraikin okupatuak, Bizitza Da Handiena kanpainako kideek "Herritarron Etxea" izenpetu dutena, zutik dirau, borroka sozialen astearen sinboloak tinko mantendu ditu zimenduak. Zutik dirau Bizitza Da Handiena kanpainak berak, ez baitu imintzio dardaratirik erakutsi hamasei identifikazio, beste hainbeste borra-kolpe eta bi atxilotu jasan izanagatik ere.


2018-05-24 | ARGIA
Donostia erdialdean errefusarentzako edukiontziak zigilatu dituzte erraustegia salatzeko

kanpainaren barruan, Donostiako erdiguneko 100 edukiontzi zigilatu ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, errefusaren edukiontziotan hondakinak uzten dituzten auzotarrak informatzeko oharrak ipiniz.


2018-05-24 | ARGIA
Azken txanpan sartu da Bizitza Da Handiena: pentsiodunen manifestazioa eta okupazioaren azken gaua

Maiatzaren 19tik 26ra Donostiako kaleetara ateratzeko dei egin du Bizitza da Handiena kanpainak. "Agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politiken aurka" eta "herritarron kapitalaren alde" egitea du helburu, eta hainbat sindikatu eta herri mugimenduk atxikimendua adierazi dute sare sozialetan. Turismoaren Mundu Erakundea asteartean iritsi da Donostiara, eta Bizitza Da Handienak ekimen ugari antolatu ditu horren kontra.


2018-05-22 | Miren Osa Galdona
Kezka sortzen dio Donostiako Turismo Elkarteko zuzendariari Bizitza Da Handiena kanpainak

Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute astelehen goizean Manu Narvaez Donostiako Turismo Elkarteko zuzendaria. Turismoaren Munduko Erakundeak asteazkenetik ostiralera egingo duen goi bileraren harira, ekitaldiak hirian izan dezakeen eragina izan du ardatz solasaldiak.


2018-05-21 | Estitxu Eizagirre
Donostian okupatu duten eraikina Espainiako Gizarte Segurantzarena da eta salgai daramatza 9 urte

Espainiako Gizarte Segurantzaren Tesoreria Generala da Donostiako Idiakez kaleko 6. etxe blokea, maiatzaren 19an Bizitza Da Handiena ekimenak zabaldu eta biziberritu dutena.


2018-05-21 | ARGIA
Kronika
Okupatutako blokean auzolana eginez ekin du Bizitza Da Handienak borroka bateratuaren astea

Sare sozialen bitartez iragarri zuena desestali du larunbatean Bizitza Da Handiena kanpainak: borroka anitz bat, boteredunek bulegoen itzalean hartzen dituzten aldebakarreko erabakiak argiztatu eta plazaren erdigunera ekarriko dituena. Ekimena hasi besterik ez da egin, eta astebete iraungo du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude