Bakezaleak gara eta

Maiatzaren 6ko ARGIAn, Pello Zubiria Kaminok biziki argiki azaldu du Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza. Zinez beldurgarri eta oldargarria da. Gaiak merezi du zabaldua izatea: eguneroko jokamolde eta solasaldietan nabari dira agresibitatea eta gerla egoeraren onarpena.

Batzuek sinesten dute gizakiaren bilakaera bake orokorrerantz aritzea dela, eta tartean euskaldun anitzok nahi genuke gure herrian hasi den bake prozesua bururaino joan dadin. Baina bide horretan oztopoak eta dudak biderkatzen zaizkigu. Ikus ere Palestina eta Israelen arteko gatazka: nork sinesten du bakea inoiz lortu dezaketela? Ez ote du munduko gehiengoak onartua Ekialde Hurbila etengabeko gerla gunea dela? Eta nagusikiago gerla egitea dela gizakiaren zortea? Bakearen baitan printzipioz sinestea beharrezkoa da bizirauteko, baina gizarteak bortizkeria sakonki baimendua duela begi-bistakoa dut.

Klasean, ohartzen naiz nerabe gehienentzat normala dela mundua soldaduz eta armaz apaindurik irudikatzea; zenbaitzuek gaiztaginen torturatzea gorapaitzen dute beren idazlanetan, kontuan hartu gabe torturaren praktika debekatua dela, hedabide arruntek gisa hartako itxurapenak zabaltzen dituztelako, familietan hari horretatik doazelako solasaldiak, eta, oro har, bortizkeriaren hiztegia ohikoa bihurtua delako.

Baina harrigarriago ere bada: ikastetxe publikoetako zuzendari eta irakasleek hautu berria daukagu gure klaseetan geldirik ez dauden ikasleak egiazko larderiaz hezteko, armadaren laguntzarekin. Alabaina, 2011z geroz, Frantziako Hezkunde Nazionalak eta armadak partaidetza bat izenpetu dute, eta interesatuak diren ikastetxeek (izan eskola, izan kolegio, izan lizeo) galdegiten ahal dute ikasle nahasiek “defentsa, hiritartasuna eta seguritate klasea” osa dezaten. Klase berezi horietan, ikasleek harreman hertsia daukate armadako sail batekin: trukaketa elektronikoak badituzte urte guztian, ofizialak heldu dira klasera, ikasleek itsaspeko nuklearrak edo trebaketa guneak bisita ditzakete, eta berek ere, joko bidez, bizitzen ahal dute krisizko interbentzioa. Abantaila omen da irakasleentzat bakea kasik segurtatua dutela ondotik klasean delako ikasle baratxegaitzekin, eta ikasleentzat arauak azkenean errespetatzen ikasten dutela. Bere aldetik, armadak, gerorako errekrutamendua prestatzeaz gain, itxura baikorra hedatu nahi du gizartean gisa horretako dispositiboei esker –funstean, iazko kolegioetako brebetean, ez ote zitzaien galdegiten 15 urteko gaztetxoei armadaren goresmenaz egitea idazlana?–. Gainera, irakasle eskoletan ere abiatuak dira irakasleendako formakuntza bereziak, armada hobeki ezagutu dezaten, eta hobeki goraipa dezaten ondotik klaseetan... Nekezian dauden haurrak idazketa tailer, antzerki, esku-lan, musika edo onginahizko protokoloen bidez laguntzea bakezale idealisten ameskeria zaharkitua baizik ez balitz bezala.

Arazoen konpontzeko erantzun militarra arrunta bihurtzen den garai honetan, nehoiz baino beharrezkoak bihurtu dira ulermen eta gogo hazkurri guneak: gertatzen denaren interpretatzen lagunduko gaituzten argibide medioek, gizartea eraldatzeko xedea daukaten hainbat hedabide edo elkartek eskaintzen dituztenak, zernahi zailtasun gainditurik. Oroz gainetik, solastokien beharra dugu, jakin dezagun globalki eta tokika gizartean indarrean dauden mitologiak ezagutzen, deseraikitzen, gureganatzen edo baztertzen, betiere jendetasuna xede, hondamendi orokorra gerta ez dadin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude