argia.eus
INPRIMATU
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira
  • Herritarrek aukera izan dute dokumental baten bidez Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta lana ezagutzeko: Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa.

Juan Mari Arregi 2018ko maiatzaren 30

1941etik aurrera euskal kooperatibagintzaren barruan hasi zuen esperientzia berriaren sortzaile eta bultzagile izan zen Markinako apaiza, gazte katoliko batzuen eskutik, Mondragón Corporación Cooperativa izenez ezagutzen dugunaren bidez. Egun, Euskal Herriko eta Europako enpresa talde garrantzitsuenetakoa dugu. Bere enpresa ezagunenak dira Eroski, Laboral Kutxa eta Fagor.

Bokazio kooperatibo eta komunitarioak, Arizmendiarrieta mesias-a eraman zuen orduan zegoen enpresa-sistemaren ikuskera kapitalista gaindituko zuten proiektuak sortzera. Lehen urteetan bide hori segi zuten. Ez dakigu ordea zer esango lukeen gaur gizon kooperatiboak azken urteetan Eroskirekin eta Fagor Etxetresna Elektrikoekin gertatutakoa ikusiko balu. Enpresok, munduan hedatu eta lehiatu ahal izateko, borondatezko ekarpenak izenpetu behar izan zituzten oso interes altuekin, eta hainbat urteren ondoren, ezin izan zieten betebeharrei aurre egin. Fagorrek hondoa jo zuen, eta milaka aurreztaile txiki eta langile euren dirua berreskuratu ezinik geratu ziren. Eroski oso zorpetuta dago eta bere aurreztaile txikiek ere arazoak dituzte.

Enpresa kapitalisten lehiakortasunaren eta globalizazio ekonomikoaren aurrean, kooperatibagintza eredu horrek huts egin al du? Bere kudeatzaileen akatsa eta porrota izan da ala sistema osoarena? Gizon kooperatiboak nola azalduko luke? Oniritzia emango al lieke Fagor eta Eroski porrotera eta zorpetze izugarrira eraman zituen operazioei? Galdera horiek ez dira erantzuteko errazak, testuinguruak ezberdinak direlako. Baina badago erantzukizun larri bat.