argia.eus
INPRIMATU
Soldata politikoak eta miseriazko pentsioak
  • Pentsiodunek –PPk eta EAJk elikatutako salbuespen gutxi batzuk izan ezik–, bi alderdion paktu oraindik argitu gabea arbuiatu dute, eta mobilizazioekin jarraitzen dute pentsio publiko duinen defentsan.

Juan Mari Arregi 2018ko maiatzaren 22a

Astelehenetako ohiko elkarretaratzeei aste honetan gehituko zaizkie hiriburuetan deitu diren manifestazioak, maiatzaren 26an. PPren eta EAJren arteko akordioaren kontra daude ez zaielako aski iruditzen eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen segitzen dute, Europako Karta Sozialak dioen moduan.

Gobernuen tesia da sistemak ezin izango lukeela jasan pentsio txikienak gutxieneko 1.080 eurora igotzea. Hori diotenek eta pentsio miserableak inposatzen dituztenek bestelako soldatak kobratzen dituzte ordea: Urkullu lehendakariak 7.140 euro jasotzen du hilean eta parlamentari batek berriz 5.000 euro. José María Aznarren ildo berean doaz beraz. Duela hamahiru urtetik urtean 80.000 euroko biziarteko pentsioa poltsikoratzen du Espainiako Estatuko presidente ohiak, eta inongo lotsarik gabe zera baieztatu du: “Ez badugu ezer egiten pentsioak pobretuko dira, 70 urterekin jubilatu behar da”. Hori aurpegia!

Ez da egia sistemak ezin duenik herritarrek eskatutako pentsio igoera jasan. Borondate politikoa besterik ez da behar, eta lehentasunak jartzea aberastasuna birbanatzeko. Politika fiskal justuagoa, alegia. Zergatik jaso behar dituzte lehendakariak eta parlamentariek halako soldata potoloak, Euskal Herrian 250.000 lagunek 700 eurotik beherako pentsioa jasotzen duten bitartean? Are gehiago, pentsiodunen erdia hilean 1.000 eurora iristen ez den bitartean? Pentsiodun, gazte nahiz herritar, elkartuta segi behar dugu mobilizatzen, gaurko eta biharko pentsio publiko duinak lortu arte. Pauso bakar bat ere ez atzera!