Siria gainean beroturik, Golkoko Hirugarren Gerra irakiteko bidean

  • Donald Trumpek AEBen aldetik eten duela Iranekin nuklearraz sinatutako tratua, Israelek Irango armadari eraso diola agerian lehenbizikoz eta arma berriekin, aurretik Mendebaldeko potentziek eraso egina ziotela Siriako gobernuari... Ekialde Hurbileko suteen –Palestina, Yemen, Siria– protagonista nagusiek deliberatua dukete haiek itzaltzeko urratsak eman ez eta gasolina gehiago jaurtitzea. Golkoko Hirugarren Gerra baten usaina aipatzea
    ez dirudi gehiegikeria.

AFP agentziarentzako Amir Cohenek egindako argazkian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ‘Dolphin’ urpeko ontzi berriari ongi etorria egiten 2014an. Alemaniak finantziatu eta ThyssenKrupp konpainiak ekoizturik, horrelako zortzi bederen erosi ditu
AFP agentziarentzako Amir Cohenek egindako argazkian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ‘Dolphin’ urpeko ontzi berriari ongi etorria egiten 2014an. Alemaniak finantziatu eta ThyssenKrupp konpainiak ekoizturik, horrelako zortzi bederen erosi ditu Israelek. Ustez horietako batzuetatik jaurtitako milisez eraso die armada israeldarrak tropa irandarrei Sirian. Misil konbentzionalez gain bonba atomikoz hornituak ere tira ditzake.

“Siriako gatazkaren hariak inoiz baino nahasiagoak ageri dira“ idatzi genuen Net Hurbil honetan martxoan. Geroztik, urrats berri bezain larriak eman dituzte protagonistetako batzuek bi hilabeteotan, horregatik duela bi hilabete tituluan ipinitako “Sirian Estatu Islamikoa garaitu badute, zergatik ez da gerra amaitzen?” galderari erantzuten diola dirudi kronika honen izenburuak, Golkoko Hirugarren Gerra irakitetik gero eta hurbilago ageri delako.

Askori alarmak piztu zitzaizkion apirilaren 30ean Israelgo armadak zuzenean Irango militarrei eraso zienean, Siriako Haman daukan basea misilez jo, gutxienez 26 iraniar hil eta bertan zeuzkaten misilak suntsituz. Alabaina, operazioak bazituen xehetasun batzuk iradokitzen dutenak Israelen aldetik are probokazio handiagoa izan dela. Richard Silverstein eta Muhammad Sahimik akademiko eta analistek zabaldu dituzte Middle East Eye aldizkari elektronikoan.

Antza denez, Israelek Siriara bidalitako misilak ez dituzte jaurti F-16 hegazkinetatik, denek espero bezala, baizik eta itsasotik. Alemaniak eraiki eta finantziatutako Dolphin urpeko ontzietatik aireratu eta Jordaniako lurraldea zeharkatu ondoren lurreratu ziren Sirian, horregatik harrapatu dituzte ezustean siriarrak bezala irandarrak.

Apirilaren 30a arte inguruko ezein herrialde arabiar ez sen sekula ausartu Israeli baimenik ematera beste herrialde arabiar bati eraso egin ziezaion. Jordaniak, beraz, Siriaz gain Iran ere ofenditu du, larriago bihurtuz gobernu suniten –Saudi Arabia buru duen eta Jordania barne hartzen duen– blokearen eta Irandarren gidaritzapeko bloke xiitaren arteko etsaigoa.

Dolphin urpeko ontziak erabiltzeko arrazoiak –idatzi dute Silverstein eta Sahimik– bat baino gehiago dira. Netantanyahuk Israelen arerioak (siriarrak, irandarrak eta neurri batean errusiarrak) harritu egin nahi ditu erasorako aukera bat baino gehiago daukala erakutsiz (...) eta Irani erakutsi bere arma berriekin zenbaterainoko kalteak eragin diezazkiokeen: Israelek Iran erasoko balu, edo erasoko duenean, urpeko ontziok paper erabakigarria jokatuko lukete”.

Israeldik Iranera arteko tartea kontutan harturik, armada juduaren hegazkinek lanak izango lituzkete jomuga irandarrak ondo harrapatzeko. Urpeko ontziak, misilak jaurtitzeko ahalmena edukirik, alternatiba egokia dirudite horretarako. Hain zuzen horregatik, Silverstein eta Sahimik lehendik kritikatua zuten zortzi urpeko ontzi eraikitzeko Alemaniak eta Israelek sinatutako kontratua, eskualdean armen ugaritzea sustatzeaz gain Dolphinek badutelako arma atomikoak eramateko ahalmena, holokausto nuklearra eragitekoa alegia.

Erasoaren aurrean Errusiak jokatu duen paper epela azpimarratu du, berriz, Dan Glazebrook analistak: siriarrek ezin izan dietela aurre egin Israelek igorritako misilei oraindik ez dituztelako eskuratu 2010ean Errusiak agindutako S300 misil berriak. AEBk behin eta berriro erakutsi duten bezala Israelen edozein abentura militarri oniritzia emango diotela, Errusiak ez ei du Iran hain begi-itsuan babesten: Siriako gatazkan egin beharrekoaz ere kalkulu ezberdinak dauzkate, errusiarrek ez dute israeldarrekin gehiegi haserretu nahi... “Eta onartzen badu –oroitarazten dio Glazebrook Errusiari – Irak, Siria eta azkenean Iran suntsitzea, onartzen ari da Errusia bera isolatzea, hari ere noizbait iritsiko baitzaio bere txanda”.

Sunitak+AEB versus Xiitak+Errusia

Golkoko Hirugarren Gerra prestatzen” titulupean idatzi du maiatzaren 14an bere analisia Michael Klare Bake eta Segurtasun ikasketetako irakasle estatubatuar ezagunak. Honela abiatzen da: “Donald Trumpek jakinarazi duenean Iranekiko hitzarmen nuklearra desegitea, guk denok hasi beharra daukagu galdezka zer ekar dezakeen Golkoko Hirugarren Gerra batek. Erantzuna erakusten digu azken 16 urteotan Amerikak Ekialde Hurbil zabalean daukan esperientziak, hau da, ez dela polita izango”.

Aurreko biak, 1990ekoa eta 2003ean Iraken inbasioarekin hasitakoa, AEBen garaipenez amaitu omen ziren, baina ordainetan Estatu Islamikoa bezalako mugimendu bortitzen sorrera ekarri, milioika jende sustrairik gabe laga eta Ekialde Hurbil osoa hondamendian amildu zuten. Iranen eta honen aliatuen kontrakoa izango den hirugarrenak, dio Klarek, aurreko biek baino eremu askoz zabalagoa hartuko du, “gudu zelaia hedatuko da Mediterraneoan Libano eta Israel arteko mugatik hasi eta Hormuzeko itsasarteraino, Pertsiar Golkoa Indiako Ozeanora zabaltzen den ingururaino. Borrokan ari daitezke batetik Iran, Baxhar Al Assaden Siria, Libanoko Hezbolah eta Irakeko eta Yemeneko miliziak: Bestetik, Israel, Saudi Arabia, AEBak eta Arabiar Emirerri Elkartuak. Siriako borroka kontrolpetik ateraz gero, Errusiako tropak ere sartu litezke”.

Zergatik sartu dira AEBak Ekialde Hurbil osoa gerrara hurbiltzen duen eskalada batean? Golkoko aurreko bi gerrek petrolioaren kontrolarekin duten lotura zenbait liburutan aztertua duen Klare irakasleak uste du oraingoaren oinarri nagusia kalkulu geopolitikoetan datzala. Amerikarren horko petrolioarekiko menpekotasuna ez da 1990ean bezain larria, harea bituminoso, fracking eta abarren aurrerapenei esker.

Aldiz, aurreko bi gerrek utzi dute, mendebaldeko potentzien estratega askorentzako, Iran buru duen bloke xiita lehen baino sendoagoa den Ekialde Hurbil bat, Saudi Arabiak gidatu eta Israelekin aliantza bitxi bezain sendoa josi duen bloke sunitarekin parez pare. Saudi Arabiak Mohammed bin Salman printzearekin esku hartuta, aldi honetan Netanyahu ari da protagonismo handiz jokatzen, Iran-AEB ituna leher arazten, palestinarrak probokatzen, Irani erasotzen...

Honela amaitu du Klarek bere aurreikuspen iluna: ”Inork ezin du segurtatu botere handiok Ekialde Hurbileko gerra berri bat noiz lehertuko duten, ezta egingo duten ere. Nahastu daitezke bestelakoak, Koreako afera berriro berotzea Trump eta Kimen artekoa okertzen bada, edo Errusiarekiko krisi berri bat, edo mundu mailako hondoratze ekonomiko berri bat... eta orduan gutxituko litzateke Persiar Golkoko liskar geopolitikoaren indarra. Litekeena da ere aipatu liderrotakoren baten inguruko aldaketaren bat, esaterako Netanyahuk galtzen badu agintea poliziak ikertzen duen bere ustelkeriagatik, Trumpek zer egin lezakeen ere batek daki... Hala ere, horrelakoren bat ez gertatzekotan, badirudi irekita dagoela bidea leher dadin gizadiaren ortzi-muga mehatxatzen duen Golkoko Hirugarren Gerra, zalantzarik gabe erakutsiko duena infernurako bidea dela”.


ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siriako gerra
2022-11-08 | Aitor Aspuru Saez
Abdulkarim Omar
"Herri kurduaren aurka erabili ditu Turkiak, NATOra batzeko Suediak eta Finlandiak egindako eskaerak"

Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari... [+]


AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu

Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


2021-02-07 | Aitor Aspuru Saez
Siriako kurduen erronka zaila
Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.


2020-07-22 | Mikel Eizagirre
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak

255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.


Eguneraketa berriak daude