"Oso kutsatuta gaude Espainiako Estatuko kultura krisiarengatik"

  • Sorginek baserri batzuetan uzten omen zituzten kutxen izena da Pamiela. Kutxa horiek ez ziren inoiz ireki behar ezbeharrik gertatzea nahi ez bazen. Batzuen ustez, seguruena Pamiela argitaletxeko liburuak ere hobe inoiz zabalduko ez balira, haietatik isurtzen diren askatasun aldarriak eta memoria historikoa josteko ideiak jendearentzat oso arriskutsuak izan daitezkeelakoan. Liburuen iraultza isilaz asko daki Pello Elzaburu Pamielako editoreak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Pello Elzaburu Artzamendi (Alegia, 1956)

Aktibismo politikotik kulturaren aktibismora pasa zen oso gazte zelarik. Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jose Angel Irigaray eta beste hainbat sortzaile handiren lagun mina da aspaldi-aspalditik. Duela 41 urte zabaldu eta joan den apirilean ateak itxi zituen Auzolan liburu-dendako sortzaileetako bat da. Aurten 35 urte beteko dituen Pamiela argitaletxeko editorea da.

Iruñean bizi erdia baino gehiago eman duzu, baina gipuzkoarra zara sortzez.

Aita, Juan Elzaburu, nafarra zen, Imotzekoa, Oskoz herrikoa. Oso gaztea zela gurasoak galdu eta Gipuzkoara joan zen izeba batekin bizitzera. Alegiako neska batekin ezkondu eta han jaio ginen gu. 5 urte nituenean Andoainera joan ginen bizitzera eta han ardo biltegia jarri zuen familiak. Nire aita nafartasunaren militantea zen, horregatik txikitan askotan etortzen ginen Nafarroara. Izan ere, Soraurenen eta Arren pasa ditut nire ume garaiko udaldi zoragarrienak.

Gaztaroa Andoainen eman nuen 18 urterekin erbesteko bidea hartu nuen arte. 1977an, Franco hil ondoren, bikotekidea eta biok Iruñera etorri ginen bizitzera. Mexikon egindako bi urteak kenduta, Iruñean egin dut bizitza geroztik.

Militantzia politiko aktibotik nola pasa zinen kulturaren mundura?

Basamortua zen Iruñea euskal kulturaren ikuspegitik eta Bartzelonan ikasten ari zirela elkar ezagutu zuten sei lagunek Auzolan liburu-denda sortzea erabaki zuten. Casa Goñi edo ‘Casa Cristo’ ezizenez ezagutzen zen janari-dendaren etxabean zabaldu zuten. Handik 3-4 hilabetera hasi nintzen han lanean. Kulturako militanteak ginen, abertzaleak, euskaltzaleak… eta liburu-dendak konspirazio tokiak ziren garai haietan. Han sortu genuen Pamiela aldizkaria, gero 1983an abian jarriko zen argitaletxearen hazia. Hor maitemindu nintzen liburuekin eta geroztik denetik izan naiz: liburu saltzailea hasieran, banatzailea ondoren, eta editorea geroago. Auzolanen liburu banaketarako enpresa txiki bat jarri genuen abian, Yoar izena zuena. Handik gutxira Gipuzkoako beste enpresa batekin elkartu eta Bitarte sortu genuen. Azken 25 urtetan Elkar eta Bitarte izan dira euskal liburuen banatzaile nagusiak. Bestalde, 90eko hamarkadan harreman estua izan nuen Erein argitaletxearekin. Han hasi nintzen promotore lana egiten eta ondoren testugintzan murgildu nintzen. Hori jauzi handi bat izan zen euskal liburugintzan. DBH osorako prestatu genuen proiektu baten ardura hartu nuen nik. Hamar urtez ibili nintzen han, baina, aldi berean, Pamielatik oso gertu sentitzen nintzen Txema Aranaz eta Bernardo Atxagaren lagun mina izan naizelako betidanik. Horrela, 2000. urtean Pamielara itzuli nintzen, profesional gisa.

Zein izan da zuen belaunaldiko editoreen ekarpena?

Gu gara euskal editoreen lehen belaunaldi profesionala, hau da, lehen belaunaldia egiten dugunagatik ordaintzen digutena. 70eko hamarkadan sortu ziren Elkar eta Erein adibidez; 80ko hamarkadan Pamiela, Susa eta beste batzuk. Orain erreleboa pasatzea egokitzen zaigu. Oso jende prestatua dator, baina begi-bistakoa da une kritikoa bizitzen ari garela. Alde batetik, iraultza orokor bat dago teknologian. Interneten garaian liburua bere lekua bilatzen ari da berriro, XX. mendean ikus-entzunezkoak iritsitakoan egin behar izan zuen bezala. Negozioaren aldetik 80ko eta 90eko hamarkadetan loraldia bizi izan zuen liburuak, Franco hil eta gero. Ez zegoen kasik etxe bakar bat ere entziklopediarik ez zuena. Orain paperezko entziklopediak, hiztegiak bezala, desagertu dira. Negozio oso potenteak izan ziren eta egun gelditzen diren egitura nagusiak haietatik sortuak dira, Planeta taldea edo Santillana, esate baterako. Bada beste aldaketa are sakonagoa: kulturaren krisia. Duela gutxi Elkar Fundazioak atera zituen datuak oso kezkagarriak dira. Euskaldunon %23k soilik irakurtzen dute euskarazko literatura. Oso kutsatuta gaude, nire ustetan, Espainiako Estatuko kultura krisiarengatik. Gure egoera ezin da konparatu mundu anglosaxoiarekin edo germanikoarekin. Han kulturak eta literaturak prestigioa daukate, hemen ez.

Argazkia: Dani Blanco.

Irakurketa datuak Espainiako Estatuko batez bestekoak (%59,7) baino hobeak dira Nafarroan (%65,1) eta EAEn (%63,9).

Bai, Madrilekin batera Europako batez bestekora (%70) hurbiltzen gara, baina gure merkatua, euskararena, oso txikia da. Euskarak tentsio militante bat behar du eta ez dugu galdu behar. Horregatik, guk apustu irmoetako bat albumaren [haurrentzako azal gogorreko eta edizio txukuneko ipuin ilustratuak] alde egin dugu. Biharko irakurleak gaur eskaintzen dizkiegun albumekin heziko dira, bai estetikoki bai narrazio moldeari dagokienez ere. Jende asko horretaz ohartu da eta intelektual askok, Bernardo Atxagak adibidez, urteak daramatza esaten kontuz, hemen argi gorria piztuta dagoela. PISA azterketaren emaitzak, esate baterako, oso txarrak izan dira azkenaldi honetan EAEn. Estatuan Nafarroa eta EAE dira osasungintzan eta hezkuntzan gehien inbertitzen dutenak, batez beste, baina itzulera ez da neurri berekoa. Osasungintzan bai bada proportzionaltasuna, baina hezkuntzan ez.

Gazteentzako literatura gustagarria falta da euskaraz?

Eskuz esku pasatzen diren best-sellerren fenomenoa ez da gertatzen euskaraz. Literatura, artelan guztiak bezala, oso misteriotsua da eta ezin da kontrolatu zerk izanen duen arrakasta handia eta zerk ez. Batzuek uste dute salmenta ikaragarrien atzean marketina baino ez dagoela. Barkatu, baina Harry Potter asko saltzen bada bere arloan oso ona delako da, ez soilik kanpaina itzela antolatu dutelako. Beste kontu bat da funtzionatzen duen produktu bati marketina gehitzea. Agian, editoreek gehiago begiratu beharko genuke zer den irakurleak bilatzen duena. Bestalde, argi dago irakurtzeak esfortzu bat eskatzen duela. Irakurtzeari gustua hartzen zaio gustuko gauzak irakurriz eta denbora eskainiz, eta hori arazo handi bat da gure gizartean, denborarik eza.

Zein izan da Pamielan gehien saldu duzuen liburua?

Behi euskaldun baten memoriak, 50.000 ale baino gehiagorekin. Ondoren Soinujolearen semea, 25.000rekin, Orhipean ere oso ona izan da 15.000 ale salduta, eta saiakera lanetan Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? literaturatik kanpoko arrazoiengatik ere, 7.000 alerekin.

Zein da editorearen lana?

Gurea lanbide bat baino zerbait gehiago da. Sormena kaosa da eta gu kaos horretan ordena jartzen saiatzen gara. Proposamenak ere egiten ditugu, azken finean gu bitartekari hutsak gara. Niri zeregin itsusiena egitea egokitzen zait, liburuak saltzea alegia, baina ia denetik egitera ohituta gaude guztiok. Pamielan sei ari gara soldatapean lanean, baina kolaboratzaile asko dugu eta ezinezkoa litzateke gure eguneroko lana aurrera ateratzea haiek gabe: ia musu-truk aritzen direnak zuzenketak egiten, testuak orrazten, aholkulariak, irakurleak… Sortzaileak dira gure aktibo nagusia. Urtero bizpahiru Euskadi Sari jasotzen dituzte gurekin dauden idazleek eta horrek esan nahi du gauza batzuk ongi egiten ari garela. Bernardo Atxaga bezalako idazle bat gurekin izatea, eta gainera laguna aholkulari izatea, oso kontu handia da. Nobel sarirako zerrendetan dagoen euskal idazle bakarra da. Gurean pertsona garrantzitsuak dira esate baterako Jose Angel Irigaray, Asun Garikano eta Ruper Ordorika. Ruperrek euskal kulturaz duen ikuspegi globala ezinbestekoa da guretzat.

Ekimena norena izaten da, gehienetan idazleena?

Gehienetan egileak etortzen dira guregana, baina guk ere idazleei proposatzen diegu zerbait egitea. Iaz, adibidez, 39 idazle nafar, Nafarroako euskal idazleen antologia plazaratu genuen. Ez da asko saldu, baina editore batek egin behar duen lana dela ikusi genuen. Duela 30 urte bizpahiru izen genituen eta orain 39 bildu ditugu bilduma honetarako. Uste dugu beharrezkoa dela errealitate hori ikusaraztea. Horrelako adibide asko dugu.

Argazkia: Dani Blanco.

Jimeno Juríoren bilduma izan daiteke beste bat?

Bai, noski. Udalbide, Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoa elkarrekin ari gara Jimeno Juríoren lan osoaren bilduma 62 liburukitan plazaratzeko. Berriki 49.a atera da, Aratxoako toponimiari buruzkoa. Zer nolako garai ilunetik gatozen gogoratu behar dugu eta Jimeno Jurío bezalako intelektualak nola egon diren erabat alboratuta. Pamiela ahalegin handia egiten ari da memoria historikoa eta Nafarroaren historia ezagutzera emateko. 2012an, konkistaren 500. urteurrenean, berebiziko lana egin zuten ikertzaileek eta gu saiatu ginen ikerlan horiek guztiak bistaratzen. Pamielaren historian bada lan bat oso garrantzitsua izan dena eta eragin izugarria izan duena: Tomas Urzainki eta Juan Mari Olaizolaren La Navarra marítima saiakera. 1998an atera genuen eta 12.000 ale baino gehiago saldu ditugu. Nafarroaren eta Euskal Herri osoaren begirada aldatu duen liburua da. Nafarroako historiaren irakurketa berria ekarri du. Gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen 1512koa indarrez egindako konkista izan zela, eta hori guztia liburu honen plazaratzearekin hasi zen. Ideia horiek guztiak gizarteratzea da gure zeregina. 40 eta zenbait liburu argitaratu dugu frankismoaz, errepresioaz… eta horiek ere nafarron begirada aldatu dute.

Zenbat liburu plazaratu ditu Pamielak?

1.000 titulu baino gehiago, 1.070 inguru. %45 euskaraz eta %55 erdaraz. Arloka ez da proportzio bera mantentzen. Euskaraz ateratzen ditugun liburu gehienak helduentzako poesia eta narratiba lanak dira hala nola haurrentzako album ilustratuak. Azken hamar urteotan haur literaturan ekarpen garrantzitsua ari gara egiten Etxepare sariaren bidez. Nafarroako toki entitate mordoxkarekin elkarlanean ari gara haurrentzako albumak sortzeko. Bestalde, Kalandraka argitaletxe galiziarrarekin lan egiten dugu munduko lanik ederrenak euskarara ekartzeko helburuarekin. Luze egon gara erdarazko fikziozko lanik eman gabe, baina orain berriro hasi gara, hemengo egile batzuekin. Saiakera eta testigantza lanei dagokienez, gehienbat historia eta memoria historikoarekin lotutako gaiak jorratzen ditugu, %85 erdaraz iristen zaigu eta guk jatorrizko hizkuntzan plazaratzen ditugu.

Juan Zelaia saiakera sariari pilak agortu zaizkio?  

Gogoeta prozesuan gaude 2014tik. Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioarekin batera antolatutako sariketa hau 2001ean jarri genuen martxan pentsamendu lan laburrak argitaratzeko asmoz. Filosofia zen ideiak behar direla eztabaida eragiteko eta azken finean, mundua eraldatzeko, baina ikusi genuen ideia horiek lan laburretan ematea hobe zela jende gehiagorengana iristeko. Marxen Manifestu Komunistak 50 orri besterik ez zituen eta jesukristorena muntatu zuen. Horregatik, 80 orrialdetako muga ezarri genion. Hamahiru edizio egin genituen eta 26 lan argitaratu genituen Upaingoa sailean. Izen hori jarri genion hala deitzen zelako Juan Zelaia mezenasen sortetxea. Bera duela bi urte hil zen eta orain bere fundazioarekin harremanetan ari gara. Pena litzateke hau galtzea eta Juan Zelaiaren beraren memoria ere galtzea.

Zenbateko tiradak egiten dituzue, batez beste?

Poesia eta saio lanetan 400 eta 600 ale artean eta narratiban 800en bueltan. Gai honetan oso garrantzitsua izan da liburugintzan gertatu den teknologia iraultza isila. Lehen offset sistema bidez inprimatzen zen, kalitate handiz, baina makinak martxan jartzeak berak oso kostu altua zuen. Horregatik ale kopuru handiak egin behar ziren kostuak amortizatzeko. 1.500-2.000 ale egin behar izaten genuen gutxienez. Orain, aldiz, inprimatze sistema digitalarekin tirada txikiak egin daitezke eta bidenabar biltegietan liburuak gordetzeko arazoa ere arintzen da.

Liburu baten truke ordaintzen dugunetik zenbat hartzen du idazleak?

Normalean %10.

Eta gainerakoa?

Idazlearen lana liburu bihurtu eta irakurleen eskuetara iritsi arte 20 bat pertsonak egiten du lan: editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, diseinatzaileak, inprentakoak, banatzaileak, saltzaileak… kate horrek kostu batzuk ditu. Banakuntza sareak erdia eramaten du, edizio lanak %25-35, egileak %10 eta geratzen den %5 da irabazi garbia, ale guztiak salduz gero. Editorea izatea ez da pagotxa, baina inori garestia iruditzen bazaio beste aukera bat du: autoediziora jotzea.

Zergatik Pamielak ez du liburu digitalik plazaratzen?

Egia esan, presiorik ez dugulako. Jendeak ez digulako eskatzen. Erakundeek bai, batzuetan, oso estetikoa delako eta prentsaurrekoetan oso ongi gelditzen omen delako halakoak aurkeztea, baina guk beharrik ez dugu ikusten. Duela urte gutxi batzuk esaten zuten 2011n liburu digitalak gailendu eta 2014rako papera desagertuko zela. Orain ikusten da liburu digitala berez ez dela negozioa eta zabalkundea oso mugatua dela, %2koa. Proba batzuk egiten hasi ginen eta konturatu ginen paperezko liburu ederrak egiten badakigula, baina liburu digitalarekin irabazirik ez genuela. Itxaronaldi bat egitea erabaki genuen eta bitartean dakiguna egiten jarraitzea. Urte batzuk joan diren arren, oraindik ez dugu sentitzen horren beharrik.

Batzuetan obsesioa

“Editorearena lan isila da, mediku eta apaizena bezalakoa. Sekretu asko gorde behar da. Liburua atetik sartzen da eta lan egin behar dugu hemendik are liburu hobea ateratzeko. Harrigarria da, baina idazlea zenbat eta jantziagoa izan orduan eta hobeki onartzen ditu proposamen guztiak. Idazlearen lana gogorra da, eta nahiko neurotikoa. Batzuk obsesionatu egiten dira beren lanekin”.

Irakurle berririk ez

“Borroka ez dago paperezko liburuaren eta liburu digitalaren artean, baizik eta irakurtzearen eta ez irakurtzearen artean. Liburu digitalak ez du irakurle berririk erakarri, ez du irakurle berririk sortu”.


ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude