argia.eus
INPRIMATU
Lehen eta azken telegramak
  • Washington (AEB), 1844ko maiatzaren 24a. Samuel Morsek lehen telegrama bidali zion Baltimoren zegoen Albert Vail laguntzaileari, eta hark atzera Morseri bidaltzea lortu zuen 19 letraz osatutako Bibliako pasartea. Horrenbestez, telegrafia elektrikoaren aroa abiatu zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko maiatzaren 23a

Baina ez zen hura lehen “telegrama” izan, hitzaren etimologia grekoari erreparatuz gero: tele (urruti), graphein (idatzi, grabatu) eta -ma atzizkia (ekintzaren emaitza).

Aspaldi hasi zen gizakia mezuak, euskarri fisikoan eraman gabe, urrutira bidaltzen. Sistema batzuek entzumena erabiltzen zuten horretarako. Pertsiako errege Dario I.ak (K.a 522-486), Indiatik Danubiora iristen zen inperio zabalean mezuak bidaltzeko, ahots eta birika oneko menpekoak erabiltzen zituen mezuak batetik bestera oihukatzeko. Jende asko eskatzen zuen horrek, gehienez ere 200 metroko distantzian egon behar baitzuten oihulariek. Eta haizeak kontra gogor jotzen zuenean ez zen eraginkorra, ezta mezu sekretuak bidaltzeko ere. Gerora, kanpaiak eta antzeko tresnak erabiliko ziren hotsak urrunago irits zitezen.

Baina berehala ikusmena erabiltzen zuten sistemak gailendu ziren. Greziarrak eta kartagotarrak sua erabiltzen hasi ziren. Gero, erromatarrek eta inkek kea erabiliko zuten mezu zehatzagoak bidaltzeko. Eta kezko mezuen sistema nagusitu zen Erdi Aroko eta Aro Modernoko Europan ere. 1588an, Espainiako Itsas Armada Garaiezina Ingalaterrako kostaldera hurbildu zenean, ingelesek Plymouthetik ikusi zituzten ontziak eta handik ordu erdira iritsi zen Londresera berria, keari esker.

Baina sistema horiek ezin ditugu telegrafia optikotzat jo, kode arautu eta bateraturik ez zutelako erabiltzen. Baldintza horiek betetzen zituen lehen sistema Frantzian ezarri zuen Claude Chappé d’Auteroche-k 1792an. Goragune edo dorreetan erloju modukoak jartzean zetzan. Orratzak, ordua adierazi beharrean, zeinuak seinalatzen zituen banan-banan, pixkanaka mezua osatzen joateko. Berehala, nahi beste angelutan okertzen zen hagak ordezkatu zuen “erlojua”, eta angeluak interpretatuz irakurtzen ziren mezuak. “Telégraph” hitza ere orduan erabili zen lehenengoz. Sistema mende erdi inguru egon zen martxan, telegrafia lineen sarea ia 5.000 km-ra iritsi zen, 534 estazio zituen eta 30 hiri lotzen zituen Paris hiriburuarekin. Beste herrialde batzuetan ere antzeko sistemak abiarazi zituzten –esaterako, Jose Maria Mathé ingeniari donostiarrak Espainian ezarritakoa–, harik eta elektrizitateak eta Morsek  iraultza ekarri zuten arte.

Telekomunikazioetan 1844an piztutako argi hori pixkanaka itzaltzen ari da. Frantzian, 2005ean 900.000 telegrama bidali ziren, iaz 38.000, eta azken telegrama joan den apirilaren 30ean bidali zuten.