Lana bai, bodega ere bai

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Ez dakit Euskal Herritik kanpo ere berdin egiten ote den, baina gurean behintzat ohitura da talde-harremanak sendotzeko-edo, elkartzen gaituena lana, kirola, herri mugimenduren bat edo dena delakoa izanik ere, bazkari edo afari bat antolatzea. Garbi esanda, parrandatxoa (edo -tzarra) egitea.

Bodegara joan dira ARGIAkoak taldea sendotzera. Eskuernagako Candido Besa upategira, hain justu. Autobusean egin dute joan-etorria 50 lagun inguruk. Bertan izan dira lan-taldeko kideak, kolaboratzaileak, eta baita ARGIAren taldeko enpresa diren Iametza eta Antzako kide batzuk ere. “Giroa euforikoa izan da hasiera-hasieratik” nabarmendu dit lehen galderan, irteeran izandako batek.

Urtero egiten da horrelako zerbait, baina orain arte aste-barruan antolatu izan da; eta horrek lurraldetasuna ere asko baldintzatzen duela ikusita, aurten larunbatean egun pasa egitea erabaki dute. Arrakasta izan du planak, batez ere gazteen eta emakumeen artean. “Poza ematen zuen hainbeste emakume gazte ikusteak”.

Estik eta Lontxok, Candido Besa upeltegiaren egungo martxa daramatenek, eta hurrengo belaunaldiko gazteek egin diete harrera autobusetik jaitsi berritan. Ezer baino lehen, mahastia erakutsi diete bazkaltiarrei, eta ardogintzari buruzko hainbat azalpen eman ere bai: ardo ekologikoa nola eta zergatik egiten duten, langileen baldintzak nola dauden jornaleroen artean eta eurek nola lan egiten duten… Herrian pote bat hartu ostean, gosetuta eseri dira mahaira. Bazkari ederra egin dute, elkarrizketa bizian. Eta postre garaian, han non agertu den Candido Besa bera. Eta denen harridurarako, Candido eta Esti aita-alabek jotak abesteari ekin diote. “Batzuk malkoari ezin eutsita egon dira”, aitortu dit euforikoak. Besatarrek bidea irekita, gitarra zahartxo bat ibili da eskuz esku, inguruko eztarriak kantuan jarriz.

Indartu dezagun indartzen gaituena

Candido Besa upategia ez da kasualitatez aukeratua izan. Euskaraz funtzionatzen du, ardo ekologikoa ekoizten du, nekazari feministen mugimenduko kidea Esti Besa, etxean ARGIA kideak dira… ARGIAren baloreekin bat etortzeagatik joan dira bertara. Baina garraioa ere ez da edozein. Urpa autobusean egin dute bidaia, publizitatea egiteko ARGIA erabiltzen baitu.
Datorren urterako asmoak ere hasi dira ateratzen: Bizkaiko Txakolina oso ona omen da, Zuberoako maskaradak ikustera joateko aukera ere hor omen dago…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA