Hil ondorengo mamuak

ETAk, bere kabuz, hirurogei urteko ibilbideari amaiera eman dio eta oinordeko frankistek, edo gerra zikinak bultzatu zituztenek ez bezala, eragindako kalteei buruzko autokritika egin du. Alabaina, nago, ETAren mamua, Cid Campeador-ena bezala, zenbait esparrutan –gerra dialektikoaren zelaian, besteak beste– erabilia izango dela, etekina ateratzeko asmoz, hain zuzen ere.

Literaturan, esate baterako. Aspaldiko salaketa da Euskal Gatazkari buruz gutxi eta ahots apalez hitz egin dugula euskal idazleok, baita oso modu lotsatian idatzi ere. Lelo hori gezur borobila izan arren, bozgorailu interesatuen ahotik mila aldiz errepikatu ondoren, topiko bihurtu da.

Izan ere, luzea zen Zu zeu agerkari digitalean “gatazka” delakoaren inguruan argitaratutako zerrenda, eta luzeago egin da. Hirurogei urtetik gorakoek –eta askoz gazteagoek ere–, aldez edo moldez, gatazkaren zurrunbiloan bizi izan dugun garaia horren isla besterik ez da idatzitako guztia, literatura izan, autobiografiak izan, edo bestelako idatzi motak izan. Bestaldetik, non dago nahiko, gutxi edo gehiegi dela neur dezakeen marra?

Horrez gain, azala behar da euskal idazleok subentzionatuak garela esateko –Fernando Aranburuk esana–, aldi berean komunikabide nagusien eta boterearen mesedea jaso duen obra baten egilea izanda.

ETAk bihotzak irabazi eta elkartasuna erakarri ordez, bazirudien jendearen nazka eta asperdura bereganatzea zuela helburu; horrek, gizartean negoziazioaren aldeko giroa sortuko zuelakoan. Okerrena, guretzat, deriba onartezin harekin ezker abertzaleari ere izugarrizko kalte egin ziola, eta geroz eta argiagoa izan zen, batez ere “sufrimenduaren sozializazioa” aldarrikatu edo teorizatu zutenean

Badago zer esan etikaren alorrean. Estatuak bere egiten du indarkeria erabiltzeko zilegitasuna, berak bakarrik baimendu dezakeelarik armak nork erabil, izan indarkeria pribatua (zaintza pribatua) edo hiritarra (milizia), baldin eta ordena burgesa eta jabego pribatua babesteko bada. Aldiz, indarra erreboltaria bada, erabiltzeko moduan erabiltzen duelarik, zanpatzen saiatuko da, izan erakunde armatua, milizia edo pertsona bakana.

Ez dago munduan estaturik, ez sistema ekonomikorik, indarkeriari uko egin dionik. Are gehiago, estatu guztiak eta sistema guztiak, demokratikoenak ere, biolentziaren bitartez sortu dira eta horrela iraun ahal izan dute, bai Ameriketako Estatu Batuak, bai Frantziako Estatu-Nazioak, baita gaur egun desagertuta dauden Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak ere (SESB) . Zer esanik ez, Aberriaren batasunaren zaintza armadaren eskuetan uzten duen Espainiako Konstituzioak.

Kontua da, beraz, zer-nolako biolentzia erabiltzen den eta zein alorretara mugatzen den. Dena ez baita zilegi ezta onuragarria, etika eta estrategia emantzipatzaile baten ikuspegitik.

ETArekiko gure azterketa kritikoa. ETA jaio zenetik bere jarduera amaitutzat eman duen arte, aldaketa estrategiko nabarmenak gauzatu dira, hori ezin uka. Hastapeneko ETAk, helburuak eta bideak hala nola berauek uztartzeari buruzko zalantzak eta balantzak bazituen. Alabaina, denboraren joan-etorrian, ETAren jarduera armatua geroz eta militaristagoa bihurtu zen, estrategia politikoaren kalterako. Bihotzak irabazi eta elkartasuna erakarri ordez, bazirudien jendearen nazka eta asperdura bereganatzea zuela helburu; horrek, gizartean negoziazioaren aldeko giroa sortuko zuelakoan. Okerrena, guretzat, deriba onartezin harekin ezker abertzaleari ere izugarrizko kalte egin ziola, eta geroz eta argiagoa izan zen, batez ere “sufrimenduaren sozializazioa” aldarrikatu edo teorizatu zutenean.

Hori horrela azaltzea, ez zen izan  ezkerreko kritikoentzat gozoa. Izan ere, nola bereizi ETAren jardueratik, beste asko ez bezala (EPK, EE) estatua eta sistemaren esparruan harrapaturik izan gabe. Hor zegoen gakoa.    

Nola egin aurrera asmatu beharko da, baina, urte luze horietan ikasitakoaz hitz egin gabe, zaila iruditzen zait. n

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude