Urratsek egiten gaituzte

Manifestazio guziek ez dute zapore berdina. Maiatzaren 4an ikastolen kexua ozen adierazteko antolatutakoak sentsazio goxo batekin utzi gaitu. 7.000 haur, guraso, irakasle, langile eta euskaltzale bildu ginen, danborrada alai eta koloretsu baten bidez, Paristik datorren jazarpenari erantzuteko. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko 36 ikastolak alerta gorrian dira. Aldi honetan irakasle postuak dira jokoan. 230 ikasle gehiago izanen dira ikastoletan datorren ikasturtean. 25 irakasle postu berri beharrezkoak dira baina Akademia ikuskariak Seaskari jakinarazi dio posturik ez zuela sortuko.  

Irakasle postu eskasak hezkuntzaren kalitatean izanen du eragin zuzena eta ikastolen 2/3a hunkitua izango da. Konkretuki, irakasle gutxiagorekin ikasle gehiago metatuko dira ikasgelaka. 45 ikasleko gelekin, arreta gehien behar dutenak izango dira lehen kaltetuak: ahalmen urriko haurrak hasteko, ikastolatik kanpo euskararik entzuten ez duten ikasleak ondotik, eskola-zailtasunetan direnak bukatzeko.

Funtsean, Estatuaren piko hori iraganeko serie luze baten segida besterik ez da. Atzo, Falloux legearen mamua astinduz, ikastolak baliabide publikoekin laguntzea oztopatzen zuten. Gaur azterketak euskaraz aurkeztea debekatzen dute. Bihar, irakasle postuak izoztu nahi dituzte. Gure hizkuntzak jomugan dira Parisko goi-funtzionario eta erabakitzaileentzat. Eta euskarak duen transmisio kanalik eraginkorrena, gaur egun Ipar Euskal Herrian ikastolak dira.

Gure hizkuntzak jomugan dira Pariseko goi-funtzionario eta erabakitzaileentzat. Eta euskarak duen transmisio kanalik eraginkorrena, gaur egun Ipar Euskal Herrian ikastolak dira

13.500 ikaslek ikasten dute euskara(z) eskoletan Ipar Euskal Herrian. %25 ikastoletan eskolatuak dira, eta %75 ikastetxe publiko edo giristinoetan ordu parekotasunean edo 3-6 urte artean irakaskuntza denbora osoa euskaraz segituz. Azken hogei urteetan, euskararen familia transmisioa hamar puntuz apaldu dela jakinik, eredu guziak (ikastola, publikoa, giristinoa) dira beharrezkoak... baina hizkuntzaren transmititzeko bakarra da eraginkorra. Haurrak erabat euskalduntzen dituen eredu bakarra ikastola da. Egiazko murgiltzea proposatzen duen eredu bakarra ikastola da. Eta azken hamairu urteetan %80ko hazkundea izan duen eredu bakarra ikastola da. Hori guzia Parisen badakite eta progresio hori oztopatu nahi dute.

Gurean ere, ikastolako gurasoen perfila asko aldatu da azken urteetan. Nostalgia pittin batekin, sekulan existitu ez den ikastola bat idealizatzeko tentazioa azkarra da. Baina agerikoa da herri honek ikastolekiko duen atxikimendua eta Seaskaren mobilizazio gaitasuna oraindik azkarrak direla. Bataila hori ez da lehena eta hau ere irabazi beharko dugu. Berreskuratze bidean, euskarak baitezpadako bidelagun dituelako ikastola humano, herritar eta eraldatzaileak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude