Nicholas Reeves egiptologo ingelesak teoria hau proposatu zuen 2015ean: Tutankamon faraoi gaztearen hilobiko mendebaldeko eta iparraldeko hormetan (argazkian) ateen arrastoak daudela eta ate horien atzean biltegi bat eta Nefertitiren hilobi-ganbera ukitu gabea egon zitezkeela.
Bada, Turineko unibertsitateko aditu talde batek georradar bidez aztertu ditu horma horiek eta ikerketaren buru Franco Porcelliren hitzetan “hormez haratago ganbera ezkuturik ez dagoela ondorioztatu dugu”.
Eta Egiptoko instituzioek ondorioa berretsi dute. Albiste iturri agorrezina izan da KV62 hilobia 1922an aurkitu zutenetik, baina oraingoan albisterik eza izan da albiste.