'Tretatxu', lapurren gobernadorea

  • Batxi Landa, Tretatxu, espetxean hildako beste gaizkile bat baino ez litzateke izango, ahozko tradizioan haren oihartzunak iraun izan ez balu. Baina kopla labur batzuen arrastoari segika, XVIII. mendeko errebelde baten biografia osatu du Hektor Ortega kazetariak. Historia honek erakusten digu jite soziala zuten bidelapurrak uste baino gehiago zirela Euskal Herrian, eta menpeko klaseen babesa zutela handikien aurrean. 

“Andratxu hori, ez beldurrik izan, Tretatxu lapurra naiz eta”, lasaitu zuen ahots batek Bermeoko Francisca Agirre, gauez bere etxeko atea kox-kox jo zutenean. Beldurrik izan behar ez zaion lapurra? Artxibo bateko agiri-sorta mardulen artean ezkutaturik geratu den esaldi kontraesankor horrek, bere baitan darama bandolero sozialen esentzia: justiziarentzat gaizkile, herritar xehearentzat heroi.

Hektor Ortega kazetari deustuarrak Valladolideko Kantzelaritzaren Artxibotik berreskuratu ditu bermeotar emakumearen deklarazio hori eta beste asko. Euskal Herriko agiritegietan ere arakatu ditu auzi-atal lodiak, eta hala, XVIII. mendearen erdialdean Bizkaian izandako lapur sonatu baten ibilerak deskubritu dizkigu Tretatxu, lapurren gobernadorea (Txertoa, 2018) liburuan. Baina biografia ez ezik, harekin identifikatzen zen gizarte sail zabal baten erradiografia ere egin du egileak, ez alferrik geratu zaizkigu iruditerian gaizkilea harro laudatzen duten herri-kopla zaharrak:

    Tretatxu Larrauriko
    Landako semie
    Bizkaiko lapur danen
    Gobernadorie

Batxi (Bautista) Landa Tretatxu Larraurin jaio zen 1716an Landa oinetxean, eta 1751ko irailaren 9an hasi zuen bere legenda, beste hiru lagunekin Bilbotik irten zenean lapurgintzari ekiteko asmoz. Karrera laburra, 1753an atxilotu baitzuten –zortzi urte geroago hil zen Valladolideko espetxean, nola ez dakigula–. Bi urtez ia etengabe hamaika lapurreta, segada hilgarri eta ihesalditan ikusiko dugu, batez ere Bizkaia eta Araba arteko mendateetan mandazainei bidera irtenda, eta baita abadeen etxeak asaltatzen eta agian kontrabando jardunean ere, Baionan, Ataunen, Bermeon, Iruñean, Urkiolan, Azpeitian... Fiskalak zazpi ekintza leporatu zizkion, baina askoz gehiagotan parte hartu zuela aditzera eman zuen; Bizkaiko korrejidoreak heriotza zigorrera kondenatu zuen horiengatik.

Diligentzia Gasteiz eta Bilbo arteko bidean XIX. mende hasieran (arg: albumsiglo19mendea.net)

Gaizkile beldurgarria agiri judizialen argitan, edo “herriko gorotza” agintarien ahotan –Orozkoko alkateak hala deskribatu zuen–. Baina hango koipea eta hemengo salda bananduta, Tretatxu-ren  oso bestelako irudia osatu du Ortegak, bere garaian Eric Hobsbawnek proposaturiko bandolero sozialen ereduarekin zerikusi gehiago duena; historialari ingelesak ikusi zuen mundu osoan zabalduta zegoen lapur eskuzabalaren mitoak bazuela asko protesta “prepolitikotik”.

Euskal historiografiak, ordea, orain arte ez die bertoko bidelapurrei halako izaerarik eman, salbu eta Manuel Antonio Madariaga Patakon, “dekonari kendu eta ez dekonari emon” esaldi famatua haragiztatzen zuenari; honek ere “aberatsen kontrako instintuak” eraginda jardun ei zuen, Joseba Agirreazkuenaga EHUko historia irakasleak iradoki duenez. “Euskal Herrian orain arte Patakon izan dugu kasu bakartzat –azaldu digu Ortegak–, Tretatxu-rekin bigarren kasu bat frogatu dugu, eta kasu gehiago daudela seguru nago”.

Zergatik dio hori kazetariak? Bere ustez gakoa bidelapurrak ikertzeko erabilitako iturrien irakurketan dago: ahozko tradizio ez-ofizialari ere erreparatu behar zaio, eta agiri ofizialei berriz, galdera egokiak egin. Zorionez, Tretatxu-ren inguruan orain arte aztertu gabeko dokumentazio samalda aurkitu du: “Sekulako pagotxa da, aukera daukazu pertsona honen bizitzan murgiltzeko eta ikusteko berben atzean zer dagoen, jendeak benetan nola ikusten zuen”.

Hektor Ortega, liburuaren egilea: Historian atzera egiten dugunean askotan ematen du goikoek erabaki eta behekoek amen esaten zutela. Bada ikusi dugu ezetz, eguneroko erresistentzia bat bazegoen, Tretatxu-ri buruzko koplak irakurrita argi dago

Auzi-kriminalak osatzen dituzten orrialde luzeetan, herritarraren deklarazioek dekodifikatze bikoitza behar dute: hizkuntzarena batetik –euskaraz bizi ziren bizkaitar haien hitzei itzultzaileak zer esanahi eman zien jakin behar da– eta klaseen artekoa bestetik, menpeko baserritar xehearen mundu ikuskera oso bestelakoa baitzen: “Euren justiziaren kontzeptua ez zen inondik inora jauntxoek zabaltzen zutenaren berdina, oso urrun zeuden”, dio Ortegak. Tretatxu-ren bizitza mitifikatua borroka eremu bihurtzen da horrela: “Oso inpaktantea da ikustea korrejidoreen bandoetan gaiztoetan gaiztoena zen lapur hori bera izatea herritarrek kantatzen zuten heroia”.

Herritarrek “ez zuten saltzeko”

Tretatxu-k eta bere lagunek lehenengo lapurretak egin eta egun gutxira, 1751ko irailaren 13an, Manuel Lorra eskribaua Mungialdera bidali zuten isilpean, haiek harrapatzera. Haren txinelak zelatan ibili ziren, eta denera bost benta edo etxe miatu zituzten Mungian, Urdulizen, Larraurin eta Gatikan –Tretatxu-ren taldekide Batxi Zalduaren herrian–, beste horrenbeste lagun eraman zituzten atxilo Bilbora, baina haietako inor ez zen bidelapurra, haiek lagundu zituzten auzo eta senideak baizik. Ez zen aldi bakarra izango, orduz geroztik Tretatxu-k behin eta berriro egingo die ihes agintariei azeria moduan, “ez zuten saltzeko” irakur daiteke birritan bere biografian.

Bandolero sozialek herritarren ulermena eta babesa zuten, Tretatxu-k izan zuen bezala, eta estereotipo horrek biltzen dituen beste hainbat ezaugarri ere bai: bortxa tentuz eta gehiegikeriarik gabe erabiltzea, lapurretak komunitatetik urrun egitea, ospea, adorea… Landako semeak maiz erakutsi zuen kuraia hori. Behin, Bermeoko alkateari aurpegia ukan zion trabukoa eskuan, honek kalean erronda egiten ezagutu zuenean: “Batxi, geldirik zagoz!” oihukatu zuen emakume batek, eta alkatea bizirik atera zen atakatik.

Emakume hura Francisca Barandika Zarra zen, Bermeoko arrain-saltzailea eta Tretatxu-ren laguntzaile fidela. Emakumeak bidelapurren ondoan ikusiko ditugu maiz, batzuetan laguntza ematen, bestetan haien ekintzak estaltzen, beti sareak ehuntzen: “Oso independenteak dira, garai haietan normalak ez ziren gauzak egiten dituzte, ausardiaz”, dio Ortegak. Gure bermeotarrak adibidez, ez zuen erreparorik izan Bilbora arma eta arropa batzuen bila joateko, arriskuan zela jakinik ere, eta ondorioz denbora batez preso egon zen Zarra.

Tretatxu-ren bizitza, gatazka sozialen eszenatoki

Tretatxu-ren bizitzan bada historia nobelesko bat bere izaera eta jokabideak ulertzen lagunduko diguna. Landa oinetxeko ugazaba zen Batxi Landa, etxeari loturiko jaun ondradua, “hori asko zen Bizkaiko lege zaharrean”, baina ez nahikoa agidanez. Zer gertatu zitzaion lapurgintzari ekiteko?

Nekazaritza kapitalismoaren zerbitzura jarri zen XVIII. mende hartan, handiki gutxi batzuk aberastu eta etxagun asko erabat zorpetu ziren espekulazioaren ondorioz. Egoerak bete-betean jo zuen Uribe ingurua –Gatikan, esaterako, baserritar etxejabeen erdia maizter izatera pasa zen– eta Tretatxu-k ere korrituak ordaintzeari utzi zion, areago, etxeak su hartu zuen 1738an. Askorentzako irtenbidea “auto-zapalkuntza” zen, Ortegaren esanetan. Hori, edo matxinatu. Bistan da gure lapurrak zer bide hartu zuen.

1744ko gertaera batek hankaz gora jarriko du Landaren bizitza: emakume alargun batekin ohean harrapatuko dute. Emakume hori baina Butroeko mesokraziako kide zen, Tellaetxe familiakoa, eta handiki horiek ez diote baserritar apalari barkatuko egindakoa. Andreari ere ez noski, berriz ezkonaraziko baitute beste pertsona batekin, Elizaren orduko kode misoginoak baliatuz. Inolako epaiketarik egin gabe, Tretatxu hamar urterako bidaliko dute Erregearen Armadan zerbitzatzera, Oran urrunera eta Cartagenara.

Ondarroako arrain saltzaileak. Kostaldeko emakumeek bazuten harremanik bidelapurrekin, euren kabuz atera behar baitzuten bizimodua (arg: albumsiglo19mendea.net)

Ez-bidezko zigor horrek betirako kolpatuko du Landako heroia, legez kanpo uzteraino. Armadatik lizentziatu eta 1748an herriratzen denean, Tretatxu eta handikien arteko talkak jarraituko du, tellaetxetarrak saiatuko baitira hura jazartzen: itzuleran emaztea haurdun aurkituko du –berriz ere emakumearen gorputza botereak erabilia–, eta bera jipoitu egingo dute plaza publikoan, soka-dantzaren erdian, Antonio Tellaetxe Mungiako alkateak aginduta, herritarren harridura eta kexa eraginez. Iraina eta zigorra. Zer dela eta horrelako gorrotoa? Kazetariak argitu digu: “Muturreko kasu bat da, eta izan zitekeen kasu pertsonal bat, baina herritarrak alde batean jartzen direnean, kasu honetan legez kanpo geratzen denaren aldean, orduan Tretatxu-ren bizitza bihurtzen da gatazka sozialaren eszenatoki”.

Ortegaren esanetan bidelapur honen kasuak erakusten du lehen ere menpeko klaseek bazutela nolabaiteko independentzia bat, euren justizia nahi bat: “Historian atzera egiten dugunean askotan ematen du goikoek erabaki eta behekoek amen esaten zutela. Bada ikusi dugu ezetz, eguneroko erresistentzia bat bazegoen, Tretatxu-ri buruzko koplak irakurrita argi dago”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude