215.000 herritarrek eskatu diote euskaraz artatzeko

  • Osakidetzak kanpaina jarri zuen martxan herritarrei lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko hautuari buruz ohartarazteko.
    Ia 215.000 pertsonak aukeratu dute euskara lehentasun hizkuntza osasun zerbitzuarekin harremanetan aritzeko. Euskaraz komunikatu nahi dutela adierazi badute ere, Osakidetzak ez die bermatzen arreta euskaraz jasotzea.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Lagundu egiguzu hobetzen: aukeratu zure hizkuntza! lelopean aurkeztu zuten Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak herritarrek osasun arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko kanpaina. 2017ko otsailean aurkeztutako egitasmoaren helburua EAEko osasun publikoarekin harremana izaterakoan herritarrek lehenesten duten hizkuntza zein den adieraztea zen. Aukera hori errespetatzea “errealitate soziolinguistikoak eta erabilgarri dauden zerbitzuek eta baliabideek” baldintzatuko dutela jakinarazi zuen osasun zerbitzuak kanpaina abiatzearekin batera. Ekimena 2013 eta 2019 urte artean Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren baitan kokatzen da.

Artatua izaterakoan nahiz Osakidetzarekin komunikatzeko garaian lehenesten den hizkuntza hautatzeko hiru modu daude gaur egun: osasun zentrora gerturatuta, medikuari edo erizainari kontsultan adierazita, eta internet bidez kontsultatu daitekeen osasun karpetan sartuta. Momentuz, Osakidetzaren zerbitzua jaso dezaketenen %40ak egin du lehentasunezko hizkuntzaren hautua eta guztira, 215.000 herritarrek lehenetsi dute euskara; zifra horretatik ondorioztatu daiteke EAEn euskalduntzat hartzen den kopuru osoaren %24ak euskara hautatu duela Osakidetzarekin komunikatzeko.

Arreta euskaraz nahi dutela esan dutenen %13ari soilik eskaini zaie mediku, erizain edo emagin euskalduna

Osasun zentroetan lehen mailako arreta euskaraz eskaintzeko aukera denean ere, normalean ez da modu proaktiboan eskaintzen, hizkuntza normalizazio planaren ebaluazio txostenaren arabera. Bertan aipatzen denez, pazienteak euskaraz egiteko eskatu arte itxaron ohi da eta hala ez bada, beharrezkoa izaten da beste osasun behargin euskaldun batek paziente kupoa beteta ez izatea profesional euskaldunarengana aldatu ahal izateko. Horren adibide da euskara lehenetsi dutenen %13ari soilik eskaini zaiela mediku, erizain edo emagin euskalduna, erdaldunaren ordez. Osakidetzak egindako inkestaren arabera, euskara lehenetsi duten pazienteen %55ak adierazi du ahozko komunikazioa euskaraz egin ahal izan duela medikuarekin edo erizainarekin. Hautatutako hizkuntzaren arabera, mediku edo pediatra euskaldunera aldatzeko aukera izan dute inkestatuen %21ak eta zifra hori %12,7ra apaltzen da mediku espezialisten kasuan.

Lehen aipatutako kanpainaz gain, ‘e’ letra duen ikurraz identifikatzeko aukera ere eman zaie osasun arloko langileei eta erabiltzaile nahiz profesionalek “oso erantzun positiboa” eman dutela azaldu du Osakidetzak Euskara Planaren tarteko balorazio txostenean. Txostenean agertzen denez baina, profesional kopuru handi batek ‘e’ etiketa jartzeari muzin egin dio, beldurra, naturaltasun falta edo egokitasunez hitz egiteko gaitasun eza argudiatuta. Horretaz gain, badira lehen agurrean euskaraz egin nahi ez duten profesionalak eta horren ondorioz, eta Osakidetzako Euskara Planak dioen moduan, erantzuna euskaraz jasoz gero elkarrizketa hizkuntza berean jarraitzeko gogorik ez duten profesionalak ere.

Eskatu bai, baina jaso?

1984an sortu zen Osakidetza, EAEko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta bi urtera. Lege horrek eskubideak aitortzen dizkie herritarrei –osasun arreta euskaraz jasotzea tarteko– eta betebeharrak eskatu erakundeei. Horri erreparatuz, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Arantza Aranbururen ustez Osakidetza “beltzune bat” izan da orain arte herritarren eskubideei dagokionez: “Berandu dator kanpaina hau. Egitura sortu zenean erdigunean jarri izan balituzte euskara eta hizkuntz eskubideak, beste egoera batean geundeke gaur egun. Baina sistema gaztelaniaz jarri zuten martxan eta horren ondorioz zailtasun gehiago sortu dira”.

Lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko kanpainari eta zerbitzua euskaraz emateko aukerari ere erreparatzen diote Behatokian: “Ez du inolako zentzurik erabiltzaileei galdetzea osasun arreta zein hizkuntzatan nahi duten, ondoren erakundea zerbitzua euskaraz emateko prestatuta ez badago”. Gaur egun, Osakidetzako hiru langiletik batek du ziurtatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntza profila. 45 urtetik beherakoek euskalduntzen dute, batik bat, Osakidetza: 45 urte azpiko %77k dute ziurtatuta euskara eskakizuna eta 45 urtez gaindiko %29k.

Osakidetzan arreta euskaraz eskatzeko hiru modu daude: osasun zentrora gerturatuta, medikuari edo erizainari kontsultan adierazita, eta internet bidez kontsultatu daitekeen osasun karpetan sartuta

Behar bezainbeste profesional euskaldunen faltaren adierazle dira Behatokian jasotzen dituzten herritarren kexak. Are gehiago nabarmentzen da egoera hori ordezkapen edo oporraldietan. Osakidetzaren hainbat jokabideren koherentziari buruz zalantzak ditu Arantza Aranburuk: “Ordezkapenetarako profesional euskaldunak jartzen ez dituztenean, horiek lortzeko zailtasunak dituztela argudiatzen dute. Beste alde batetik, ordea, kexak jasotzen ditugu euskaraz ikasten ari diren ikasleek ikasgai jakin batzuk ezin dituztelako egin euskaraz edo praktikaldien %90 gaztelaniaz egin behar dutelako”. Euskarazko profesionalen kopuruan gabeziak izanda, arduraz jokatu beharko luke erakundeak Aranbururen ustetan eta etorkizuneko profesionalen prestakuntza zaindu.

Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere jaso dituzte lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko kanpainari buruzko kexak. Bizkaitik jasotako bi kexa ditu gogoan Aranburuk; biak ala biak, kanpainaren kartela gaztelaniaz bakarrik zegoelako. Gaztelaniazko kartela ipintzearen zentzua jartzen du ezbaian Behatokiko kideak: “Elige tu lengua jartzen zuen kartelean. Kontuan izan behar da identifikatu beharreko herritarrak euskaldunak direla, erdaldunek bermatuta baitituzte beren hizkuntza eskubideak. Kanpaina modu nahasgarrian zegoen eginda”.

Kanpainari begira bideratutako kexek ez zuten erantzunik jaso Behatokian. Horiez gain, aipatzekoa da 2016an, euskarari lotutako 245 kexa jaso zituela Osakidetzak, horietako asko espezializatuen alorrean. Herritarrek badute zerbitzua euskaraz jaso nahi dutela esateko aukera. Orain Osakidetzak du lana herritarren eskubideak bermatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude