Orain eta hemen 1968-2018

Egun hauetan, alde guzietatik ateratzen ari dira 1968ko maiatzari buruzko filmak, erreportajeak, garaiko kanten bildumak, “izan balitz eta egin bagenu” moduko mahai inguru surrealistak. Eta saltsa bera zerbitzatuko digute hilabete bukaera arte. Gero kito.  

Tarteka iraganaren melankolia nagusitzen da, lortu ez zen iraultzaren ametsa, esperantza ondar batzuk han-hemenka, hain urruna eta ezina den zerbaiten gisan. Beste batzuetan, sentimentalismoa baino, ezkerrari eta belaunaldi bati kritika luzatzen zaio, arbuiatzen da ordenaren aldaketa gogo oro. Eta zenbaitetan, bai, desira indartsu sekretua sentitzen da berriz gerta dadin.

68ko maiatza, etxean, gutxi aipatu zen, egia, eta maiz aski ohar ezkorrekin aitor dezagun, kanalizatuak izan ez ziren oldarren zapartatzeari konparatua, nahasmenduari. Zoritxarrez, belaunaldi hark gogotik hartu bazituen ideia ezkertiarrak, aldaketa iraultzailearen beldurrak kateatu zituen. Nahiz batzuek besterik adierazi gaur, ororen buru, dena borborka zen momentu horiei zor diegu hainbat aitzinamendu: Grenelleko lorpenak langileentzat, sindikalismoaren zabaltzea, hezkuntzaren erreforma, Larzac-eko laborarien proiektua eta laborantzaren ildoen berrikuspena, kontrazepzioa, feminismoaren emergentzia, norbanakoaren eta kreatibitatearen balorazioa, enpresa autokudeatuak, ekologia. Euskal Herrira begiratuko bagenu, hemen berean utzi zizkigun Pitrau sindikalista eta bere kemena, Enbata, euskara batuaren lehen printzak Baionan, ikastolak, Iparretarrak (IK), Maiatz aldizkaria berantago. Berritasun guzti horien hari gorria, partekatzea zen, aldarrikapenak partekatzea baita lorpenak ere. Brutala, beharrezkoa baina.

Gero, ondoko bi hamarkadatan kargudunak ahaleginduko ziren dena lurperatzen, batez ere libertate desira. Berrogeita hamar urte iragan dira eta erran dezakegu 2018an klima berdintsuan garela berriz, gure xokoetan eta harago ere. Izan ere zer dakar aurtengo maiatzak? Berri-faltsuen eta afera-sekretuen legeak, unibertsitateen Vidal erreforma, garraioetako langileen grebak, osasun arlokoak, etorkinen aldeko mobilizazioak, elkartasun delituaren asmakizun negargarria, ZADaren hustea, erretretadunen kexak, bat egiteko gai ez diren sindikatuak eta goiko esferetan betiko manager irribarretsuak. Gaur ere bagenituzke arrazoi anitz grebari gorazarre egiteko, kulturalki, sozialki eta politikoki oldartzeko, egoismoaren, zapalkuntzaren eta botere itogarriaren kontra altxatzeko eta manager handien bandoari inarrosaldi on bat emateko. Izan ere, galdera batzuen entzunarazteko eta erantzunak ekartzeko parada litzateke. Baditugu mila motibo altxatzeko, kolektiboki ekiteko, sumindu esnatzeko eta karrikara jausteko, bizi labur baina indartsuaren bizitzea irabaztera joateko, ametsetan galtzeko, batez ere atzera botatzeko gustatzen ez zaiguna eta ukazioaren alde subertsiboaz zerbait hobea lortzera arriskatzeko.  

Bost hamarkadetako distantzian, hain urrun eta hain hurbil daude egoerak, mundu osoan. Nahi, frankok dugu nahi Notre Dame des Landesko jendeak aitzina egitea Millau-n bezala, adinekoak hilabete bukaerara heltzea, CIMADE ez auzipetua izatea elkartasun delituagatik, bizkitartean, deus, makinak aitzina segitzen du, gu ez baikara “deus”, alferrak eta zinikoak baizik: bost hamarkadatan zehar kapitalismoa jarri da, ontsa jarri, deusek ez dezan haren martxa traba.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude