Iruñeko Alde Zaharra: turismo masiboaren atzaparretatik ihesi

  • Nor ez da turista gure Mendebaldeko gizartean? Gutxi batzuk. Nork ez ditu bisitatu nahi urruneko edo gertuko lekuak? Gutxik. Gero eta gehiago mugitzen gara, horra turismo masiboaren oinarria. Baina jakitun gara eta gero eta kontzientzia handiagoa dago turismo molde honen arazoaz. Iruñeko kasua aztertuko dugu hemen, arazoa larritzen ari da Alde Zaharrean eta bizilagunek eskatzen dute auzoa ostatu turistikoentzako eremu saturatua izendatzea.

Xabier Letona @xletona
2018ko maiatzaren 20a
"Donostian urtean 1.200.000 pertsonek pasatzen badute gaua turista gisa bertako etxebizitza edo ostatu gunetan, Iruñean kopuru hori erdia da, 600.000 pertsona". (Argazkia: Dani Blanco)

Hamarkadatan herrialdetako harribitxi izatetik, gero era eraso handiagoren jomuga bilakatu dira hainbat herri, hiri edota natur gune. Kazetari hau iazko Aste Santuan Veneziako San Marco plazara sartu zenean, haren edertasuna dastatu aurretik bertako bizilagunez errukitu zen, ez baita makala egunero masifikazio horren epizentroan bizitzea. “Bizilagunak? –erantzun dizu lagunak ikusitakoa kontatu diozunean– hor ez dago bizilagunik, etxe guztiak turistentzat dira”.

Munduan zehar gero eta hedatuago den fenomenoa da turismo masiboa eta dardara ematen du Iruñeko Gazteluko Plazak berdin buka dezakeela irudikatze hutsak. Hiri Buruzagi zaharra ere bai? Bada bai, badira zantzuak Iruñean ere zabaltzen ari den fenomenoa dela turismo masiboarena, batez ere Alde Zaharrean pilatzen ari diren datuengatik. Bereziki Estafeta, San Nikolas eta Mercaderes kaleak dira arrisku handiena bizi dutenak.

Egia edo esajerazioa? Nondik ikusten den, beti bezala. Iruñeko Alde Zaharrean alokairuan bizitzeko etxe bila ari den gazte edo etorkinarentzat Pernandoren egia; eta bere pisuari etekina atera nahi dion herritar edo turismo munduko enpresariarenzat, hazkundea eta garapena oztopatu nahi duten “betiko horien” marmarrak. Azken finean, etxebizitza turistikoen elkarteek dioten gisan, haiek hainbatetan galbidean diren espazioak biziberritzera datoz, besteak beste.  

Iruñeko Alde Zaharrean dira hiriko plaza turistikoen ia erdia, %42 zehazki. (Argazkia: Dani Blanco)
Datu oso kezkagarriak

Bartzelona, Venezia, Palma, Ibiza, Berlin, Donostia… horiek bai, baina Iruñea? Gaiaz ezezagutza handia dago oraindik herritarren artean eta, beraz, ezagutza gutxi=azkura gutxi ekuazioa da indarrean. Datuak, ordea, zorrotzak dira eta hoska datoz. Iruñeko Udalak 2017an etxebizitza eta ostatu turistikoei buruzko ikerketa egin zuen Meridiano Zero aholkularitzaren eskutik. Urte berean, eta hau ere Udalak aginduta, Efecto Airbnb Iruñea ikerketa egin zuen Montera34 enpresak. 2017an Nafarroako Gobernuak ere egin zituen bere ikerketak. Datuak pilatzen ari dira, beraz, eta batzuk oso kezkagarriak dira, ez Iruñea osoarentzat, baina bai Alde Zaharrarentzat. Hemen batzuk.

Bat, Donostian urtean 1.200.000 pertsonek pasatzen badute gaua turista gisa bertako etxebizitza edo ostatu gunetan, Iruñean kopuru hori erdia da, 600.000 pertsona. Bi, lo egiteko plaza horietatik guztietatik %42 Iruñeko Alde Zaharrean da, %15 Zabalgunean eta beste %43 gainerako auzoen artean banatzen da. Hiru, Alde Zaharrean 1.000 biztanleko 165,6 plaza turistiko daude eta bigarren auzoa Ermitagaña-Mendebaldea da, 1.000 blko/90,8 plazarekin; Txantrean, adibidez, 1.000 blko/6,9 plaza daude eta Donibanen 1.000 blko/0,6 plaza. Jakina, konparatzen badugu Bartzelonako Auzo Gotikoarekin gutxi da, han 1.000 blko/530 plaza turistiko daude. Baina Bartzelona turismo masibo eta kaltegarriaren paradigmetakoa da munduan. Iritsi behar ez den eredua.

Diruz ahulenak badoaz auzotik

Datu oso kezkagarriak dira baina ez Iruñerako, batez ere Alde Zaharrerako, lehendik ere esparru zigortua, hiri handietako beste zentro historiko asko bezala, gero eta gehiago ostalaritza eta turismoaren parke tematiko bihurtzeko arriskuan. Alde Zaharrean plaza turistiko bat dago 5,4 biztanleko, eta Iruñean plaza bat 38 biztanleko; hau da, Alde Zaharrak jasaten duen presioa zazpi aldiz handiagoa da.

Alde Zaharreko datuak hirian zehar banatuko balira, oso bestelako kontua litzateke; akaso hor egon daiteke irtenbidearen zirrikituetako bat, Iruñea hiri txikia da eta toki urrunenetik ere ordu erdian oinez zentroan zaude eta 10-15 minutuan autobusez. Horrek ez luke auzoa eta turismoaren arteko arazoa konponduko, baina etxebizitzen prezioaren arazoa arinduko luke bederen.

Baina turismo masiboak harresi zaharrak ditu maite, kalexka estuak, etxe oker eta antzinako plaza baztertu eta txikiak. Eta agintariek ere horiek biziberritzen dituzte, turisten bazkaleku eta diruaren babesleku. 2006ko krisiaren ondoren, higiezinen esparrutik ihes egin eta turismoan babestu da diruaren zati bat. Ondorioa, alokairuko etxebizitza gero eta garestiago da.

Ondorioak ez dira txantxetakoak, bereziki ahalmen ekonomiko txikiena dutenentzat, gazteak eta etorkinak. Iruñeko Udalaren Soziologia Sailak Iruñeko eta Alde Zaharreko datu orokorrak aztertu ditu hainbat alorretan eta ondorioak latzak dira auzoarentzat: 2006tik 2018ra, Iruñean biztanleria %3,9 igo da, Alde Zaharrean %10,9 jaitsi; Iruñean 5 urtetik beherako haurren kopurua %11 jaitsi da, Alde Zaharrean %34,8; eta hirian, etorkinen populazioa %12 igo den bitartean, Alde Zaharrean %44,5 jaitsi da. Ondoko orrialdean diren koadroan ikus daitezke kopuru hauek modu argiagoan.

Iruñeko Udalak etxebizitzen errolda egingo du eta horrela jakingo du hauetako zenbat ari den turismoari begira lanean. (Arg.: Dani Blanco)
Airbnb kontrolatu beharra

Hainbat arrazoi izan daitezke auzo batentzat larria den galera horretan, baina bi bederen argiak dira: bat, ostalaritzaren presio handia eta hainbat gunetan honek auzokideekin sortzen dituen arazoak; eta bi, eta seguruenik faktore garrantzitsuena, etxebizitzaren salneurriaren garestitzea, turismoaren handitzearen eraginez. Erantzule argienetako bat Airbnb da. Ez da bakarra, baina bai gehien ikusten dena, kaltegarrienetakoa eta mugatu ezean etengabeko hazkundean jarraitzen duena, triskantzak ezker-eskuin barreiatuz.

Beste hiri batzuetan arazoa askoz larriagoa da. Beatriz Corredor Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministro ohiak (PSOE) duela gutxi Madrilen egindako mahai-inguruan azaltzen zuenez (El Diario, 2018-4-19), herritarrek dagoeneko ezin dituzte garai bateko hipotekak eskatu, prekarietateak ez dielako uzten. Orduan, milaka pertsonak alokairura jo du eta Estatuan alokairuzko etxeen merkatua urria denez, prezioek gora egin dute. Iruñean egoera horietara ez iristea da kontua, eta aldez aurretik neurriak hartzea, oraindik denbora dagoenean.

Baina Airbnb-k mundu osoan dakar etxeen garestitzea eta honek diru gutxien dutenak kanporatzen ditu alokairuetatik. Paris, Amsterdam edo Berlinen, beste askoren artean, mugatzen ari dira jada Airbnb-ren jarduera. Herrialde Katalanetan, esaterako, Balear Uharteetako Palma hiriburuko Udal Gobernuak (PSOE, Més eta Podem) hartu berri du neurri zorrotzena: datorren uztailetik aurrera pisu turistiko gehiago jartzea debekatu du. Lehendik ere bazituzten beste neurri ugari, adibidez, ezinezkoa zen eraikin batean pisu turistikorik izatea auzokideen komunitatea aurka agertuz gero.

Alokairuaren salneurria igotzeaz gain, Airbnb-k gogotik kolpatu du ohiko ostatu sektorea, bereziki hotelak, eta hauek ere presio egiten ari dira haren jarduera muga dadin. 2017an Iruñean egindako Efecto Airbnb azterketaren arabera, Iruñean 738 etxebizitza iragartzen ziren Airbnb-n (%43 etxebizitza osoak, %51 gela pribatuak eta %6 gela partekatuak) eta horietako %33 Alde Zaharrean; plazei dagokienez, Iruñeko plaza guztien %42 dago Alde Zaharrean.

Turistak Iruñeko Udal Plazan. (Arg.: Dani Blanco)
Hazkunde handia, eta legez kanpo

Orain arte aipatutakoez gain, legez kanpoko etxeak edo beltzean aritzen direnak daude. Meridiano Zero aholkularitzak egindako azterketaren arabera, 149 pisu turistiko legezkoak dira, eta hauetan 939 plaza eskaintzen dira, baina 227 beltzean aritzen ziren, 790 plaza eskainiz. Alde Zaharrean Bizi elkartearen arabera, gainera, datu hauek txiki geratzen dira eta ziur dira gehiago ere badirela; ez da haien ustea bakarrik, hiri handietako joera da azterketa zorrotzak egin ondoren beti agertzen direla etxebizitza gehiago beltzean. Iruñeko Udalak arazo horri aurre egiteko etxebizitzen errolda egingo du eta horrekin uste dute argi geratuko dela etxebizitza bakoitza zertarako erabiltzen den.

Datu hauek eta beste askok aspaldi piztu dute alarma gorria Alde Zaharrean Bizi edo Bizitzeko Alde Zaharra elkarteentzat eta gogor ari dira lanean gaiaren bueltan, bizilagunak eta Udala arazoaz kontzientziatuz. Maiatzean bertan, Europa mailan turismo masiboa pairatzen duten hirien SET elkartea sortu da eta Euskal Herritik ere hor daude Donostia eta Iruñeko herri mugimenduak.

Denak du bere eragina egun auzoan bizitzen ari den hausnarketa prozesuan, baina Patri Perales EH Bilduko Iruñeko Udaleko zinegotziarentzat, datu batek marra gorri guztiak gainditu zituen eta zerbait egin beharraren kontzientzia areagotu: “2017ko uztailetik azarora etxebizitza turistikoen hazkundea %50ekoa izan zen, 99 etxebizitzatik 149ra”. Beraz, bere esanetan, saihestu beharra dago lehen tabernekin izandako gehiegikeria orain etxebizitzekin gertatzea.

Eta zer egingo da?

Peralesen esanetan, 2015ean Udalera iritsi zirenean argi zuten zerbait egin behar zela turismo masiboa uxatu eta turismo jasangarria jorratzeko, eta horren fruitu izan zen Turismoaren Plan Estrategikoa Iruñean, 2017-2019. Orain, halaber,  batetik Iruñeko Plan Orokorra eta, bestetik, Alde Zaharra babesteko eta erreformatzeko plan berezia (PEPRI, gaztelaniazko sigletan) aztertzen ari da Udal Gobernua, eta aldaketak izango dira ostatu turistikoetan. Prozesu bat dago zabalik Udaletik, besteak beste bizilagunekin eta ostatu sektorearekin hitz egiteko. Sanferminen aurretik bideratu nahi zuten gaia, baina ez dirudi iritsiko direnik eta seguruenik irailera arte atzeratuko da Udal Gobernuaren erabakia.

Apirilaren 13an kazetari hau auzokideek egindako batzarrera hurbildu zen Plazara gunean, Alde Zaharreko Kale Nagusian iaz zabaldu zen zentro komunitarioan. Udal ordezkariekin bilera zuten ondorengo egunetan eta erabaki behar zuten zein jarrera eraman. 75 bat herritar bildu ziren batzarrean, haien artean hainbat elkartetako ordezkari. Gaia sakon eztabaidatu ondoren, bizilagunek argi zutela ikusi zen: udal arauetan egingo diren aldaketetan, Alde Zaharra ostatu turistikoz eremu saturatutzat jotzea eskatuko diote Udalari.

Beste neurri batzuk ere ari dira aztertzen Udalean. Batetik, Iruñea osoan pisu turistikoak lehenengo solairuan soilik egon daitezke, salbu eta Alde Zaharrean, non orain arte edozein pisutan egon daitezkeen. Bere garaian UPNk Alde Zaharra salbuetsi zuen berau “biziberritzen laguntzeko”. Orain udalak eskatuko du arau orokor hori indarrean jar dadila Alde Zaharrean ere. Eraikineko beste solairuren batean etxebizitza turistikorik bada, lehenengoan ez jartzea ere eskatzen dute bizilagunek; Patri Peralesek dioskunez, berari eskaera logikoa iruditzen zaio.

Iruñeko Udal plaza. (Arg.: D. Blaco)

Beste neurri batzuk ostatuen esparrukoak dira, hotelen eremukoak esaterako. Ostatu eraikin berri bat eraikitzeko gutxieneko distantzia bat egon beharko da jadanik badiren beste hotelekiko. Nola kalkulatuko da distantzia hori? Dagoen hotel edo ostatuaren fatxada nagusiaren altura bider sei metro. Hau da, 7 metroko fatxada duen eraikin batek, adibidez, ezingo du beste ostatu eraikinik izan 42 metro baino gertuago.

Unzu kolokan

Neurri hau aurrera aterako balitz ezingo litzateke hotelik egin Mercaderes kaleko Unzu saltoki ohiaren eraikinean. Dagoeneko bada horretarako proiektu bat eta hautsak harrotu ditu auzoan, gauzatzekotan orain dagoen desoreka larria biziki areagotuko lukeelako. Proiektu honen arabera, Iruñeko hirugarren hotelik handiena –Iruñea Park eta Tres Reyes hotelak dira lehenak– eraikiko litzateke bertan, 277 ohe, luxuzko hamar apartamentu eta erlaxatze gunea eskainiz. Bada, distantzia neurri hauek onartuko balira, ezingo litzateke proiektu hau aurrera eraman, Udal plazan Pompaelo Hotela dagoelako eta La Perla Hotela Txapitela kalearen eta Gazteluko Plazaren arteko izkinan.

Patri Peralesen ustez Alde Zaharra saturatua dago, bereziki kale batzuk, esaterako Estafeta eta San Nicolas. “Baina, jakina, non da eremu saturatuaren muga?”. Eztabaida handia aurreikusten da Udalean gai honekin, eta baita Gobernu Taldean ere. Esparru sozial eta politiko askotako herritarrek dituzte pisu turistikoak, edo alokatzen dituzte sanferminetan, eta ika-mika handia da gaiaz. Diru iturria da jende askorentzat, eta aldi berean, horrek eragin kaltegarria du beste askorengan, bereziki ahaulenengan. Zer egin?

Eskuineko eraikinerako eskatu da Unzu-ko ostatu proiektu eztabaidatua; Udalak aurreikusitako arauak onartzen baditu ez da egingo beste Hotel batzuk gertu dituelako. (Arg.: Dani Blanco)
Udal Gobernuaren zalantzak

Udal Gobernuko EH Bildu, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra ostalaritzako eraikin eta etxebizitza berriei traba asko jartzearen aldekoak bide dira, baina ez dago batere argi Alde Zaharra eremu saturatutzat izendatzeko ausardia izango duten. Horrez gain, zalantzarik handienak Geroa Bai koalizioan bide dira, eta ez dirudi orain arteko datu andana nahikoa zaionik Alde Zaharra espazio saturatutzat jotzeko. Hala ere, egunotan ari dira aztertzen gaia Geroa Baiko udal taldean, eta aukera guztiak zabalik daude.

Bitartean, Andrea eta bere lagun gazteak pisu bila jarraitzen dute Alde Zaharrean: “Ezinezkoa da, gero eta garestiago daude”. Batzuek amore eman dute eta, azken urteetan horren ohikoa bihurtu den gisan, Arrotxapeara jo dute: pisu merkeagoak dituzte eta auzoan zerbitzu hobeagoak. Iñaki ere pisu bila dabil eta argi dio: “Saiatu nahi baduzu, baina azken asteetan txikitu ditut begiak idealista.com-en eta ez duzu topatuko 65 m2-ko etxerik hileko 650-700 eurotik behera”.

 


Turismo masiboa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-15 | ARGIA
Protesta artean hasiko da Munduko Turismo Erakundearen goi bilera Donostian

Maiatzaren 19tik 26ra Donostiako kaleetara ateratzeko dei egin du Bizitza da Handiena kanpainak. "Agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politiken aurka" eta "herritarron kapitalaren alde" egitea du helburu, eta hainbat sindikatu eta herri mugimenduk atxikimendua adierazi dute sare sozialetan. Turismoaren Mundu Erakundea asteartean iritsi da Donostiara, eta Bizitza Da Handienak ekimen ugari antolatu ditu horren kontra.


2018-05-14 | Zuzeu
Norena da Donostiako Alde Zaharra

Oso txio kate adierazgarria plazaratu du asteon Xabi Muruak, udalak aurkeztutako dokumentu publikoetatik abiatuta, Donostia eta turismoaz mintzo garenean zertaz ari garen jabetzeko.


2018-05-09 | ARGIA
'Bizitza da Handiena' kanpaina
"Borroka sozialen astea" deitu dute Donostian, Turismoaren Munduko Goi Bilera hirian egin bitartean

Maiatzaren 19tik 26ra herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete sare sozialen bidez, "Bizitza Da Handiena" lelopean. Bideo bat zabaldu dute.


2018-05-08 | Amaia Lekunberri
Turismoak beroketa globala bultzatzen duela azpimarratu du ikerketa batek

Berotegi efektua eragiten duen gas-igorpen globalaren %8 turismoari dagokiola azpimarratu du garraioa, janaria, ostatua eta bidaiarien erosketak kontutan hartu dituen ikerketa batek, Le Monde Diplomatique-k jaso duenaren arabera.


Marina Garcés
"Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan"

Ideia sakonak ulergarri eta ukigarri egiteko gaitasun harrigarria dauka Marina Garcés filosofo kataluniarrak (Bartzelona, 1973), pentsamendua eguneroko bizipenekin konektatzeko argitasuna; eta bizi ditugun garai nahasi hauetan, jarrera bat: eraldaketaren aldeko apustua egiten dutenekin bilduta, erantzun erabatekoak baino, galdera berriak planteatzekoa. Zaragozako Unibertsitatean filosofia klaseak ematen ari da azken urteetan eta 2002tik bultzatu du Espai En Blanc proiektua ere, zeinaren... [+]


2018-04-24 | ARGIA
Turismoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea aurkeztu dute, bertan daude Donostia eta Iruñea

Azken hilabeteetan elkar topatu eta kezkak partekatu dituzten Europa Hegoaldeko hainbat herri mugimenduk SET sarea sortu dutela jakinarazi dute: Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko Hirien Sarea. "Elkarlanak aberastu eta indartu egiten gaituelako, harremanak estutzeko asmoa dugu. Iruñea eta Donostia sareko kide dira.


2018-04-13 | Zebrabidea
"Turismoaren inguruko eztabaida sanoa eman dadin nahi dugu"

Maiatzean Turismoaren Munduko Erakundeak 35 herrialdetako 300 agintari eta ordezkari bilduko ditu Donostian, bertan burutuko baita Turismoaren Goi Bilera.


2018-04-05 | Lander Arbelaitz
Turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma sortu eta manifestazioa iragarri dute

Azken hilabeteetan lanean aritu ostean, BiziLagunEkin plataforma sortu dute Donostian. "Hirian indarrean dagoen turismo ereduak kezkatzen gaitu, ideologia eta jarduera desberdinetan aritzen den jendearen bilgunea gara, partekatzen duguna egungo turismo ereduak herritarren bizimoduan sortzen dituen ondorioekiko kezka da". Maiatzaren 25erako, Donostiako turismoaren goi bileraren azken egunerako, manifestazioa deitu dute Saguesetik hasita: Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu!... [+]


2018-04-05 | ARGIA
Maiatzaren 25eko manifestazioa bitartean 'BiziLagunEkin' plataformak prestatu duen egitaraua

Turismo ereduarekin kezkatuta dauden hainbat donostiarrek Bizilagunekin Plataforma aurkeztu berri dute. Maiatzaren 23an, 24ean eta 25ean egingo den Turismoaren Nazioarteko Goi Bileraren harira, dozena bat ekintza prestatu dituzte. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta solasaldiak egingo dituzte auzoz-auzo. Apirilaren 10ean hasi eta maiatzaren 25ean amaituko dira ekintzak, Saguesetik egingo den manifestazioarekin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude