Berez, kuartzoa mineral gogor bat da, oso gogorra. Izenaren esanahiarekin bat etorrita, Kuartz bikoteak egiten duena ere gogorra da, trinkoa. Hard rock, stoner rock eta blues rock kutsuko doinuen bidez soinu horma sendoa eta bortitza eraikitzen dute, itzela, gitarra riff basatiekin, distortsioarekin, errepikapenekin eta indar handiarekin.
Doinu beroak dira, biziak, eta kantak ez dira luzeak (hiruzpalau minutuko zazpi kanta dira orotara), beraz, disko osoa berehala entzuten da, ohartu gabe. Gainera, jendaurreko emanaldietan sampleak erabiltzen dituzte kanten arteko loturak egiteko, emanaldiak etenik gabe egiteko eta arinagoak izateko.
Bi musikari bakarrik dira, baina gehiago direla ematen du kantak entzuterakoan. Musikari trebeak, eta bi instrumentu besterik ez erabili arren, oso ongi biribildutako doinuak sortzen dituzte. Ibes Mongabure (gitarra eta ahots nagusia) eta Oihan Delavigne (bateria eta ahotsak) Bastidakoak dira (Nafarroa Beherea). Kuartz sortu aurretik Inguma eta Urmurao taldeetan aritzen ziren. 2016an hasi ziren elkarrekin jotzen eta 2018ko martxoan kaleratu berri dute beren lehen lana.
Kantetan kritika soziala egiten dute eta beren kezkak ere azaltzen dituzte, harremanez, izateaz: “Zabor mediatikoan hitzak usteltzen, haien sentsu organikoa desegin eta interes gabeko borroka eramaiten” (Xutik hilak), “Suntsitu berregiteko, nik nahi dutan neurrian, bestea bost axola on egiten dautano” (Suntsitu), “Sortzeko unea, ta beldur hutsa, jasotzeko behar da, emaiten jakin” (Etengabeko istoria), “Iraganetik gerora zeharkatzen duen zubi hau luzea da, oraineko zubia amaigabea” (Blues kiratsa).
Egunotan oso lanpetuta dabiltza diskoa aurkezten, emanaldiak egiten. Apirilean Hendaiako eta Uztaritzeko gaztetxeetan aritu dira, Baigorrin ere bai Nafarroaren Egunean, Zumaiako gaztetxean ere jo dute, maiatzaren 4an, eta datozen asteetan saio gehiago ere egingo dituzte, han eta hemen. Sortzen duten soinu horma bertatik bertara nabaritzea eta nola egiten duten ikustea sentipen berezia izango da, dudarik gabe.