Txikitan, zapata-kutxa bat zulatu, atzean jarri, eta irrati-esatariarena egiten nuen. Etxean telebista sartzearekin batera, pantaila-aldean zuloa zuen paperezko telebista egin nuen, eta handik marraztutako paper-zintak pasatu, telesaioak irudikatuz. Etxekoek beste inork ikusten ez zituen aldizkaritxoak idazteko ohitura ere banuen. Geneetan kazetaritzarako grina neraman, nonbait. Baina, ez. Pentsatu arren, ez nuen kazetaritza ikasi, besteak beste, Euskal Herrian Iruñeko Opusen baino ezin zelako egin. Azkenean, Bilbon geratu, eta bizitzan ia inoiz erabili ez dudan beste lizentziatura bat atera nuen.
Unibertsitate garaian, Bilbo Zaharrean ezagutu nituen Pott bandako mutilak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia... Ez dut esango lagun bihurtu ginenik, baina nolabaiteko adiskidetasuna sortu bai; eta gaur egun ere, elkar ikusiz gero, agurtu egiten gara. Kontua da behin baino gehiagotan ahalegindu zirela animatzen zerbait idatz nezan argitaratzen zuten aldizkari literarioan. Nire ustez injustuki ahaztua eta gutxietsia izan den Xabier Gereño ere ezagutu nuen garai berean; eta berak berdin, ea zergatik ez nuen nobelarik edo idazten. Nik beti ezetz, literaturak ez baininduen erakartzen.
Literaturak erakarri ez, baina kazetaritzak bai. Eta Anaitasuna aldizkarian hasi nintzen laguntzen: tolesten, seiluak jartzen..., zuzendari izendatutakoan, Tomas Trifolek “bestelako” erreportajeak egitea eskaini zidan arte, aldizkaria eraberritu nahian-edo, serioegia baitzen. Nik baietz. Gehienbat antzerkiaz, kabaretaz eta horrelakoez idazten nuen, hori baitzen gustukoen nuena. Behin hasita, ezin gelditu, eta lana beste bat izanagatik ere, bizitza osoa eman dut medio askotan kolaboratzen, prentsa idatzian zein irrati-telebistetan, euskaraz zein erdaraz.
Behinola, Harkaitz Canori anekdota bat entzun nion, Paul Auster nola ezagutu zuen kontatuz. Izugarri gustatu zitzaidan. Gogoratzen dut amaitzen zuela esanez: “Ni naiz Paul Auster zapaldu zuen gizona”. Bada, jubilatu aurretik eman nuen azken klasean, halako batean, burura etorri zitzaidan ia inoiz kontatu ez dudan neuri gertaturiko anekdota. Anaitasuna-n nenbilen garai berean, Joseba Sarrionandia Zeruko Argia-n zen kolaboratzaile. Egun batean, ez ei zuen astirik asteroko artikulua idazteko, eta eskatu zidan haren ordez idatz nezala. Horrela publikatu zen nire lehen artikulua astekari honetan, nahiz eta ez dudan gogoratzen neure izenaz edo bereaz agertuko zen. Edonola ere, Cano parafraseatuz, horrelaxe amaitu nuen nire azken klase hura, esanez: “Ni naiz Joseba Sarrionandiaren beltza izan zen gizona”.