Objektuak baino egoerak sortzea ez da berria artean. Esan liteke objektuak eurak ere egoerak sortzeko bitartekoak baino ez direla, izan eskultura, izan koadro, marrazki, zernahi. Animo eta arima egoerak sortzeko, aldatzeko, bideratzeko izan dira beti arte lanak. Indibiduo zein kolektiboenak.
Alderdi horretatik heltzen dio arteari Saioa Olmo Alonsok (Bilbo, 1976ko maiatzaren 10a). Proiektu artistikoak garatzen ditu, ideiak, haiek hartuko duten forma ere zaintzen duen arren. Baliteke inork entzuna izatea 2007an Consonnirekin batera burutu zuena: Atrakzioen Itzulera. Bisita gidatuak antolatu zituen, hasierako suziri eta guzti, Artxandako jolas-parke abandonatura.
Beste hainbat eta hainbat proiektu burutu ditu, tailerrak eman ditu, ikerketak egin ditu, diseinua eta komunikazioa ere landu ditu. Bere webgunean dauzkazu denak ikusgai: ideatomics.com.
Niri, Andoaingo Basteron ikusi nuenetik, Euskadi TM beti iruditu izan zait oso intuizio fina. Halaxe dio artistak aurkezpenean: “EUSKADI™ kultura jakin baten nortasunaren gaia, kasu honetan euskal kulturarena, balio ekonomiko gisa lantzen duen jardunbidea da. Galdera bat mahaigaineratzen du egitasmo honek: ‘EUSKADI’ komunitate, kultura edo lurralde batasun baten izena izateaz gain, produktu baten marka-izena ere ba al da? Kontsumoaren eta ondasunen gizarte honetan, kultura eta nortasun-ezaugarriak balio ekonomiko nola bihurtzen diren aztertzen du eta baita, esparru komertzialak kultura jakin bat zabaltzean izan dezakeen zeregina ere”.
Proiektua burutu zuenetik urte asko pasa da, eta bere intuizioa erabat bete dela esan daiteke: ezer izatekotan, marka komertziala da Euskadi. Eta Euskadi saltzen du.
Haizea Barcenillarekin batera Wiki-historiak proiektu garrantzitsua bultzatu zuen.