LABek eta CCOOk eskatu dute “iker dadila zehatz eta mehatz” Eulen enpresako 48 urteko langile baten heriotza, Iruñeko Arrotxapean etxebizitza bat margotzen ari zela.
Jakin nahi dute, lurrera erori zenean prebentzio neurri egokiak harturik ote zeuden eta salatu dute enpresaren aurreikuspen falta. LABen esanetan prekarietateak eta lan baldintza kaskarrek eragiten dituzte halako istripuak, eta administrazio publikoei eskatu die beste aldera ez begiratzeko eta baliabideak jartzeko, istripu horiek eragozteko neurriak har daitezen. CCOOk, bere aldetik, araudia zorrotz bete dadila eskatu du, batez ere enpresen jarduera koordinatzeko orduan, ezbehar asko hainbat enpresek bat egiten duten lantegietan gertatzen baitira.
Sindikatuen erreakzioa langile bat hiltzen denean gertatu ohi da. Eta egia da enpresak eta administrazioek erantzukizun larria dutela, prebentzioan, lan baldintzen ikuskaritzan eta inbertsioak egiteko garaian, izan istripuz nola gaixotasunez, heriotza gehiago egon ez daitezen. Langileen jardunari ere begiratu behar zaio ordea, baita enpresa batzorde eta sindikatuei ere, jakiteko noraino iristen den beraien ardura heriotza horiekiko.
Zer egiten dute langileek berek, batzordeek eta sindikatuek, enpresako lankideak ikusten dituztenean prebentzio neurriak bete gabe lanean? Ohartarazi eta derrigortzen dituzte neurri horiek hartzera? Zer egiten dute segurtasun arauak hausten dituzten kontratak ikustean? Beste aldera begiratu euren enpresakoak ez direlako? Enpresak eta administrazioak dira erantzule, baina langileek, batzordeek eta sindikatuek badute ardurarik.