"Iberdrola berdez mozorrotzen da"

  • Mexikoko Oaxacako Tehuantepec-eko istmoan sortu zen Bettina Cruz Velázquez (Juchitán de Zaragoza, 1962) eta han bizi da. Gaztetatik ibili da borroka sozial eta politikoetan engaiatua eta, egun, Indigenen Kongresu Nazionalak (CNI) aukeratutako Indigenen Gobernu Kontseiluko (CIG) gobernu organoaren batzarkidea da. Bere lurraldean enpresa handiak –tartean euskal enpresak– eraikitzen ari diren aerosorgailu parkeen aurkako mugimenduko buruetakoa dugu.

"Milaka hektarea bereganatu dituzte, dagoeneko 1.925 aerosorgailu ezarri dituzte 25 parke eolikotan eta gobernuak 3.000 megawatt gehiago ezarri nahi ditu. Eragina oso handia da lurraldean". (Argazkia: Iñigo Azkona Bikandi)

Energia eolikoaren aurka zaudete?
Ez, lurraren berotzea moteldu dezaketen energia berriztagarrien alde gaude. Inposatzearen aurka gaude, ordea, gure bizimoduaren aurkako garapen eredu arrotza ezarri nahi baitigute diru gehiago irabazi beste helbururik ez duten enpresa handiek. Gainera, energia ustez berdea ez da hain berdea. Adibidez, Iberdrola aztertu dugu: berdez margotzen du bere burua baina sortzen duen energiaren %4 besterik ez dator iturri berriztagarrietatik. Ez dute berotze globala geldiarazteko asmo zintzorik. Enpresek karbonoaren merkatua sortu dute, hau da, karbono bonuak eros ditzakete euren karbono isurtzeak moteldu gabe. Lurraldeen eta jendeen esplotazio prozesu asko daude haize sorgailuen eraikuntzan. Nahi dugu jendeak era integralean ikusi ahal izatea energia eolikoaren kontua, ez dezatela energia, haizeak sortuta egonda ere, berez berdea delako ideia saldu.

Nola hasi zen parke eolikoen eraikuntza Oaxacan?
Tehuantepec-eko istmoan bost herri indigena bizi gara eta, gure zoritxarrerako, eskualde haizetsua da. Ez genuen espero haizea gure hondamendiaren abiapuntua izango zenik, izan ere, gure hizkuntzan haizea zein arnasa “bi” hitzarekin izendatzen ditugu. Kioton eta Parisen hartu ziren erabakien ondorioz, trantsizio energetikoarekin konpromisoa hartu du Mexikok ere, energia berriztagarriak ustiatzeko. Bada, sistema kapitalista globala planeta osoko lurretara hedatzen da, herriei ondasunak eta baliabideak kenduz. Hor hasi dira agertzen gurean enpresa handiak, batzuk zuek ezagutuko dituzuenak: Gamesa, Fenosa, Acciona, Renovalia Energy, Abengoa, Siemens...

Printzipioz onuragarria beharko luke eskualdearentzat.
Enpresak gure eskualdearen garapenerako ari omen dira inbertitzen, denontzako lanpostuak sortzeko, baina gauzak ez dira horrela. Hasteko, gobernuak mila milioi dolarreko inbertsioa iragarri duenean inoiz ez du esan inbertsio horren %80 teknologian geratuko dela, Mexikotik kanpo, teknologia sortzen den guneetan. Beste %20 parkea instalatzen ari direnek eramaten dute eta %0,1 jasotzen dute lurren jabe diren nekazariek. Lege hizkeran idatzitako 17 orrialdeko kontratua sinarazten diete idazten eta irakurtzen ez dakiten indigenei. Neoliberalismoa indarrean sartu zenetik gobernua energia sorkuntzatik at dago eta sektorea espekulatzaileen esku dago. Milaka hektarea bereganatu dituzte, dagoeneko 1.925 aerosorgailu ezarri dituzte 25 parke eolikotan eta gobernuak 3.000 megawatt gehiago ezarri nahi ditu. Eragina oso handia da lurraldean.

Zein da parkeen eragina komunitateetan?
Era askotan eragiten dute: ezberdintasun sozialak areagotu dira, lurra zatikatu egiten da, nekazaritza eta abeltzaintza egotzi... Deforestazioa da beste ondorio bat, bideak egiten dituzte eta sorgailuen inguruak soildu egiten dituzte plataformak eta garabiak ezartzeko, animalia asko hiltzen dira... Ekologian galera handia dakarte. Oxfam-ek egindako ikerketa baten arabera, inguruko biztanleen %46 pobrezia larrian bizi da. Bizi maila urratzen ari da, nekazaritza eta arrantza ekoizpenak gero eta urriago dira. Prostituzioa ere dezente igo da, proiektu handi hauetako langile gehienak urrundik datozen gizonezkoak direlako. Bitartean, argindarraren tarifak igo dira eta, paradoxikoki, ordaindu ezinik bizi dira eskualdeko familia asko.

"Bitartean, argindarraren tarifak igo dira eta, paradoxikoki, ordaindu ezinik bizi dira eskualdeko familia asko".

Zer egin dezakezue horren aurrean?
Herri indigena moduan eskubidea dugu galdatuak izateko, aurretik informatuta eta libreki erabakitzeko. Mexikok sinatu dituen nazioarteko itunetan dago hori.

Zergatik ez da egiten?
Ez gaituztelako pertsonatzat hartzen. Horren erakusgarri da enpresa horiek ez dutela zergarik ordaintzen. Argindarraren garestitzearen aurkako eta lurraren defentsarako mugimendua sortu da gurean, baina guk bakarrik ez dugu txikizioa gelditzerik izango. David gara Goliaten aurka, baina ez dakite habaila hura sareak direla gaur egun, jende gehiagorekin harremanetan egon ez bagina aspaldi hilko gintuzten.

Nola dago indigenen mugimendua Mexikon egun? Duela ia 25 urte eztanda handia egon zen EZLNren inguruan baina egun informazio gutxiago heltzen zaigu.
EZLN baino gehiago da Mexikoko mugimendu indigena. Hura aldarria izan zen, mugarria, herrialdeko mugimendu indigenak ikustarazteko. Hasi ginen elkar ezagutzen eta gure burua aitortzen. Orain eskuartean duguna Indigenen Gobernu Kontseilua da, eta bestelako sektore zanpatuekin inoiz baino elkartuago gaude. Badira nazioarteko kapitalaren goseagatik jazarritako lurralde eta giza talde ugari, argitu gabeko sarraskiak... Hor dago María de Jesús Patricio Marichuy presidentetzarako hautagai indigenak lau hilabetez egin duen ibilbidea. Bertan aukera izan dugu gure mugimendua indartzeko, adostasunak bilatzeko, ezberdintasunak gainditzeko. Ez da egongo etorkizunik Mexikon horrela egiten ez badugu.

Gaztetatik engaiatua

"Ikasle mugimenduan hasi nintzen 13 urterekin, herrian bertan, garraioen merkatzearen eta hezkuntzaren alde. Gogoan dut amak babestu ninduela, beste guraso batzuekin batera, egiten genuena bidezkoa zela iritzita. Nekazal ingeniaritza ikasi nuen ondoren Mexikoko UNAMen, eskualdeko landa garapena Chapingo unibertsitatean eta lurralde antolaketa Bartzelonan. Ezkondua naiz eta bi alaba ditut. 2012an kartzelatu ninduten, aberastasun nazionalaren kontrako delituak leporatuta. Nire senarrak ere mugimenduan parte hartzen du, berriki sikarioak bidali zituzten haren bila lantokira eta bolada batez eskualdetik kanpora alde egin behar izan du”


ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude