argia.eus
INPRIMATU
Injustiziaren basatzan
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2018ko maiatzaren 02a

Justizia sistema bereziak bereziki asmatuak izan ohi dira injustiziaren prozedurak ahalbidetzeko (eta gaitz erdi, horrek erran nahi izanen balu justizia sistema ohikoak justuak direla!). Egun hauetan Auzitegi Nazional deiturikoak eta Goreneko Auzitegiak, pil-pilean ditugun espartzuzko testuradun bi bakailao horiek, injustiziaren prozeduren muina azaleratu dute, Altsasuko gazte eta Kataluniako subiranistak hizpide.

Prozedura berezien muina ez ezik, prozedurek beraiek haien bultzatzaile eta sostengatzaileei sortzen dizkieten arazoak ere nabarmendu dituzte, era berezian nabarmendu ere. Ez baita lan erraza parranda gau bateko alkoholaren demasa bat terrorismo delitu bihurtzea. Buru- eta luma-finezia aparta behar dute epaileek horrelako operazioa egiteko, direnak direla ibili nahi dituzten algoritmoak. Hain zuzen ere, justizia prozedura bereziek menosten dituzten fineziak, horretarako baitaude. Hortaz, profesionaltasun aldetik, estimu gutxitan izan behar du epaile batek bere burua enpeinu horretan tematzeko: justizia egile baino, borrero izan nahiago baitu. Bada autodegradazioa! Agian, burutuko du bere borrero funtzioa, baina ez du lortuko azkenean epaile gisa tente eramateko domina duinik: kenduko diote ohorezko medaila goiz ala berandu (betiere berandu) bere epaiketa epaituko duen bertze epaitegi batek.

Berez, defentsa berme gutxien duen auzitegian jokatu nahi izan zukeenaren legez mugitzen ari da Pablo Llarena, injustizia egiteko propio sorturiko epaitegi batek jokatuko lukeen maneran

Altsasuko gazteena, auzitegi berezi bati inola ere ez dagokion kasua da, Kataluniakoa ez bezala: bertzelako berezitasunik duen Goreneko Auzitegiari dagokiona da hau, itxura osoz, nahiz eta saiatu, saiatu egin den injustiziak egiteko propio paratu zen auzitegiaren eskuetan jartzen. Ezin izan dute lortu, forupekoak direnez auzipeturiko batzuk. Halere, berez defentsa berme gutxien duen auzitegian jokatu nahi izan zukeenaren legez mugitzen ari da Pablo Llarena, injustizia egiteko propio sorturiko epaitegi batek jokatuko lukeen maneran. Eta hor sartu da bete-betean lokatzezko zoruetan. Kontraerran lohituetan, kontu politiko huts bat justizia egileen eskuetan jarri izanak ezinbertzez ekartzen dituen kontraerranetan.

Izan ere, gauzak dauden moduan, epailearen helburu eta grina berberak dituzten politikariek, zeinen eskuetan zegoen oso-osorik diru publikoaren kudeaketa, ezin dute aitortu diru horren bidegabeko erabilera, euren burua salatuko ez badute. Konponbide zaila dute Pablo Llarena eta Cristobal Montororen arteko kontraerranek.

Azken buruan, auzi politikoak justizia auzitzat kosta ahala kosta jo nahiak maila goreneko auzi politiko bihurtzen du injustizia grina tematia, zigor berberak ezarri nahi dituztenen arteko auzi politiko instituzional.

Euren basatzan itotzen ari dira.