"Asturierari dagokionez, hizkuntza kontzientzia gora ari da"

  • Apirilaren 21ean milaka asturiarrek eskatu zuten Oviedon ofizialtasuna asturierarentzat. Gizarte babes handia lortu du azken urteetan, baita babes politikoa ere. Asturiasko PSOEk inoiz ez bezala ofizialtasunaren alde egin du alderdiko azken kongresuan. Erabaki horrek estatutua erreformatzeko bidea ireki dezake. Inaciu Galán Iniciativa Pol Asturianu elkarteko presidentea da eta asturieraren aurrerapausoak kontatu dizkigu.

“Podremos ser felices nun siendo, pero escoyemos ser”. Haurrak bere mezua zabaldu nahi izan zuen apirilaren 21eko manifestazioan, alegia, zoriontsu izan daitezkeela izan gabe, baina izatea erabaki dutela. Xuan Bello, asturieraz ari den idazle garrantzitsu
“Podremos ser felices nun siendo, pero escoyemos ser”. Haurrak bere mezua zabaldu nahi izan zuen apirilaren 21eko manifestazioan, alegia, zoriontsu izan daitezkeela izan gabe, baina izatea erabaki dutela. Xuan Bello, asturieraz ari den idazle garrantzitsuenetarikoaren esaldia da. Argazkia: Ivan. G. Fernandez.

Milaka asturiar elkartu zineten manifestazioan. Zein balorazio egin duzue?

Orain arteko garrantzitsuenetako bat izan da, eta transbertsalena ere bai. 1976tik lehenengo aldia da PSOEk esplizituki parte hartzen duela. Beti egon dira karguak eta ordezkariak asturieraren alde, baina oraingoan, alderdiaren urriko kongresuan erakutsi zuten asturieraren ofizialtasuna haien helburuetako bat izango zela. PSOE manifestaziora lehen aldiz etortzea historikoa da, zeren berak gobernatu du ia beti Asturiasen garai autonomikoan. Bestetik, oso jendetsua izan da, momentu giltzarrian. Giltzarria da gehiengo nahikoa dagoelako estatutuaren erreforma-prozesua abiatzeko eta ofiziltasuna eskatzeko.

Legegintzaldi hau bukatu baino lehen zerbait lor daiteke?

Azken hauteskundeetan 45 diputatutik 17 ziren ofizialtasunaren aldekoak, Podemosekoak, IUkoak eta Foro Asturiasekoak (Francisco Álvarez-Cascosen alderdia). Militante sozialistek behin baino gehiagotan erakutsi dute ofizialtasunaren aldeko jarrera, baina alderdiko nagusiek botere handia zuten eta inoiz ez zuen aurrera egiten proposamenak, ezta Asturiasko presidente sozialistaren bat alde egonda ere. Oraingo kongresuan lortu da.

Beraz, PSOEk bidea erraztuko du.

Orain bestelako arazo bat dago. Uste dut susanista [Susana Díaz, Andaluziako Juntako presidentea] ez den diputaturik ez dagoela sozialisten talde parlamentarioan. Javier Fernández Asturiasko presidenteak aukeratutakoak dira. Fernándezek irmo esan du ofizialtasunaren aurka dagoela. Esan dezagun beraz, orain alderdia alde dagoela, baina  diputatu taldea ez. Beraz, legegintzaldi honetan nekez egingo da zerbait.

Hurrengo hauteskundeetan duzue esperantza?

Orain lau alderdi daude ofizialtasunaren alde: Podemos, PSOE, Foro Asturias eta IU. Lauren artean 27 bat diputatu lor ditzakete 2019ko maiatzeko hauteskundeetan eta estatutuaren erreforma-prozesua abiatu. Jakina, ofizialtasun ereduaz, epeez eta abar eztabaidatu beharko dute. Asturiasko parlamentutik Madrila joango da eskaera eta erantzuna, ikusita beste adibide batzuk, hainbat urtetara irits daiteke.

Alderdien artean zenbat eta kontsentsu handiagoa PPren jarrera are muturrekoagoa da, Asturiasko PPko presidentea barne. Mercedes Fernández presidentea 1998an alde zegoen, eta orain zeharo aurka. Orduan PSOE ofizialtasunaren aurka zegoen. Dena dela, guk uste dugu buruzagien kontua dela, ez dugu uste PPko militantzia aurka dagoenik, ezta udaletako zinegotziak ere.

Gaur egun asturierak duen estatusak zein neurritan babesten ditu hiztunak?

Nolabait esatearren, Nafarroako eremu mistoaren tankerakoa da egoera. Herritarrek administrazioan asturieraz egin dezakete, ahoz eta idatziz, baina administrazioa ez dago derrigortuta hala erantzutera.

Hezkuntza sisteman, maila guztietan egotea babesten du, Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino. Lehen Hezkuntzan asturiera edo asturiar kultura ikasgaien artean aukeratu behar duzu, bigarren hori gaztelaniaz ematen da; hizkuntza eta kultura hain irmo banatu ahalko balira bezala. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako deskalabrua galanta da. Asturiera aukerazko ikasgaia da, eta besteak beste frantsesarekin lehiatzen da. Zentzugabea da bertako hizkuntza eta beste hizkuntza bat aurrez aurre jartzea.

Ofizialtasuna lortuz gero zein eredu jarraitu eztabaidatu beharko da. Hainbat ikasgai asturieraz ematea, Euskadiko sistema jarraitzea... Eztabaida izango da, baina behintzat ikasgai bat asturiera izango da eta ikasketak bukatutakoan ikasleak gai izango dira asturieraz hitz egiteko eta idazteko.

"Lehen Hezkuntzan hamar ikastetxetan asturiera hizkuntza ardatz izan da, hau da, astean hainbat orduz zenbait ikasgai asturieraz irakatsi dizkiete. Iraultza galanta izan da."

Bukatzen ari den ikasturtean esperientzia pilotua egin da ikastetxeetan.

Lehen Hezkuntzan hamar ikastetxetan asturiera hizkuntza ardatz izan da, hau da, astean hainbat orduz zenbait ikasgai asturieraz irakatsi dizkiete. Iraultza galanta izan da. Umeek nota hobeak atera dituzte, izan ere, natur zientziak haien hizkuntzan ikasi dituzte eta zuhaitzei eta animaliei haien hizkuntzan deitu ahal izan diete. Ikasturte berrian beste hamar ikastetxe hasiko dira. PPk plana epaitegietara eraman du.

2017an Asturiasko III. Inkesta Soziolinguistikoa kaleratu zen. Zer azpimarratuko zenuke emaitzetatik?

Aurreko emaitzekin alderatuz hizkuntzarekiko pertzepzioak hobera egin du. Adibidez, ofizialtasunaren alde dago %53, aurka %18. Orain jende gehiagok dio asturiera hiztuna dela, eta harrigarria da zeren guk antzematen dugu erabilera jaitsi egin dela. Beraz, horrek esan nahi du hizkuntza kontzientziak gora egin duela. Nabarmen gora egin duen beste datua idazteko gaitasuna da. Askoz asturiar gehiagok esan du oraingoan idazteko gai dela. Ikastetxeak eta helduentzako ikastaroak eraginkorrak izan diren seinale.

Orain gutxiago hitz egiten da eta era berean gazteek hizkuntza kontzientzia handiagoa dute?

Oraingo belaunaldiek, gutxi-asko, normaltasunez bizi dute asturiera. Gutxiago erabiltzen dute, baina aurrejuzkuak desagertu dira. Nire aiton-amonek errepresio zuzena bizi izan zuten Frankismoan asturiera erabiltzeagatik. Estigma hori daukate. Erantzuteko diskurtsorik ez zegoen eraikita. Nire amonari esaten diot parlamentuan asturieraz egiten duten diputatuak daudela eta izutu egiten da, “nola erabiliko du bada maila horretako jendeak etxeko sukaldean erabiltzekoa den hizkuntza?”. Hala esaten du.

Beste kontu bat da gazteena. Gaur egun, 2018an, sinetsi ezin ditudan gauzak gertatzen dira. Institutuko irakaslea naiz eta asturiera ikasgaia ematen dut. Ikasle gehienek egunerokoan asturieraz hitz egiten dute. Bada, ikastetxean irakasle batek baino gehiagok esaten diete asturieraz ez hitz egiteko, gaizki hitz egitea dela. Lotsa ematen dit esateak, baina hala da. Ikasleen autoestimua goratzen saiatzen zara, alfabetatzen, eta gero halako egoerak bizi behar dituzte. Ordea, gaur egun informazio asko daukate, eta lehen ez bezala, orain ez dira isiltzen, eta erantzun egiten dute. Badakite eskubideak dituztela eta badakite gauzak ez direla irakasle horiek kontatu bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Asturiera
2021-10-18 | ARGIA
30.000 manifestari asturieraren ofizialtasunaren alde

Xunta pola Defensa de la Llingua erakundeak antolatu zuen manifestazioa, larunbatean, Oviedon (Asturias). Asturieraren ofizialtasuna aldarrikatu zuten milaka lagunek.


2019-04-10 | ARGIA
Hizkuntza gutxituen aldeko aldarri bateratua egin dute Aragoi, Asturias, Euskal Herria, Galizia eta Herrialde Katalanetako eragileek

Espainiako Estatuan hitz egiten diren hizkuntza gutxituen aldeko eragileek adierazpen bateratua aurkeztu dute asteazken honetan: “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” izenburupean, asturiera, aragoiera, galiziera, katalana eta euskara hitz... [+]


2019-03-05 | Xuan Porta
Asturieraren ahalduntzea

Asturiera –llingua asturiana edo asturianu– desagertze bidean dagoen Europako hizkuntza da, nahiz oraindik ere, posibilitate berri bat daukan normalizatzeko eta bizirik irauteko. Haren aukera datorren legealdian ofizialtasuna lortzea da.


Eguneraketa berriak daude