Zer jan eta zer ez, hori da kontua

  • Hesteetako arazoa da zeliakia. Glutena digeritzeko zailtasunak dituenak pairatzen du. Gaixotasun kronikoa da eta sendagai bakarra betierekoa izango den elikadura zaintzea da. 

“30 urterekin osasuna kaskartzen hasi zitzaidan. Ia egunero tripako mina nuen eta beherakoa. Pisua galdu eta galdu hasi nintzen. 38 urterekin 36 kilo pisatzen nituen eta oraindik ez nekien zeliakoa nintzela”. Hala kontatu digu Edurne Egilegorrek, duela hogei urtetik zeliakoa denak. 

Gaixotasunak oinarri genetikoa dauka eta genea daramatenek bizitzako edozein momentutan gara dezakete edo inoiz ere ez. Europan 100 pertsonatik batek du, baina %75 diagnostikatu gabe dago. Ohikoak diren odol analisiak ez dira beti nahikoa izaten. Markagailu inmunologiko positibo zehatz batzuek zeliakiaren susmoa piz dezakete, baina negatiboek ez dute gaixotasuna saihesten. Prozesua, ordea, hemen eteten dute askotan. Sinesgarria den proba bakarra hesteetako biopsia egitea litzateke. 

“Asko kostatu zitzaien gaixotasuna eta, hortaz, tratamendua atzematea. Hasieran, beste gaitz batzuekin alderatzen zituzten sintomak: beherakoa, tripako mina, sabela puztea, goragalea, nekea, tristura, gosea eta pisua galtzea...”. Egilegorren kasuan, elikadura eta klima aldaketari leporatu zioten, garai hartan atzerrira joatea izan zelakoan bere ezinegonaren arrazoia.

Euskal Herrira 38 urterekin itzuli zen. Medikuarenera joan eta dieta garbia besterik ez zioten gomendatu. Bitartean pisua galtzen jarraitzen zuen. Iriologo batengana iritsi zen eta hark ireki zizkion begiak. “Hesteetako arazo bat daukazu, zeliakoa zarela esango nuke”, esan zion. “Zer? Zeliakoa?”, erantzun zion Egilegorrek. Hitz hori entzuten zuen lehenengo aldia zen. Han eta hemen galdetzen hasi zen. “Klinikara ere joan nintzen azterketa bat egitera. Minimoaren minimoan nengoela eta bi odol transfusio egiteko gomendatu zidaten. Ezetz esan nien. Ordurako jada ezagutza nuen eta dieta bidez sendatuko nintzela zin egin nion neure buruari”, adierazi du. “Oso galduta” sentitu zela dio, baina dieta kontrolatuta izan eta gauza guztiak kontuan hartuta hamasei kilo gizentzea lortu zuen urtebetean.

Lupa eskuan, betiere

Dieta da, beraz, zeliakoak kontuan hartu behar duena. Irina da debekatutako osagai nagusia, baina Egilegorrek beste hainbat faktore ere aintzat hartu behar direla gaineratu du: “Kontserbagarriak, koloratzaileak, lodigarriak... Batzuetan, etxetik kanpo kafea hartzeak ere ezinegona sortzen digu, malta izan dezakeelakoan. Kalitate baxuko kafea erosten dutenek, malta gehitzen diote, eta hori ez dago inon idatzia. Patata tortilarekin ere gertatu zait. Arrautza gutxiago erabili eta patata igo dadin legamia bota izan diote eta guk ezin dugu hartu”. Halakoetan etxera joan behar izaten dute azkar batean. Gorputza indarrik gabe eta txikituta sentitzen duela kontatu digu. Denbora behar du berriro ere ongi sentitzeko. Horrek guztiak mesfidantza sortzen diola gehitu du. 

Aurrerapausuak eman diren galdetu diogu: “Fabrika eta jatetxeek glutenik gabeko produktu gehiago ekoizten dituzte. Baina, ez dakit benetan interesa arazoa bera den edo eskaintza handitzeko eta produktu berriak merkaturatzeko aitzakia. Produktuak oso garestiak baitira. Betiko irinak euro baten bueltako prezioa dauka eta zeliakoenak sei eurokoa. Halaber, olio eta gas gehiago xahutzen da, bi su erabiltzen baitira otordu bererako. Beste tratamendurik ez duen gaixotasun bat izateko gehiago egin daitekeela pentsatzen dut”. 

Etxekoen zein ingurukoen errespetua eta gaixotasunarekiko ezagutza handitu beharra ere azpimarratu du. Etxean bertan Egilegorrentzako produktuek soilik betetzen dute apal bat, eta horrek segurtasuna bermatzen du: “Irina eroriz gero lasai egon naiteke, badakidalako zeliakoentzako irina dela apal horretan erori dena. Begiratu gabe edozer hartu eta jan dezakedala dakit, beste guztiok egiten duzuen bezala. Garrantzitsua da ulertzea gaixotasuna dela eta ez bizitzeko modu bat, aukera edo gutizi bat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude