Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza

  • Telebistetako tertulietatik eta ostatuetako eztabaidetatik urrun, administrazio publikoen erabaki garrantzizkoenak urteroko aurrekontuetan ezkutatzen dira. Europar Batasunak berrikitan onartu duenak gordeta darama herritarren etorkizuna sakon markatuko duen aldaketa: milaka milioi euroko diru-laguntzak emango dizkie Europak armagintzako industriei, batik bat drone, robot eta bestelako arma automatizatuak ekoiztu eta munduan zabal ditzaten.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2018ko maiatzaren 13a
I Stop the Arms Trade [Ni ere Arma Salerosketa Geldiarazten] erakundeak zabaldutako irudian, ekintzaile bat odol koloreko tintaz zikindua: “Europar Batasunaren dirurik ez arma saltzaileentzat” dio atzeko afixak. Europak, estatuek eta baita gobernu autonom
I Stop the Arms Trade [Ni ere Arma Salerosketa Geldiarazten] erakundeak zabaldutako irudian, ekintzaile bat odol koloreko tintaz zikindua: “Europar Batasunaren dirurik ez arma saltzaileentzat” dio atzeko afixak. Europak, estatuek eta baita gobernu autonomoek ere –EAEkoa barne– mundu osoan gerrak sutzen dituzten armen trafikoa diruz laguntzen dutela salatzen dute gerraren aurkako militanteek.

“Ez onartu arma industriaren ikerketa sartzea Europar Batasunaren aurrekontu berrian. EBren diruak ez du joan behar teknologia militarrera. Ikerketarako diruek joan behar dute gatazkak prebenitzeko bide ez bortitzetara, eta partikularki munduko ezinegonaren sustraietara doazenetara”. Dagoeneko 143.000 europarrek sinatu dute EB: ez inbertitu armatan izenburupean interneten dagoen eskaria.

“Denok bizi nahi dugu mundu baketsu batean –diote agirian– eta horretarako sortu zen Europar Batasuna. Baina Europako Batzordeak, arma industriaren presioaren mende, aurrekontuetan sartu nahi ditu milaka milioi diru publikoetatik EB sortu zenetik lehenbiziko aldiz teknologia militar aurreratua garatzeko. Haiek ‘defentsa’ kontu bat bezala aurkeztu arren, diru-laguntzen egiazko helburua da sustatzea arma industriaren lehiakortasuna eta esportatzeko ahalmena, tartean Saudi Arabia bezala gatazka hiltzaileetan parte hartzen duten herrialdeetara”.

Protestak gora-behera, Europako Parlamentuak martxoaren 13an onartu zuen 2019-2020 urteetarako 500 milioi euroko multzo bat defentsako ekipamenduak garatzeko. Lehendik ikerketa militarren prestaketarako onartutako 90 milioi gehiago gehitu behar zaizkie. Hasi baizik ez da egin aldaketa: iaztik Europako Batzordeak iragarrita dauka 2021rako sortu nahi duela urtero 5.500 milioi euro gastatzeko ahalmena izango duen funts bat “defentsa europarra akuilatzeko”.

Inbertsio erraldoia aurkeztean, 2017ko ekainean, arrazoia honela zehaztu zuen Jyrki Katainen EBren lehendakariorde denak enplegu, hazkunde, inbertsio eta konkurrentziarako: “Europa osoan jendeak kezkatuta  daude haien segurtasunagatik eta beren umeenagatik”.

Aldiz, ENAAT Armen Salerosketaren Kontrako Sare Europarrean uste dute EBk defentsa alorrean kasik ez gastatzetik oraingo plan handietara egin duen aldaketa sakona aspaldi hasitako kanpaina baten fruitua dela, Laetitia Sedouk Multinazionalen Behatokiari (multinationales.org) azaldu dionez: “Arma saltzaileak ate txikitik sartu dira, barne segurtasunaz eta mugen zaintzaz hitz eginez eta ez defentsaz. Pixkanaka iritsi gara honaino”.

2012tik 2017ra bitarteko bost urte laburretan, Europako arma konpainia nagusien artean antolatuta daukaten
lobbyaren aurrekontua urteko 2,8 milioitik 5,6 milioira bikoiztu zen. Hori armagileek deklaratua sinestekotan: zenbait adituk dio ASD Europako Industria Aeroespazial eta Defentsakoen Elkarteak lobbygintzan zifra horren hamar halako inbertitu zuela.

ASDko kide dira alorreko enpresa europar indartsuenak: Airbus, BAE, Dassault, Ficantieri, GKN, Indra, Leonardo, Liebherr, Rolls-Royce, Safran, Saab, Thales... Horiekin lotuta daude herrialde bakoitzeko elkarteak. Esate baterako, TEDAEk biltzen ditu Espainian industria militarrean ari diren enpresak, tartean EAEko batzuk: Aernnova, Tecnalia, ITP Aero, SAPA Placencia eta Sener.

Ingurumenaren ordez armak hobetsi

2015ean Europako Batzordeak 15 laguneko Pertsonalitate Talde bat (GoP) izendatu zuen ondorengo urteetan ikerketa militarrean zer egin aholku eskatzeko. Zerrendako izenak eta bakoitzaren kargua ikusi baizik ez dago ohartzeko armagintzaren kritikoek ez dutela arrazoirik falta: ia denak dira ASD industria militarraren patronalaren buruak. Batzorde horrek gomendatu zuen industria militar europarrak lehiakortasuna hobetu beharra daukanez Europar Batasunak finantziazio programa egoki bat eskaini behar ziola.

“Erabaki politikoen prozedura osoan esku hartu dute industrialek”, dio Bram Vranken Flandriako Vredesactie mugimendu bakezaleko ordezkariak. “Batzordea plan hau prestatzeko fasean gutxienez 36 aldiz elkartu da industrialekin. Ezin ukatu helburua lortzen ari ez direnik, aurrekontuetan sekulako dirutzak sartu baitituzte eta horiekin batera inbertsioen finantziazio plan samurrak ere bai: “%125eko diru-laguntzak lortu dituzte, %100 produktuetarako gehi %25 administrazio gastuetarako. Horrelako finantziazio bikainik ez zaie eskaintzen ezta munduko katastrofe larrienei aurre egin behar dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeei ere”.

Eta zein inbertsio lehenetsiko du EBk? Armen Behatokia elkartean ikertu duenez, droneak eta gerra egiteko sistema robotizatuetan zentratzen dira hein handi batean ikerketa proiektuak: “Ikerketa berri guztietan ageri da robotizazioa, armak gero eta autonomoago izatea da helburua”. Ondoren, ikerketa lerroak produktu zehatzetan mamitzen direnean, industrialak egoera hobean aurkituko dira puntako armak esportatzeko.

Esportazioen kontrolean datza gai honen eztabaidetako bat. Zeren eta armagintzako enpresek gero eta diru-laguntza gehiago eskuratu arren Europatik, esportazioen kontrolak jarraitzen baitu estatu bakoitzaren eskumena izaten. Alemaniak, Angela Merkelek SPD sozialistarekin egin duen itunean bildu denez, kontrol europarra indartu nahi omen du. Frantziak, aldiz, ez du horrelakorik entzun ere egin nahi. Industrialek presio egiten dute esportazioetan eskuak libre edukitzeko, lehiakortasunaren aitzakiarekin. Armada frantsesak ere ez du aldaketarik nahi horretan: “Frantziak eutsi behar dio bere interesak defenditzeko bere aldetik erabaki eta ekiteko ahalmenari”.

Are gehiago, armagintzako industrialek lortu dute diru-laguntzaz finantzatutako patente berriak beren jabetzan geratzea, Europako gizarteari horrek dakarkion kalte bikoitzarekin. Batetik, diru publikoz ordaindutako aberastasunak kapital pribatuak bereganatzen dituela. Bestetik, Europako aginte politikoaren kontrola galdurik enpresek teknologia eta patente horiek saldu ahal izango dizkiotela munduko edozein bezerori, baita edozein krimen egiteko gai direnei ere.

Europar Batasunaren gastu militarra da, kide dituen estatuenak batuta, munduko hirugarren handiena, AEBak eta Txinaren ondotik. Errusiak 69.200 milioi euro gastatzen badu, EBk 264.300 milioi. Diru-laguntza berriak nondik aterako ditu Brexitarekin aurrekontua murriztera behartutako Europak? Ekintzaile asko beldur da ingurumena eta klima izango direla pagaburuak.

Bitartean, Bakearen Aldeko Ikerlariek ere atxikimenduak biltzen dituzte EBren aurrekontua aldarazteko: “Europar Batasunak ikerketa militarrerako programa ezartzeak sekula ikusi den azkartze handiena dakar Europaren militarizazioan. Orain garatzen ari garen teknologia militarren araberakoak izanen dira etorkizuneko gerrak”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antimilitarismoa  |  Armagintza

Azkenak
Kubako Asanblea Nazionalak aho batez erabaki du konstituzioa aldatzeko proiektua

Herritarrek proiektuaren inguruan eztabaidatuko dute abuztuaren 13tik azaroak 15era bitartean, eta ondoren erreferenduma egingo da behin betiko onartu aurretik.


2018-07-23
Usapalaren ehiza debekatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari Itsas Enarak eta Eguzkik

Europak usapalaren ehizaren gainean ezarri duen behin-behineko debekualdiarekin bat egiteko eskatu diote Itsas Enarak eta Eguzkik Nafarroako Gobernuari. Horretarako alegazio bat aurkeztu diote datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Aginduaren zirriborroari.


2018-07-23 | Nahia Ibarzabal
Alonsotegiko EAJko bi alkate ohi auzipetu dituzte diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita

Diru publikoa oker erabiltzea, iruzur egitea eta kargua beren intereserako erabiltzea egotzi die Barakaldoko epaitegiak.


2018-07-23 | ARGIA
Iruńea erdiguneko mugikortasun plana: auto gutxiago eta autobus eta bizikleta gehiago dabil

Iruñea erdiguneari eragiten dion mugikortasun planak hamar hilabete bete dituenean, hainbat datu eman du Udaltzaingoak. Herritarren ohiturak aldatzen ari direla sumatzen da.


2018-07-23 | Topatu.eus
Tourra Euskal Herritik pasatuko dela salatuko dute uztailaren 28an Larresoron

"Munduaren aitzinean nor izan nahi duen" herri bat badela aldarrikatuko dute 'You are in the Basque Country' lelopean. Ibilbidean aldarriak zabaltzeaz gain, egun osorako egitaraua ere prestatu dute.


Vic-eko Kataluniako preso politikoen aldeko gurutzeak bota zituen pertsona deklaratzera deitu dute

Beste hainbat herritan bezala gurutze horiak jarri zituzten herriko plazan Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude