Musika beltzen txertaketa

  • Iruñeko Broken Brothers Brass Band-aren izenari lotzen dizkiogu Atlantiko Beltza eta Mardi Gras, Iruñea Nola eta Second Line-a. Amama Luisa Brass Banden hondarretatik jaio zen taldea eta 2012an euren lehen lana argitaratu zutenetik, bide oparoa egiten ari dira. Laugarren lana kaleratu dute: Txertaketa (Gaztelupeko Hotsak). Denetarik txertatu dute bertan, eta jarraituko dute, dudarik balego. 

2016an atera zuten Ildoa Landuz orain arteko azken lana. Mugarria izan zen taldearen ibilbidean, baina ez inora urruntzeko –mugarriak adiera horrekin ere erabili ohi dira–, hurbiltzeko baizik, Iruñerriari bertatik bertara abesten zion diskoa izan zen eta. Txertaketa-k, ildo beretik jarraituz, lokaletik egiten du kantu: “Bertatik bertarako musika egiten dugu”, dio Ion Celestinok, taldearen buru ipurtarinak.

New Orleans-eko Brass Bandak –txarangak esan genezake–, oinarri hartuta sortu zuten taldea, hango doinuak, taldeak eta ereduak hona ekarriz. Lehen bi diskoetan jazz klasiko horri eutsi diote gehiago, baina azken bietan askeago dabiltza eta funka, gospela eta hip-hopa nahastu egiten dira, erritmo latindar eta groove pisutsuagoekin.

Moises No Duerme Barañaingo musikariak egin die grabaketa eta nahasketa Barañaingo La Naben eta Iruñerriko Sustraian Records zigiluarekin argitaratu dute. Musika beltzaren inguruan sortu dira azken bi egitasmoak, hain ohikoak diren talde eta estiloen arteko uztarketarako espazioak izanik biak: esperimentazioa eta komunitatea.

Ion Celestino:
“Guk musika beltza egin nahi badugu, konexioak bilatu behar ditugu, baina ezin da fotokopia bat izan. Bertako arazoei bertako mezuekin erantzun behar diegu, eta bertako estilo nahasketekin ere bai”

Diskoari irekiera eta itxiera ematen dioten kantak Agur Jaunak-en bertsio jazzero bana dira. Introan, drum and bassak lagunduta, hiletara bidean doan desfilea irudikatu dezakegu. Jakina da New Orleanseko elizkizunetan Brass Banda hilotzaren atzean joaten dela musika jotzen, eta atzean, second line-ean, senide eta lagunak dantzan, bizitza ospatzen. Outroa aldiz, solemneagoa da, perkusiorik gabe, barne gogoetaren lasaitasunera bidaiatzeko.

Detroit Motown zen bezala, Iruñea ere Motor City gisa irudikatu zuen azken diskoan Balerdi Balerdi nafar power pop talde mitikoak, eta kanta horren bertsioa da Monstruito Special. Celestinok “aspalditik” egiten zuen Motor
Cityaren txantxa, eta Balerdikoen kanta oinarri hartuta, oihukatuko dute “gu gara! Bagatoz!”.

Jarraian etorriko da greba mugagaberako deia. Broken Sisters-en –Nerea Erbiti, Terela Gradín eta Silvia Pérez– melodia altu horrek haur koro bat iruditu dezake, baina infantilismoari kontrapuntua jarriko diote Hedoi Etxarteren hitzek, modu xaloan landuz klase borroka: “Erraza da, nagusia ez bazara ulertuko duzu”.

Martin & Marcela, DJ remix latino bat dirudiena, Iruñeko DJ Budin-i omenalditxoa da. Pertsonari, eta ordezkatzen duenari. “Gauza oso lokaletatik unibertsalak diren kantak egitea ere gustatzen zaigu. Kanta honetan, DJak bezala, kanta zatiak hartu ditugu eta kanta osoan barrena nahastu. Jolas moduko bat da horiek bilatu ahal izatea”.

Xuri guztiak ez dira irinak kantan dator rap astun eta jostaria. Diskoan ahotsekin jolasteko aukera handiagoa izan dute, eta hori da Txertaketa-n nabarmendu daitekeena eta zuzenekoetatik bereizi, “kalean hainbeste ñabardura ematea zailagoa delako”. Kalean “group chant” eta antifonaren bidez abesten dute: galdera-erantzunen koroekin, alegia.

Paul Gilroy-k Atlantiko Beltza liburuan jasotzen duenaren arabera, abestutako elkarrizketa hauek musika beltzaren oinarri handienetako bat dira, une demokratiko eta komunitarioak sortzen dituztenak, eta antifonaren bitartez, harreman sozial ez-menderatzaileak sinbolizatzen dituztenak.

Geure gainetik izarrak bakarrik, da galdera erantzunaren adibide hoberena. 2016an Barañainen egin ziren Gazteraiki topaketetarako egin zuten kanta Brokenekoek Hedoi Etxarterekin, eta topaketei leloa jartzen bukatu zuen. “Hiriari himnoak emateko” sortutako kanta horietako bat, dudarik gabe.

Ezjakintasunaren kateak suntsitu

Euskal rockaren zaleei atentzioa deitu zien diskoan Dut-en bertsio bat egin izanak. Post-hardcorea eta jazza? Ba bai, eta hasieratik gainera. Izan ere, Ezjakintasunaren kateak suntsitu kanta Miles Davis-en Jean Pierre kantaren melodia zatiekin egina dago: “Garai horretan hasi nintzen hip-hopa entzuten, eta euskaraz deskubritu izanak txundituta utzi ninduen. Sentsazioa daukat Duten lehen lan hori ahanzturan gelditu dela, baina niretzako oso aktuala da oraindik”.

Duteko kideekin harremanetan jarri zen Celestino kanta grabatzerako orduan eta leloan erabiltzen den ingelesezko sample-a nondik lortu ote zitekeen galdetu zien. Erantzuna: ezetz, ez zela sample bat. Antza, Dutekoak diskoa grabatzen ari zirela, Hondarribitik jamaikar mutil bat agertu zen, eta euren diskoan zer edo zer sartuko zuela esan zien. Esan eta egin, aipatu “samplea” zuzeneko inprobisazio bat baino ez zen izan.

Lokaltasunetik kantatzea da Brokenekoen –eta New Orleansetik ikasitakoaren– beste osagai nagusietako bat. Abestia egin diote Iruñean Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Elhadji Ndiaye-ri –lehendik ere Bizitza da handiena - Dundu ñuule amna solo egina zuten–. Africa United Brigade taldekoek abestu dute bertan, komunitatea ehuntzearen beste adibide on bat.

Iruñea After Barcina

Estiloa baino gehiago hartu dute Brokendarrek New Orleansetik. 2005. urtean izandako Katrina urakanaren ostean egindako festan inspiratu ziren Nafarroan aldaketaren hauteskundeak ospatzeko. UPNrik gabeko Iruñea “Nola?” eraiki. Galderak daukan erantzun posibleetako bat eskaini zuten: festa eta dantza beharrezkoak dira.

Baina musika beltza askotan festarako musika bezala iritsi izan da bakarrik Euskal Herrira, eta orokorrean mendebalde zurira, Celestinoren esanetan. “Jatorrian politikarekin harreman zuzena du musika beltzak, arrazoi ebidenteengatik. Guk musika beltza egin nahi badugu, konexioak bilatu behar ditugu, baina ezin da fotokopia bat izan. Bertako arazoei bertako mezuekin erantzun behar diegu, eta bertako estilo nahasketekin ere bai. Horregatik gaude beti irekita txertaketa berrietara”.

Iruñea Nola kolektiboa ez dela planifikatutako zerbait argi dute bertako konspiratzaile guztiek. Celestinorentzat, “gerrillaren gerra bezalakoa izan da. Hainbat jende eta lagun bildu gara, eta gure harremanak oinarri sortu genuen dinamika”. Izandako eraginaz galdetuta ez du hain argi Ceslestinok. “Gauza berriak sortu baino, lehendik zetozen mugimenduei ikusgarritasuna eman zaie agian, eta estilo ezberdinak mugiro beraren parte egin ditugu”.

Izan ere, musika beltza ez da estilo bat, gehiago litzake gauzak egiteko manera bat. Gilroyentzat, “arte beltzak gaitasuna izan behar du aurkakoak diren objektu eta elementuak erabiltzeko eta inolako esfortzurik eragiten ez duenaren itxura eman behar du. Fresko eta erraza eman behar du. Izerdia eginarazi badizu, ez duzu zure lana ondo egin”.

Manera horren barruan sartuko da norbanakoaren eta taldearen dikotomia. “Led Zeppelin edo The Beatles ezin dira ulertu taldekideak gabe, musika taldeak indibiduo bihurtzen dira. Brokenekin edo Sustraiak-ekin ez da horrela gertatzen: taldekideak aldatuz doaz, eta komunitatea bihurtzen da taldearen parte. Taldeak eta musika antolatzeko eredua irauli beharra dago zentzu horretan ere”.

Gai hauek lantzeko Atlantiko Beltza topaketak antolatu zituzten Katakraken –bertako sukaldea da konspirazio iturri nagusia, Gumbo Ibaiertzean kantak aitortzen duen bezala–: liburuak, eztabaidak eta musikaren teoria izan ziren ardatza.

80ko hamarkadatik etorri diren hainbat paradigmarekin hautsi beharraz mintzatu ziren jardunaldiotan. Bi zentzutan: gauzak nola antolatu eta gauzak nola abesten diren. “Rockaren aroa agortua dagoela eta gauza diferenteak –berriak ez, ziurrenik– egiten saiatu behar dugula uste dugu. Eta geroz eta zabalduago dago gogoeta hau Euskal Herrian ere”.

Gitarretatik askatzeko garaia zela zioten jardunaldi horietan. “Gitarrak ez dio himno bakar bat eman hiri honi azken urteetan”, entzuten da Soundcloudera igo duten interbentzio batean. Bistan da, sinbolo gisa hartua dela gitarra, baina badu zerbait egiatik: “Punkaren garaiko estetikak eta leloak errepikatzeak ez du ezertarako balio. Kamustuta daude eta autoparodia bihurtu dira”. Eredu aldaketa hori dakarte, besteak beste, Iruñea Nolakoek, eta Brokenekoek, DjReimyk, The Titanians, DJ Budinek eta Skabideanekoek. Mezu berriak, irudi berriak, eta molde berriak.

Urteroko zitarik ez da faltako Iruñea Nolakoentzat: maiatzaren 20an Maravilllas Gaztetxetik abiatuta Errotxapekora egingo da aurtengo second line-a. Musika beltza, eta haren zentzu politiko askatzailea izango da bertaratzen direnen oinatzetan: bizitza delako handiena, eta ospatu behar. Eta himnoak festak ekarri beharko ditu. Eta alderantziz, noski.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude