Porru ederra sartu digute


2018ko apirilaren 29an
Mikel Arbelaitzek Oiartzunen ateratako argazkiak erakusten du Euskal Herrira iritsi dela
Mikel Arbelaitzek Oiartzunen ateratako argazkiak erakusten du Euskal Herrira iritsi dela "Phytomyza gymnostoma", porruari erasotzen dion eulia.

Berri txar batekin natorrela iruditzen zait. Berri oso txarra. Txarrenetan txarrena, ezin txarragoa. Txarrena da berria konturatzerako zaharra izango dela, eta gu ohitu egingo garela.

1858an Poloniako Poznan eskualdean aurkitu zuten euli berezi bat, sekula katalogatu gabea, Phytomyza gymnostoma deitu zuten. Gero Napozoma gymnostoma ere deitu izan zaio, baina egun atzera lehengo izenez ezagutzen da. Etxe-eulia, ezpara eta eltxoa bezala, Dipteroen familiakoa da.

Phytomyza gymnostoma horren berri bazuten 1976an Danimarkan, Suedian, Polonian eta Mediterraneoan. 1980ko hamarkadan, bat-batean, ez dakigu zergatik, Allium generoko espezieen izurrite bilakatu zen. Hasieran Europako ekialdeko herrialdeetan, gero mendebalderantz jo zuen. Dagoeneko, itsasoak zeharkatzen ikasi du, eta Ingalaterran eta AEBetan ere azaldu da.

Allium generoko espezieei erasotzen die, bereziki porruari (Allium porrum). Emeak arrautzak jartzeko obopositorearekin zulatu eta izerdia zurrupatzen du, hostajea kiribilduz. Arrautzak porruaren oinean jartzen ditu; horietatik sortutako harrek zulobideak egingo dituzte porruaren barruan. Negua igarotzeko pupa gorrizta bilakatuko da. Udaberrian, apiril aldera eulia sortuko da; horiek arrautzak jarri eta udazkenaren hasieran harrak izango dira berriro hurrengo uztako porru sailetan. Porruari bakarrik ez dio erasotzen; baizik eta baita porru-tipulari (Allium schoenoprasum), tipulari (Allium cepa), baratxuriari (Allium sativum) eta txalotari ere (Allium cepa var. aggregatum).

Nik ez nuen ezagutzen izurrite hori, eta gaur, 2018ko apirilaren 15ean izan dut bere berri Mikel Arbelaizek Oiartzunen ateratako argazki batzuetan. Bertan porruetan egindako zulobideak eta harra denetik euli den arte sortzen duen pupa gorria ikusten dira. Iaz ere izan omen zuen izurritea porru sailean. Beraz, beste berririk ezean, 2016-2017ko uztako porruetan azaldua da Euskal Herrian porruaren daratulu euli hau. Laster Euskal Herri osoan ezagutuko dugu. Porru ederra!

Berri-berria da; euli horrek Wikipedian ez ingelesez ez frantsesez ez gazteleraz ez du sarbiderik; ea euskarazkoa egiten diogun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euliak
2018-05-06 | Jakoba Errekondo
Porruaren eulia

Porruaren eulia (Phytomyza gymnostoma) Euskal Herrira bisitan etorria dela aipatu nizuen aurrekoan. Izurrite berria. Presta gaitezen. Porruaren euliak urtean bi belaunaldi izaten ditu. Lehena negua pupa gisa igaro dutenetatik sortzen da. Euliak, grisak eta 3 milimetrokoak, arrak... [+]


Eguneraketa berriak daude