argia.eus
INPRIMATU
Furia eta desio guztiak batean
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2018ko apirilaren 24a
Eneritz Furyak. "Eneritz Furyak". Autoekoizpena, 2018

Ez naiz bakarlarien zale amorratua, salbuespen gutxirekin, jakina. Ez da erraza pertsona bakarrak neu hunkitu edo dardaraztea. Bada, ez-dakit-zergatik, izenagatik agian, banuen jakin-mina Eneritz Furyak entzuteko, eta inolako erreferentziarik gabe diskoa erosi nuen Musikazuzenean-en postuan. Eta ia ohartu gabe harrapatu naute diziplina gutxiko ume bihurri horren ahots eta jokoek. Eneritz ez da umea, jakina, eta aske badihardu ere, atzean lan handia dago, minimalista dirudiena, baina DIY edo Zuk zeuk egizu lelopean emaitza oso borobilak lortzen ditu.

Eneritz Dueso irundarra oso gazte hasi zen musikan; trikia lehenengo, gitarra gero… Punkean lehen pausoak, metalean ere aritua eta Kasernarat proiektuarekin rockabillyari buelta erdi eman zion. 2016an, baina, bizitzaren bidezidorrek bakarka aritzera bultzatu zuten eta, gerora, honako diskoa grabatu du.

Eneritz Furyak artista polifazetikoa da, zaletasun asko dituena, eta horien artean diseinua, idaztea eta musika atera ditu nabarmen azalera. Hiruetan dauzka estilo propioak eta oso dotoreak, aintzat hartzekoak. Bere kantuez esan izan dute folka, bluesa, rocka eta punka batzen dituela; baita bere arimaren sakontasunetik abesten duela. Baliteke, badu horretatik guztietatik, baina era berean ez nuke horietara mugatuko. Furyak-en ahotsak erregistro propioa dauka, baina badira erregistro asko, eta aldi berean guztietan da bera. Gitarra jotzen, aldiz, oso minimalista dirudi, baina ez du gehiago behar.

Azken hatsean ederra da, arnasa eten aurretik energiaz itsaskor bihurtzen dena; Maldan behera denborak itoko balu bezala 45RPMtara errezitatutakoa eta lelo borobila daukana; Hamaika izar folketik abiatu eta ahotsarekin jolastuz erregistro rockeroa hartzen duen perla; xuxurlatuz Esnatu nintzen, baina ahotsa biderkatu eta Ain_1-en kadentzia hartzen du; Mitxoleta bi ahotsez aberastuta klasikoagoa da; Munstroa-k aurpegi ugari ditu: cabareteroa, iluna, itsaskorra erabat, baina finean biluzia, hit!a hau ere; Papiroa loretan-ek PJ Harvey eta post-rocka ditu maite; Atrezzo urgentzian bizi eta intentsitatearen gose da; eta So egin folkyena.