Balea hegodunak

  • Belako taldearen kontzertuaren kronika. Iruñeko Zentral aretoan, apirilaren 21ean.


2018ko apirilaren 29an

Urpean geratzear zegoela iritsi da eguzkia hirira. Neguan iraun duten espezimenak urazalera atera dira bizitza ospatzera, eta hortxe zaude zu, zapaburu aztoratuen artean, kontzertu batera joateko zain. Aurretik 73 egun geratuko ez balira oraindik, Iruñea San Ferminen atarian dagoela esanen zenuke: txarangak, bermuta eta eguzkitako betaurrekoak Alde Zaharrean, kale-okupazioaren aldarri masiboa. Inork ez du handik mugitu nahi. Els carrers seran sempre nostres. Egia esan, horrelako gaugiroarekin leku itxi batean sartzeak nagia ematen du.

Hala ere, Zentralera hurbildu zara eta harritu egin zaitu aretoa horren beteta aurkitzeak. Ez dakizu oso ongi zergatik, baina oraindik harritu egiten zaitu auzokideen gustu musikal onak. Yellow Big Machine taldea ateratzerako, leku gutxi geratzen da libre garagardo bat lasai hartzeko. Aretoko giroa epeltzen doa bilbotarren abesti-zerrendak aurrera egin ahala, eta kontzertua amaitzerako publikoa bero utzi dute, Belako noiz aterako zain. Isilune urduria; badatoz.

Ez zenuke jakinen esaten zehaztasunez zer den. Ez dakizu inguruan kiribiltzen zaizun ahots hori den, gitarrak eta baxuak elkarri begiratzean sortzen duten zarata ederra edo bateriaren indar amaigabea. Ez zenuke jakinen esaten ea horregatik den. Eta hori baino askoz gehiago dela badakizu. Belakok maitemindurik uzten zaitu oholtza baten gainean ikusten dituzun bakoitzean. Ezin duzu ekidin haiei begira ateratzen zaizun begirada tonto hori. Kontzertua amaituta berdin jarraitzen duzu. Ez da seinale txarra izanen.

Hala ere, esanen zenuke Zentralekoa ez zela, akaso, plazarik errazena mungiarrentzat. Otsailean disko berria Bilbon aurkeztu zutenetik lehenengo kontzertua izan da Euskal Herrian, eta Render Me Numb, Trivial Violence jendaurrean eskaintzen daramaten erritmoa ikusita, nekaturik irits zitezkeela pentsatu duzu une batez. Baina zer da hori azkenengo urtean munduari buelta eman dion talde batentzat. Diskoko lehen abestiko –Maskenfreiheit I– esku-zartadak entzun eta indarrez hartu du eszenatokia laukoteak, kontzertuak emanen duena hasieratik jarrerarekin aurreratuz. Maskarak kanpora!

Nabari duzu publikoko jende askok abesti berriak oraindik ez dituela guztiz ezagunak, eta zertarako engainatu, zuk ere ez. Gaueko lehenengo klimaxa aurreko diskako Hegodun baleak kantarekin heldu da, eta areto guztiarekin bat mugitu duzu burua alde batetik bestera, biharko tortikulisarekin batera pare bat hego aterako zaizkizun itxaropenez. Hortik aurrera denak egin du gora, eta azkar pasa dira azken akorderarteko minutuak. Izerditan eta irribarrea ahoan agurtu dute mungiarrek publikoa, haiek ere sortzen duten magia zaratatsu hori nondik datorren jakinen ez balute bezala.

Zeharka begira zaudela, hego parea nabaritu diozu bakoitzari garondotik hurbil, apenas hauteman daitezkeen balea hego bi. Hor dago Belako, urpean geratzear zegoen hiri honetatik hegan ateratzeko prest.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude