argia.eus
INPRIMATU
Zone À Défendre
Miren Artetxe Sarasola 2018ko apirilaren 18a

Notre-Dame-des-Landes herrian, Nantesko aireportutik hogei kilometrora, beste aireportu bat eraikitzeko proiektua diseinatu zen 60ko hamarkadan. Aurkari ugari izan ditu asmoak orduz geroz –ez zen alferrik pasa 68ko maiatza laborari-lur haietatik–. Berrogei urte pasatxoko borrokaldiaren ondoren, bestelako bideak agortuta, lurrak okupatzea erabaki zuten zenbait ekintzailek orain dela hamar urte. Laborantza eremuak berrartu, bizikidetza eredu bat eraiki, lan egin, iraun.

2012an prefekturak kanporatze agindua eman zuenean ehun bat lagun bizi ziren bertan. Ez harrokeria gutxiz, Zesar izena jarri zitzaion galiarren lurretan egingo zen operazioari. Alabaina, egun bakarreko kontua behar zuenak asteak iraun zituen. Bertako eta inguruko laborariak antolatu ziren. Ehunka pertsona hurbildu oihal-etxeak hartu eta bertan instalatzera. Barrikadek eutsi zieten gas negar-eragileei eta hortik gorakoei. Eta poliziak amore eman behar izan zuen.

Urtarril honetan jakinarazi zuen Macronek aireportuaren proiektuak ez zuela zentzurik eta bertan behera utziko zutela. Ez zakurrak zahia jan, ez oiloei utzi, ordea. Idazten ari naizen unean bi mila eta bostehun polizia ari dira ZADen, gerra-gurdi blindatu eta guzti, beraiek ere ez jakin zertan.